Sorkuntza-prozesua
Literatura, Haur Hezkuntzarako baliabide bikaina izan daiteke. Istorio baten kontaketaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain, gogoeta egitera, ikastera eta bertan gertatzen denarekin identifikatuta sentitzera eraman gaitzake. Baina, edozein lanetan bezala, horren atzetik dagoen prozesua erabateko garrantzia du, zehazki, sorkuntza-prozesuaz ari gara.
Etorkizuneko irakasleak bezala, beste irakasleen esperientziak eta aholkuak entzutea ezinbestekoa zaigu, ikuspuntu ezberdinak ezagutuz eta gure irakaskuntza-lanean lagungarriak izan daitezkeenak. Horregatik, Haur Hezkuntzako Graduan zehar gure irakasle izan diren Txabi eta Edu jakitunen hitzak entzuteko aukera paregabea izan dugu, elkarri hainbat ipuin sortu eta argitaratu dituztenak. Argi eta garbi, haien hitzaldiak, umeentzako material erakargarriak prestatzeko hainbat tresna eskaini dizkigu.
Lehenik eta behin, edozein sorkuntza-prozesuaren aurretik, hasierako puntu bat egon behar da. Hau da, horri ekiteko, abiapuntu bat oinarritzat hartu behar dugu. Batzuetan, hori aurkitzea zaila egiten zaigu. Baina, aipatutako adituek esan bezala, giltzarria inspirazioa da, eta non dago hori? Inspirazioa edozein lekutan eta unean aurkitu dezakegu. Azken finean, ez dugu beharrez zerbait zehatza bilatu behar, baizik eta gure egunerokotasuneko edozein elementu edota ezaugarri erabilita, gure “istorioa” eraiki dezakegu. Hori izanda, prozesuari ekiten zaio.
Sorkuntza-prozesuan zehar, aldaketa ugari eman daitezke. Hasierako ideia erabat aldatu daiteke, edota hasierako horri jarraituz, lehenengo unetik pentsatuta ez geneukan hainbat elementu eta ezaugarri gehitu ditzakegu. Horrek, egokitzen jakitearen garrantzia garatzen lagundu ahal digu, hezkuntzan ezinbestekoa dena; izan ere, gure eta ikasleen beharretara moldatzeko gai izatea eta hori modu eraginkor batean egitea, ez da bide erraza. Jakintasun hori, esperientziari esker bereganatzen dugula argi daukagu, sorkuntza-prozesuaz eta praktikara eramaterakoan jasotako erantzunez eskuratzen dena.
Baina, sortzen dugun hori, haurren arreta deitu eta ezagutzeko grina piztu behar die; haien esperientziak, beharrak eta interesak kontuan hartuz, zerbait iradokitzen dien, gogoeta egitera eta askotan ahazten dugun gozamena bizitzera eramaten dituen baliabidea eskaini behar diegu.
Askotan, zoritxarrez, eskaintzen dieguna helburu didaktiko zehatz batekin egiten dugu, eta, egia da didaktika behar dela, baina horren gehiegikeriaren ondorioz, disfrutatzeaz ahazten gara. Eta disfrutatzeak, ikasketa bat izan daiteke ere bai, gozamenean bizi diren sentsazioak, sentimenduak eta emozioak kudeatzen eta ezagutzen erakusten digularik.
Azken finean, gure Txabik eta Eduk (2022) esan bezala, gaur egun, zenbat liburuekin barre egiten dute haurrek? Kasu honetan, liburuak aipatu dira, haien lan literarioak erakutsi baitzituzten, baina, umeei eskaintzen diegun edozein materialaren inguruan galdera berdina egin diezaiokegu gure buruari.