BIZIren liburuaren kritika 2024/04

Bizi mugimenduaren ideologiak euskal herria desagerrarazten du eta milioidunak atxikitzen ditu

Bizi-ren “Euskal Herria Burujabe. Denon mundua eskuetan berriz har dezagun” liburuaren kritika



Bizi-k, liburu honen aitzineko bertsioari egin genizkion kritiken ondorioz (ikus: https://sites.google.com/view/herribiltza-web-orria/hasiera/bizi-mugimenduari-kritikak ), idatzi zituen ideia oker batzu kendu ditu. Baina gure iritziz, bertsio berri honetan, ez da bilakaera ideologiko egokirik, eta agertzen den ideia berri ainitzekin ez gira ados. Liburu honetan aurkezten den ideologiak, euskal herriaren burujabetasunera ez daramala pentsatzen dugu, ez eta denon mundua eskuetan berriz hartzearen helburura ere.



Bizi-k euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen du

Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena” errepika goraipatzen du Bizi-k, eta “euskararen erabilpena garatzea” proposatzen du, “Euskal Herriaren ezin preziatuzko aberastasun kolektiboa baita”. Baina Bizi-k lehentasunez frantsesez komunikatzen du, eta euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzen du. Adibidez, liburu hau lehenik frantsesez argitaratu du eta hainbat aste beranduago euskaraz. Alta, hizkuntza batek, bizitzeko, lurralde bat nun herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren behar du.


Bizi-ren ideologiak euskal herria desagerrarazten du

Egin genion kritikaren ondorioz, Bizi-k, liburu berri honetan, batzuetan, elikadura eta energia burujabetza nozioari bere egiazko erranahia, erranahi politikoa, emaiten dio, hau da arlo hauetan “hautatu ahal izatea”. Baina beste batzuetan, adibidez Goiener, EHLG eta Euskal Herria aipatzerakoan, elikadura eta energia burujabetza nozioari erranahi okerra emaiten dio, hau da erranahi soilik ekonomikoa. Kasu hauetan, elikadura eta energia buruaskitasuna nozioa erabili behar luke.

Gainera, burujabetza hitzari egiazko erranahi politikoa eman ondoren, Bizi-k politikoaren eta ekonomikoaren artean berriz ere nahasmena eragiten du, burujabetza energetikoa ez dela “independentzia energetikoaren kontzeptuaren parekoa, erabateko autonomiaren zentzuan harturik” adieraziz. Aurkakoa pentsatzen dugu, alegia burujabetza independentzia dela, erabateko autonomia dela, erabakitzeko posibilitatea dela. Autonomiak eta independentziak erranahi politikoa dute, herri guzientzat, eta bereziki beren autonomiaz eta independentziaz desjabetu dituzten gurea bezalako herrientzat.


Demokraziaren oinarria: herria. Euskal Herriko biztanleek zehaztuko dute beren etorkizuna”, dio Bizi-k. Mugimendu honek demokraziaz hitz egiten du, herriaz, Euskal Herriaz, Euskal Herriko biztanleez, baina ez euskal herriaz, ez euskal populuaz. Bere liburuaren azpititulua, “Euskal Herri burujabe” da, “Pays Basque souverain”, eta ez euskal populu burujabe. Euskal Herria hitzak erabiltzen dituelarik, lurraldea izendatzeko da; alta, Euskal Herriak bereziki euskal populua erran nahi du. Horrela, Bizi-k, “lurralde burujabe”-az hitz egiten du, eta ez euskal populu burujabeaz.


Bizi-k liburu honetan aurkezten duen eta jendartean hedatzen duen ideologiarekin, euskal herria desagertzen da. Frantziar eta espainiar agintariek beren helburua lortzen dute: euskaldun batzuek ez dute gehiago euskal populuaz hitz egiten, baizik eta “Pays Basque”-etaz, eta frantziar eta espainiar demokrazia faltsuetan parte hartzen dute.


