ZARAUTZ ELEKA

ELE DA OPARITU DIDATEN LETRA

Ele da oparitu didaten letra. Letra, elerekin hasten da. Literatura, liburu, luma edo lirika ere elerekin hasten dira. Nobela eta idazle hitzek erdialdean dute L letra. Erresiñol, odol edo guardasol bezalako hitz politek atzealdean daramate elea.

Ele da oparitu didaten letra, eta elek, letra bat izateaz gainera, esan nahi du hitza ere. Elezaku mihiluze horrek ele asko eta letxe gutxi, esaten dugu. Eta elek esan nahi du hizkuntza ere. Elebakarra esaten dugu; elebidunak esaten dugu; eleanitzak ere esaten dugu. Euskaldun gehien-gehienok elebidunak gara, baina euskara da gure elea.

Ele da oparitu didaten hitza. Eta eleka ibiltzea deitzen zaio hitzekin jolasteari. Ni ere eleka nabil ele letrarekin. Liluratuta nago, laketuta nago euskararekin, nire lanak euskara du lanabes, euskara lantzea, lurberritzea, leuntzea eta laztantzea dut lanbide, lanturik eta lotsarik gabe eta libre… 

Ele da oparitu didaten letra, eta ele bat –hizkuntza bat– lorpen sozial bat da, elkar lagundurik eta elkarrekin lan eginez lantzen den errealitate bat. Baina errealitate horrek euskal hiztunon elkartasuna eskatzen du. Letek zerbitzuko lana deitzen zion euskalgintzari, lana eta zerbitzua lotuz.

Oparitu didaten letra, ele, daramate lagun eta entzule hitzek ere. Lagun entzuleok, oparitu didaten letra eder hau eta gainerako guztiak ez dira nireak, guztionak baizik.


Anjel Lertxundi

Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia

Zarautzen, 2018ko apirilaren 22an

Ongi etorri Zarautz Eleka webgunera.

DBHko gazteen hizkuntza portaeretan eragiteko eta hizkuntza identitatean janzten laguntzeko asmoa du site honek. 

Urtez urte eta mailaz maila lantzeko proiektu bana sortu dugu Zarauzko eskolen artean, elkarlanean eta partekatzeko asmoz. Bertan aurkituko dituzue proiektua bera, proiektuak zeharkatzen dituen ikasgaientzako materialak eta bide orria. Proiektua amaitu ahala, ebaluatzeko orria ere eskuragarri izango duzue. Hortaz, proiektu bakoitzean ikasleekin lantzeko materialak sortu ditugu, baita irakaslearentzako gida orriak ere. 

Guztiak Zarautzera begira sortuak, baina guztiak ere nork bere herrira erraz moldatzeko modukoak dira.


EKARPENAK ETA IRUZKINAK. Site hauetan zehar (edozein gunetan) gainbegiratu, egokitu edo birpentsatu behar den zerbait ikusiz gero, idatzi helbide honetara: euskarazbizi.zarautz@gmail.com. Zuen aholkuak, gomendioak eta iruzkinak ongi etorriak izango dira. Jasotako ekarpenak sei hilean behin aztertuko ditugu (Hurrengo berrikusketa: 2024ko iraila).