Protokoloa
Jazarpen portaeren edozein zantzu antzemanez gero, Eusko Jaurlaritzako protokoloa abian jarriko da. Protokolo honetan ikastetxeak burutu beharreko urratsak azaltzen dira, oinarrizkoak eta nahita ez bete beharrekoak, baina ikastetxe bakoitzak egokitu edo zabaldu ahal izango du bere testuinguruaren ezaugarrietara egokituz.
Gu, KIVa ikastola garenez, protokolo hori KIVa programak ezartzen duen prozedurarekin uztartu dugu aurreko diagraman ikus daitekeen bezala.
Protokoloaren hasiera:
Ikastolak eskola-jazarpen eremukoak izan daitezkeen jarrerak ikusi edo jakin dituen kasu guztietan hasiko da protokoloa:
Ikasleren batek beraren edo bere kideren baten aurkako ustezko jazarpen egoera bat dagoela adierazten duenean
Ikaslearen familiak edo legezko tutoreek hori adierazten dutenean
Beste pertsona batzuk egoera zehatz bati ohartarazi dutenean.
Ustezko jazarpen-jokabideak ikastolatik kanpo gertatzen badira ere, protokoloari hasiera emango zaio eskolako jarduerarekin kausa-ondorio harremana egon daitekeelako.
Protokoloaren garapena
Zuzendariarena da Ikastolako bizikidetzari buruzko ardura nagusia eta protokoloa erabiltzen dela bermatuko du.
KIVa taldeak gidatuko ditu ustezko jazarpen kasuei erantzuteko jarduketak eta bizikidetza positiboa eraikitzeko proposamenak egingo ditu, Bizikidetza Behatokiaren orientabideekin bat etorrita.
1. urratsa: Esku-hartzeko eskaria jazarpentzat jo daitezkeen jokabideen aurrean.
Eskola-jazarpenari lotutako jokabide edo zantzuren bat ikus edo ezagut lezakeen hezkuntza komunitateko edonork jakinarazi beharko dio KIVa taldeari, zuzendaritzari edo irakasle bati eta honek KIVa taldeari jakinarazi beharko dio.
Esku hartzeko eskaria EJ 0.eranskinean eta KIVa 1.inprimakian jasoko dira (baheketa fasea). Bertan gertatutakoaren deskripzioa, emandako informazioa eta ikaslea babesteko hartuko diren premiazko neurriak jasoko dira.
Kopia bidaliko da Hezkuntza Ikuskaritzara.
2.urratsa: Protokoloarekin jarraitzeari buruzko erabakia
Gehienez ere bost eskola eguneko epean KIVa taldeak, zuzendaritzarekin eta inplikatutako tutore-irakasleekin erabakiko du jazarpen zantzuak dauden ala ez ordura arte bildutako informazio eta datu guztiak kontuan hartuta. EJ 1.eranskina beteko da eta KIVako baheketa inprimakia amaitu.
Jazarpenik ez dagoela erabat ziur egonez gero, zehaztuko dira martxan jarriko diren hezkuntza neurriak barne araudia aplikatuz. A txostenean hala jasoko da eta Hezkuntza Ikuskaritzara bidali protokoloa amaitutzat emanez.
Jazarpen zantzuak badaude edo horiei buruzko zalantzak badaude, kasua argitzeko behaketa eta ikerketa prozesuarekin jarraituko da.
3. eta 4.urratsa: Informazioa biltzen eta aztertzen jarraitzea.
15 eskola eguneko beste epe bat irekiko da KIVa taldeak kasuaren jatorrian dauden gertakariei buruzko ebidentzia berrien bilketa egiteko, probatzeko moduko datu objektiboak.
Horrela KIVa taldeko kideak ustezko biktimarekin eta erasotzaileekin elkarrizketatuko da aurka ez egiteko metodoa erabiliz.
Lehenengo jazarritako ikaslearekin hitz egingo da konfiantzazko giroan segurtasun sentipena areagotuz ikasle horrengan eta jazarpena geldiarazteko helburua finkatuz. Informazioa eskuratuko da zer gertatu den, zenbat denboraz, ze ikasle dauden tartean eta ze ikasleek babestu lezaketen argitzeko asmoz. Kiva 2. Inprimakia beteko da (Hizketaldia biktimarekin).
Jarraipeneko bilera finkatuko da biktimarekin jazarpena gelditu dela ziurtatzeko. (KIVa 5.inprimakia).
Ondoren, egun berean eta jarraian, banakako elkarrizketak burutuko dira jazarleekin, hizketaldien artean elkarrekin hitz egiteko denbora izan ez dezaten eta bertsioak ez adosteko.
Hizketaldi hauek laburrak izan behar dira eta helburu nagusia izango da jazarria den ikaslea gaizki sentitzen dela ohartaraztea. Errua egozten ez diotela ikustean ikasleak sentitzen duen lasaituak portaera aldatzeko motibazioa emango dio eta euren portaera aldatzeko konpromiso zehatzak hartu ahalko dituzte jazarria den ikaslearen egoera hobetzeko (idatziz jasoko dira ikasle beraren sinadurarekin). KIVa 3. Inprimakia beteko da. Hurrengo jarraipen bilera finkatuko da konpromisoei eutsi dietela ziurtatzeko. KIVa 6. inprimakia
Hizketaldiaren tonuak jazarpena gaitzestekoa izan behar du eta jazarria den ikaslearekiko enpatia eta laguntzeko borondatea bultzatzekoak.
Ikasgelako tutoreak denbora tarte bat hartuko du jarrera prosoziala duten ikasleekin, jazarria den ikaslea babesteko eta jazarpen egoerekin amaitzeko.
15 eskola eguneko epe horretan, jarraipen bileretan jazarpena amaitu dela baloratzen bada, EJko A txostena beteko da egoera zuzen bideratutzat joaz eta ez da protokoloarekin jarraituko. 15 eskola eguneko epe horretan ez bada egoera bideratzea lortu EJko B txostenarekin jarraituko dugu.
Bi kasuetan, zuzenean inplikatutako ikasleen gurasoekin bilerak egingo dira aktak jasoaz ondoren helburuekin:
Hartutako neurrien berri emanez
Lan koordinatua bultzatu ikasle guztien ongizatea bilatuz.
5. urratsa: Hezkuntza neurriak Jazarpen ebidentziak jarraitzen dutenean.
A txostena igorri zenetik, 22 eskola-eguneko epea izango dugu EJko B txostena igortzeko. KIVa taldeak eskuhartze berriak abiaraziko ditu honako helburu nagusi hauekin:
Jazarpen egoeraren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
Jarduketa plan bat lantzea inplikatutako ikasleentzat eta taldearentzat.
Inplikatutako familiekin komunikazioa mantentzea.
6. urratsa: Bestelako instantziei jakinaraztea
Kasuak bereziki larriak direnean edo delitu-zantzuak daudenean, zuzendariak, Hezkuntza Ikuskaritzatik lagunduta, fiskaltzari emango dio gertakarien berri.
7. urratsa: Protokoloa amaitzea
Jazarpen egoera konpondu ez bada edo oraindik ere irauten duenaren zantzuak badaude, jarduera plana ez da etengo.
KIVa taldearen balorazioz egoera bideratuta dagoela uste bada, zuzendaritzat amaitutzat joko du prozesua eta horren berri idatziz emango die erreferentziako ikuskariari.