Bizi-k Euskal Herria Burujabe kontzeptuaz egiten duen erabilpena ez da zuzena eta ez da abertzalea, abertzaletasuna euskal herri independentea nozioan oinarritzen baita. Gure ustez, Bizi-k, bere mugimendura abertzaleak erakartzeko bere buruari itxura abertzalea emaiten dio. Klimarentzat! Hain zuzen, Bizi-rentzat, gizateriaren arazo nagusia klima da, “gainerateko guzia horren menpe da”.


Horrela, Bizi-ren iritziz, “Iparraldeko biztanleriaren handitzearekin (3 000 pertsona gehiago urtero, gehienbat itsasbazter inguruetan), apusturik nagusienetarikoa behar diren bizitegien aurkitzea da lurrak gehiago artifizializatu gabe”. Bizi-rentzat, erdaldunen etorrera masiboak sortzen duen arazo nagusienetarikoa, laborantzako lurren desagertzea da; guretzat, lur horietan bizitzen den herriaren desagertzea arazo nagusienetarikoa da ere.

2026 urtean, Ipar Euskal Herrian 14 000 etxe hutsak izanen direla aurreikusten da. Etxe hauek beteak izanen direlarik, Bouygues eta antzekoekin batera Bizi ikusiko ote dugu Euskal Herriko bizitegi eraikin guzietan estaia batzuen gehitzeko eko-eraikuntza egitasmo bat bultzatzen?


Bizi-k Estatu oligarkikoaren instituzioekin kolaboratzen du

Europar instituzio politikoek eta frantziar eta espainiar Estatuetakoek, ez dute ibilmolde egiazki demokratikoa. Bizi-k ez du hori salatzen, aurkakoa egiten du, europar legedia eta legebiltzarra goraipatzen ditu. Mugimendu horrek frantses Konstituzioan aldaketak nahi ditu, frantses Estatuaren agintariek Konstituzio bidegabe horretan oinarrizko aldaketak egitea oso oso zaila egiten dutela erran gabe, eta Konstituzio hori armen bidez herriari inposatzen diotela adierazi gabe. Bizi-k etxebizitzarentzat frantses legediaren aldaketak goraipatzen ditu ere, eta arlo horretan berri batzu proposatzen ditu, baita elikaduraren arloan, sistema parlamentarioaren izaera ez demokratikoa salatu gabe.


Ildo beretik, frantziar eta espainiar Estatuen Euskal Herriko erakunde politikoetaz hitz egiterakoan (Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskal Hirigune Elkargoa), Bizi-k “gure erakundeak” erraten du, Euskal Hirigune Elkargoa eta udalerriak goraipatzen ditu, eta ez du erakunde guzi hauen ibilmolde ez demokratikoa kritikatzen.


Bizi-ren jarduera, Estatu oligarkikoaren erakundeekin kolaboratzean datza bereziki. Hain zuzen, Bizi-ren ustez:

- “laborantza politika egokiago baten eraikitzeko gure erakundeak akuilatu behar ditugu”;

- “ekintzaileen eta elkarteen ekimenek bidea irekitzen dute, bigarren etapa batean erakundeek ardura har dezaten”;

- “gure erakundeak lurraldearen antolaketaren birmoldaketaren zerbitzura jarri behar dira, mugikortasun beharrak modu zorrotzean murrizteko”;

- “erakundeek herritarren ekimenekin batera lan egin behar dute auto-partekatzearen alde”;

- trantsizio energetikoarentzat, “biztanleen eta kolektibitateen parte-hartze zuzena erabakietan ahalbidetuko duen herritarren energia bat eraiki behar da”.


Biztanleek erabakietan zuzenki parte hartzen badute, ez du iñolako zentzurik kolektibitateek ere parte har dezaten! Horiek hola, ez dugu ulertzen zer erran nahi duen Bizi-rentzat:

- “biztanleen parte-hartze zuzena erabakietan”;

- “herritarren parte-hartzea apustu energetikoak berriz gureganatzeko”;

- “parte-hartzearen kultura gure bizi-baldintzetan eragina duten erabaki kolektiboak hartzeko”.


