Euskararen aldeko herriBiltzaren ekintzen kronologia
2024/05/17
Frantses Estatuko agintariek euskara zapaltzen dute.
Bernat Etxepare lizeoko ikasleek, zapalkuntza hori ez dugula onartu behar diote, eta zapalkuntza horren parean euskal herriak bere hizkuntza babestu behar duela aldarrikatzen dute.
Ikasle hauek joan den ostiralean burutu zuten mobilizazio egunarekin Herribiltzako kideok bat egin ginuen, eta arrastirian, Ipar eta Hego Euskal Herriko bost euskaltzaleek ekintza bat burutu ginuen. Baionako Suprefeturaren horman, frantses Estatuko agintariei zuzendutako mezua idatzi ginuen: “Geldi euskara zapaltzea”.
Beranduago, Baionako Herriko Etxearen ondoan, poliziek, ekintza horretan parte hartu zuen Gorka Roca Torre atxilotu zuten eta Baionako komisaldegira eraman zuten. 24 orduz bertan atxiki ondoren larunbat arrastirian askatu zuten.
Larunbat goizean, Baionako suprefeta bera komisaldegira plenta pausatzera joan zen.
Hori dela eta, Gorka auziperatu dute eta irailaren 10ean Baionan epaituko dute.
Atxiloketa eta epaiketa bidegabe hauek salatzen ditugu. Bestalde, poliziek, ekintzan erabili ditugun tindu Spray-ak lapurtu dizkigutela salatu nahi dugu ere. Berri batzu eskuratuko ditugu eta ikasleekin batera “Geldi euskara zapaltzea” frantses Estatuko agintariei adierazten segituko dugu.
2024.04.22
Joan den urriaren 6an (ikus azpian), tindaketa baten bidez, Nafarroa Behereako Larzabaleko Hilarri Biribilen Interpretazio Zentroaren seinaletikan lehentasuna euskarari eman genion.
Botere publikoek tindaketa hori aski fite ezabatu zuten, segurazki ez zelako aski polita. Horregatik, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatutako Euskaldunon Harrotze Astearen karietara, tindaketa berriz egin dugu, ederrago!!!
Hona ekintza honen arrazoia:
Euskara desagertzeko bidean da
Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, Larzabaleko Hilarri Biribilen Interpretazio Zentro honetan bezala.
Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !
Euskaltzaleak euskararen alde harrotzera gomitatzen ditugu!!
2024/04/09
1) Martxoaren 26ko auziari dei egin diogu.
2) Euskal Herrian euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua dela salatzeagatik, 500 € ordaintzera zigortu gintuzten; bada jada 500 € baino gehiagoko laguntza eskuratu dugu euskaltzaleengandik, eta erran ginuen bezala, diru hori ez dugu isuna ordaintzeko erabiliko, baizik eta lehentasunez euskaraz aritzea eskatzeko ekintzekin segitzeko.
3) Ekintzekin segitzen dugu beraz; auziaren ondotik bi berri egin ditugu: Donapaleuko eta Mauleko ospitaleen hormetan egindako tindaketekin, euskarari dagokion tokia eman diogu.
4) Astelehen honetako bilkuran, Euskararen Erakunde Publikoak ez duela euskararen sustatzeko hizkuntza politikaren aurrekondua emendatu gogor salatzen dugu. Berriz ere, Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau administrazioek (frantziar Estatua, Akitania Berria Eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Euskal Hirigune Elkargoa), euskarari lehentasuna ematen ez diotela agerian uzten dute eta euskara heriotzera kondenatzen dute. Horregatik euskal herriak Estatu independente bat eraiki behar du.
5) Euskal Herrian Euskaraz taldeak apirilaren 22tik 28ra antolatzen duen “Harrotze astea”-n esku hartzera euskaltzaleak deitzen ditugu.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz!
Ekin eta bultza!
2024/03/26
Euskara lehentasunez erabiltzearen aldeko ekintzen epaiketa
2023ko irailaren 21 eta 27an burutu genituen bi ekintzetan esku hartzeagatik, Gorka Roca Torre Baionako epaitegian gaur epaitu dute: euskaraz deklaratzea ukatu diote, eta 500€-ko isuna ordaintzera eta gibelapenezko hilabete bateko kartzelara kondenatu dute. Euskaraz deklaratzea ukatu diotenez, Gorkak frantsesez deklaratzea ukatu du, bere abokatuari defentsa frantsesez ez egitea eskatu dio eta epaiketa hasi aitzin epaitegitik atera da.
