HIZKUNTZA PORTAERA EKOLOGIKOAK
HIZKUNTZA PORTAERA EKOLOGIKOAK
Ongi etorri hizkuntza ekologia gogoetagai izango dugun gunera!
Site honetara heldu bazara... euskararekin loturaren bat duten ideiak darabiltzazu buruan, ziur. Euskararekin, eta baita gure ondare dena zaintzeko moduekin ere... Euskara altxor zaharra dela entzungo zenuen inoiz, baina zaharra dela esatean, museo batean ongi zaindutako zerbait izan daitekeela pentsa dezake batek baino gehiagok, eta oso bestelakoa da hemen topatuko duzun ideia: euskara altxor bizia delako zaindu behar dugu, ez zaharra delako, guganaino iristeko bide luzea egin duelako baizik.
Euskararen ekologista, aktibista eta ekintzaile, zaindari... Izendatzeko modu ugari aukera ditzakegu, baina, guztiek badute amankomunean zerbait: euskarak egindako bidea gurekin amai ez dadin, gure bidelagun egin behar dugu, eta euskarari eman, Etxeparek esan bezala, behar duen tornuia.
DBHko 4. mailarako proposamenak biltzen saiatu gara, baina jakin-mina pizteko baliagarri bazaizkizu, bejondeizula! Zure bidaian euskarak Artizarraren pareko lekua izan badezake, zer pentsatua emango dizuten ideia mordoxka topatuko duzu hemen. Ongi etorri!
Erronka gisa, ikasleekin ORIENTAZIO PROBA BAT egitea proposatzen dizuegu.
Hizkuntza bat ez da hitz multzo soila
Eleanitzak gara, nahiz eta maiz entzungo zenuten moduan, hizkuntzetan geroz eta maila kaxkarragoa omen dugun.
Egia da: hizkuntzek funtzio garrantzitsua dute, haiei esker komunikatzeko gaitasuna eskuratzen baitugu. Pixkanaka, ordea, komunikatzeko bide berriak ere topatu ditugu, eta, hortaz, hizkuntzak, nolabait, ezinbesteko tresnaren izaera galdu duela esan genezake. Haur txiki batek hizkuntza gaitasuna eskuratzen duen bitartean, hizkuntza bat baino handiagoa den zerbait bereganatzen al du? Ausar gaitezen pentsamendu hariak zabaltzen noberabide horretan. Hizkuntzak kodeak baitira, kode konplexu bezain aberatsak.
Artikulu honetako lehen 4 azpiatalak irakurri, ideia nagusiak atera: izenburuak dioenez, hizkuntza bat hitz multzo soil batetik haratago doa, zergatik? Zer ondoriotara heldu zarete?
Metalinguistikaren eta ekologiaren bidegurutzean
Site honetako atal desberdinetan hizkuntzarekiko hainbat kezka ikuspegi desberdinetatik jorratzeko aukera izango dugu (izan ikuspegi sozialetik, historikotik edota biologikotik, izan pertsona bakoitzaren sentimenduetatik eta atxikimenduetatik). Hizkuntzen inguruko hausnarketak justizia aldarrika dezake, baita akaso ausardia pertsonala zein politikoa ere; hizkuntzen iraganetik etorkizuna eraikitzeko ikas genezake, eta baita hizkuntza bera zaintzeko metalinguistikan sakondu ere. Azken finean, hizkuntzen inguruan hitz egiteak, batzuetan behintzat, Metalinguistika egitea dakar. Hitz potoloa, ezta? Kontsultatu hemen definizioa, eta saiatu hitz horren esanahia zehazten, eta gogoeta egin galdera honen inguruan: hizkuntzak komunikazio tresna soil al dira? Edo zerbait gehiago al dira?
Eta, galdetzen jarrita: Metalinguistika eta Ekologia kontzeptuek, zer harreman izan dezakete? Site honetan galdera asko topatuko dituzu, baina, akaso, baita erantzun batzuk ere.
IRAKASLEARENTZAKO GIDA
Sarreran aipatu bezala, DBH4ko ikasleekin lan egiteko materiala osatu dugu. Ikuspegi zabaletik eta ugarietatik euskararen mundura iristeko bideak landu ditugu, eta eskolan, nahi izanez gero, pilula txikitan banatzeko aukera ematen duen materiala sortu.
Hizkuntzen inguruko kezkak eta ardurak hizkuntza irakasleon kontu gisa bizi izan ditugu maiz, baina ikuspegi herrena da hori. Irakasle guztiak gara hizkuntza irakasle, eta, are gehiago, hizkuntza espezifikoen irakasle ere bai. Eragile izatea dagokigu, eta site honetako materiala lagungarri izatea baino ez genuke nahi. Sarrera dokumentuan sitean topatuko duzuen materiala atalez atal ikasgelako gaien arabera antolatuta duzue. Ariketa asko eta asko moldagarriak direla ikusiko duzue, proiektu bizi-bizia izatea da asmoa, nork bere egokitzapenak eginda.
IKASGAIAK. Biologia, euskara, etika/erlijioa, gizarte, ingelesa, frantsesa, matematika, enpresa, tutoretza.