Batzuetan, Bizi-k “parte-hartzearen kultura” nozioa tokiko autogobernuari lotzen dio, historikoki Euskal Herrian autogobernua egon dela gogoratuz. Gainera, liburuaren aitzineko bertsioan bezala, “gure beharrak ahal bezain hurbiletik asetzeko ahalmen urria dugu, neurri handi batean gutarik urrun hartuak diren erabakien menpe garelako, askotan gure beharretarako egokia izan gabe” dio Bizi-k. Iritzi honekin bat gatoz. Mugimendu horrek berriz dio ere, “herritarrak beren bizi-baldintzez jabetzen laguntzeko eta herritarren beharretatik hurbilen den kudeaketa egiteko, zein tresna eta instituzio?” galderari buruz gogoeta abiatzen duela liburu honetan. Baina abiatutako gogoeta hemen gelditzen da. Bizi-k bere liburuaz dio: “lan honetan, ez gara entseatzen gure lurraldea nolako instituzioez hornitu behar den zehaztera, herriak gai hortaz jabetu behar duelako”. Erraten ginuen bezala, ez dugu ulertzen zergatik Bizi gai batzuetaz jabetzen den eta ez beste batzuetaz.

Bizi-k dio bigarren arrazoi batengatik ere gai honetaz ez dela jabetzen: Euskal Herriko zazpi lurraldeen artean “XX. mende hasieran oraino bizirik zeuden lotura sozial eta kultural ainitz” berriz eraikiak izanen direlarik, “orduan eztabaidatuko dugu gure lurraldea barne hartu behar duten instituzio motez”. Gure iritziz bigarren arrazoi hori ere ez da zuzena:

- zazpi lurraldeen artean gaur egun diren lotura sozio-kulturalekin horrelako eztabaida bat arazorik gabe abiatzen ahal ginukeelako;

- zazpi lurraldeen mailako instituzioen eraikuntzak lotura sozio-kulturalak eraikiko lituzkeelako.

Gainera, Bizi kontraerranean da, zeren hala ere gai horretaz pixka bat jabetzen da, baina tamalez “udalerrien konfederazio” bat proposatuz, hau da, frantziar eta espainiar Estatuen erakundeetatik eraikitzen den erakunde bat.


Autonomia gehiago ez da berezko helburu bat, biztanleak ez badira erabakietan parte-hartzaile sentitzen, edo hautetsien bidez ez badira behar bezala ordezkatuak” dio Bizi-k. Bizi-k beraz, “demokrazia” errepresentatiboaren eta parte hartzailearen kontzeptuekin bat egiten segitzen du. Alta, kontzeptu engainatzaileak dira hauek, herriak erabakitzen duela sinestarazten dutelako, herria burujabea dela, baina ez da burujabe, ordezkatua delako.


Aldiz, Bizi-ren ideia honekin bat gatoz: “erabaki horiek demokratikoak izan daitezen, nahitaezkoa izango da borondate kolektiboa erabaki bihurtzea eta borondate hori ahalik eta molde zintzoenean bermatzen duten praktikak finkatzea. Horrek erran nahi du adostasunaren ikuspegia lehenetsiko zaiola gehiengoaren ikuspegiari”. Praktikan ezartzea falta da.


Aitzineko bertsioan, “elite ekonomiko arras murriz batek boterea bereganatzen duela” salatzen zuen Bizi-k zuzenki. Baina hori, Bizi-k Estatu oligarkikoaren instituzio politikoekin egiten duen kolaborazioarekin kontraerranean zen. Bertsio berrian salaketa hori desagertu da, ez ordea kolaborazioa.


Bizi ekologista?