Epaiketa honek, frantziar Estatuaren egiazko izaera agerian uzten du: euskararen zapaltzailea da, eta bere epaitegi antidemokratikoek ez dute justizia bermatzen, baizik eta injustizia. Euskararentzat, eta oro har justiziarentzat, euskal herriak independentzia eraiki behar du.
Isuna ez ordaintzea erabaki dugu. Hala ere, diru bilketa abiatzen dugu, abokatua ordaintzeko eta “Lehentasunez euskaraz” kanpainaren gastuak estaltzeko. Horretarako, euskaltzaleei laguntza eskatzen dizuegu. Zuen auzo, herri, hiri edo eskualdeetan, “Lehentasunez euskaraz” kanpaina sustengatzeko ekitaldi bat antolatzera animatzen zaituztegu: bertso bazkari edo afari, kantaldi, hitzaldi, kontzertu... Ekitaldia diru bilketa egiteko eta euskararen aldeko borroka sustatzeko aukera litzateke. Eta erran bezala, bildutako diruarekin ez dugu isuna ordainduko, aldiz euskara zapaldua den toki orotan “Lehentasunez euskaraz” idazteko tindua erosiko dugu!
Hemen doa epaiketa denboran epaitegi aitzinean egin dugun hitz hartzea.
Auziperatzen gaituzte euskararen zapalkuntza salatzen dugulako, baina auzitegiak berak euskara zapaltzen du. Auzi honetan euskaraz deklaratzea ukatu digute; ondorioz frantsesez deklaratzea ukatu dugu, gure abokatuari gure defentsa frantsesez ez egitea eskatu diogu eta epaiketa hasi aitzin epaitegitik atera gira.
Epaitegi honek ez du justizia bermatzen, injustizia bermatzen du, eta injustiziaren aitzinean intsumisiorako deia zabaldu nahi dugu.
Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua izaitea ez dugu onartu behar. Euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua den toki guzietan, jarrera intsumitua ukan behar dugu, eta euskara lehentasunez erabiltzearen alde borrokatu behar gira.
Duela 44 urte, martxoaren 26 batez, Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz Iparretarrak erakundeko militanteak Baionan hil ziren. Duela 39 urte xuxen, GALek Ziburun Ramon Basañez Jauregi eta Jose Luis Calderon euskal errefuxiatu politikoak tiroz zauritu zituen. Besteak beste euskararen alde borrokatzen ziren militante hauek omendu nahi ditugu gaur, eta haien heriotzen edo zauritzeen arduradun nagusiak, espainiar eta frantziar Estatuko orduko agintariak direla gogoratu nahi dugu.
Martxoaren 26 batez ere, beste gertakari garrantzitsu bat izan zen. 1871an, Pariseko Komunaren gobernua hauteskundeen bidez hautatu zuten. Langile gobernu hau, egiazko demokrazia baterantz urrats historikoa izan zen. Horregatik, egiazko demokraziaren aurkako botereek ez zuten onartu eta 20 000 iraultzaile baino gehiago masakratu zituzten. Ondotik indarrean ezarri zituzten epaitegi antidemokratikoek, milaka iraultzaile deportaziora edo presondegira kondenatu zituzten, tartean 25 euskaldun, IEHko 24 eta HEH 1, Martin Arbezu. Iraultzaile guzi horiek ere omendu nahi ditugu gaur.
Eta gaurko epaitegi hauek, garai hartakoen ondokoak dira, antidemokratikoak. Demokratikoak balira, epaitegi herritarrak liratezke eta Euskal Herrian epaiketak euskaraz egingo liratezke.
Baina Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, eta ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar baidu.
Ipar Euskal Herriko ospitaleen kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, seinaletiketan lehentasuna euskarari eman genion, ospitaleetan, beste toki gehienetan bezala, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua delako. Ospitaleetan euskarak presentzia badu, baina presentzia txikia, oso txikia. Holako presentzia txikiarekin euskara hiltzen ari da. Euskarari dagokionez, frantziar estatuko agintariek Euskal Herrian bake soziala merke erosi dute; euskararentzat purruskak emaiten dizkigute eta horrekin lokartzen gira.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, Euskal Herriko herritar eta eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu, erran nahi baita lehenik eta gehienik euskaraz aritzea.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !
Gora Euskal Herri euskalduna!
Gora Euskal Herria askatuta!
Herribiltza
2024.03.26
2024/01/31 eta 2024/03/12
Kanpoko hormetan egindako tindaketen bidez, Donibane Lohizuneko eta Baionako ospitaleetako seinaletiketan lehentasuna euskarari eman diogu.
Horra ekintza hauek zergatik burutu ditugun:
Euskara desagertzeko bidean da
Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, adibidez ospitale hauetan. Ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du.
Euskara, gainerateko hizkuntza guziekin, munduko ondare kulturala da, baina Frantziar eta espainiar estatuen agintariek, euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako,
Euskal Herriko eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !
2023/10/23
Ospitalepeako elizaren, Donibane Garaziko Jondoni Jakobe Atearen eta Baionako katedralaren hormetatik UNESCOren izendapen plakak kendu ditugu eta besteak beste ondokoa dion agiria argitaratu dugu:
(...) UNESCOrentzat, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearentzat, munduko ondare kulturala babestea funtsezkoa da, eta UNESCOk gaur egun aniztasun kulturala erasotua dela salatzen du.
Gure ustez, euskara da Euskal Herriko munduko ondare kultural garrantzitsuena.
Frantziar eta espainiar estatuen agintariek, UNESCOren helburuen aurka egiten dute: euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira. Duela urte batzu estatu hauek Ospitalepeako eliza, Donibane Garaziko Jondoni Jakobe Atea, Baionako katedrala eta Portugaleteko Bizkaia Zubia, munduko ondare kulturalaren zerrendan sartu izana, ber unean euskara desagertzeko bidean ezartzen segituz, zentzugabea da. Euskara babestua ez den bitartean, Euskal Herriko ondare kultural materiala babestea zentzugabea da. Ondorioz, joan de otsailean hori Portugaleteko Bizkaia Zubiaren ondoan salatu ondoren, joan den astean Ospitalepeako elizaren, Donibane Garaziko Jondoni Jakobe Atearen eta Baionako katedralaren hormetatik UNESCOren izendapen plakak kendu ginituen.
2023/10/06
Horman egindako tindaketa baten bidez, Larzabaleko Hilarri Biribilen Interpretazio Zentroaren seinaletikan lehentasuna euskarari eman diogu.
2023/09/27
Kanpoko horman egindako tindaketa baten bidez, Euskal Kostaldeko Ospitale Zentroaren menpe den Haurraren eta Nerabearen Garaziko Zentro Mediko Psikologikoko seinaletikan lehentasuna euskarari eman diogu, Garaziko Osasun Erakunde Publikoan aitzineko astean egin ginuen bezala.
2023/09/21
Kanpoko horman egindako tindaketa baten bidez, Garaziko Osasun Erakunde Publikoko seinaletikan lehentasuna euskarari eman diogu eta agiri hau zabaldu dugu:
Euskara desagertzeko bidean da
Azken hamarkadetan, hainbat euskaldunek, frantziar eta espainiar estatuen instituzio politiko guzietan esku hartu dugu, Herriko Etxe eta Udaletatik Senatuetaraino. Bertan, euskararen egoeraren hobetzearen alde jardun dugu. Gauza batzuetan hobekuntzak lortu ditugu, baina ez funtsezkoenetan. Funtsezkoenetan ez lortzearen arrazoiak bi dira.
Lehena: frantziar eta espainiar estatuen konstituzioek, estatu hauen instituzio politikoen bidez euskararen biziraupena bermatzea ezinezkoa egiten digute.
Bigarren arrazoia: frantziar eta espainiar estatuen agintariek, konstituzio bidegabe hauek funtsean aldatzea euskaldunoi oso zaila egiten digute eta armen bidez inposatzen dizkigute.
Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, Garaziko Osasun Erakunde Publiko honetan bezala. Ondorioz, zortzi herritarretatik bakarrik batek euskaraz hitz egiten du, eta Ipar Euskal Herrian euskararen karrikako erabilpena apaltzen ari da. Dagoen egoeran euskara desagertzeko bidean da, zeren hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du.
Euskara, gainerateko hizkuntza guziekin, munduko ondare kulturala da. Euskara, frantsesa, gaztelera eta munduko gainerateko hizkuntza guziak maite ditugu.
UNESCOk, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, munduko ondare kulturala babestea funtsezkoa dela dio, eta gaur egun aniztasun kulturala erasotua dela dio.
Frantziar eta espainiar estatuen agintariek, UNESCOren helburuen aurka egiten dute: euskara erasotzen dute eta hiltzen ari dira.
Horregatik, gaur, UNESCO-ko kideok, Garaziko Osasun Erakunde Publikoko seinaletikan lehentasuna euskarari eman diogu.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu, hau da, gure eguneroko aktibitate guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan nahi dugu. Horretarako, mundu osoari “Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !” aldarrikapena gauzatzeko laguntza eskatzen diogu, eta Euskal Herriko eragile guziei, lehentasunez euskaraz aritzea eskatzen diegu.
Euskal Herrian lehentasunez euskaraz !
UNESCO