Bizi-k “pertsonak eta ekosistemak prekarizatuko ez dituen janari ekoizpena” nahi du, baina ez du aipatzen, ekoizpen hori ahalbidetzeko, makinak eraiki eta erabili behar direla, eta eraikuntza eta erabilpen horien ondorio sozialak eta ekologikoak oso kaltegarriak direla. Adibidez, laborari batek, iñor zuzenki esplotatu gabe eta pestizidarik erabili gabe, gari biologikoa ekoizten ahal du, baina ekoizpen horretarako erabiltzen duen traktorearen eraikuntzak eta erabilpenak, langile esplotazio bortitza eta ingurumenaren kutsatze haundia eragiten ditu. Gauza bera eragiten dute ogi biologikoa ekoizten duen okinaren makinek eta kantina biologikoenek. Pestiziden erabilpena baino askoz arazo larriagoa da makinen ekoizpena eta erabilpena. Ez du kentzen pestiziden erabilpena ere arazo larria dela.


Ildo beretik, Bizi-k “trantsizio elektrikoa lagundu” nahi du, bereziki “karbono gabeko garraiobideetara trantsizioa”, baina ez du egiten nuklearra ez den argindarraren ekoizpenaren kritika sakonik, eta garraio elektrikoak karbono gabekoak direla pentsatzera eramaiten du, arrunt faltsua dena; garraio elektrikoen ekoizpen eta berziklapen kate osoa karbonatua da.

Bizi, patinete elektrikoaren erabilpena goraipatzeraino doa, giza energiarekin aktibatua den patinete ez elektrikoa ahantziz.


Hiria erakargarri bilakarazi” nahi du Bizi-k. Gure ustez, lehenbailehen baserri aldea erakargarri bilakarazi behar da, hirietatik atera behar da eta masiboki lurrera itzultzea ahalbidetu behar da. Norabide horretan doan proposamen bat badu hala ere Bizi-k: “ezinbestekoa da laborari gehiagoren plantatzea eta haientzako lan baldintza duinak bermatzea”. Baina Bizi-ko militante gehienak ez direnez laborariak, mugimendu horrek proposamen hori kudeatzaile pentsaerarekin egiten du; laborariak kudeatu behar diren pertsona batzu bezala ikusten ditu. Gure ustez:

- herritar guziek lurra erabiltzeko posibilitate berdina ukan behar lukete;

- hiritar ainitzek lurrera itzultzeari buruz sakonki gogoetatu behar luke;

- laborariek beren lanaren emaitzaren bilakaeraz libreki erabakitzeko posibilitatea ukan behar lukete, eskuak merkatuari lotuak izan gabe.

Hiria, erabateko menpekotasuna da, besteak beste norbera berotzeko eta elikatzeko; eta menpekotasunak kutsadura eragiten du, bereziki beroketa klimatikoaren jatorrian dena.


Bizi-k ez ditu aberatsak kezkatzen eta kapitalismo berdea bultzatzen du

Bat gatoz Bizi-ren ondoko salaketarekin eta bi ideiekin:

- “bizitzeko eskubidea ukaiteko, merkatuarentzat balioa duen zerbait ekoiztu behar da”;

- “merkantilizaziotik pixkanaka ateratzeko bidean ezarri”;

- “zerbitzuak eta gauzak dohainik emateko ohiturak berriz indartu”.

Baina konkretura pasatzerakoan, Bizi-k egiten dituen proposamenak erabat merkatuaren baitan egoiten dira, nagusiki zerga batzuetara mugatzen direlako:

- klimarendako zergak, “Euskal Herriko hiru administrazio-erakundeetan”;

- “udalen arteko garapenerako banku bat sortzea, tokiko zergen bidez finantzatuko litzatekeena”;

- jarduera kutsagarriak zergapetu;

- “bigarren egoitzak zergapetu, haien ugaritzea oztopatzeko tasa etsigarriak erabiliz” (alta, Bizi-k, “bigarren bizitegien gaineko zergetan ezarri gainkargak, % 60ko mailara igorik ere, ez du oraingoz eraginik ukan diru ainitz dutenengan” aitortzen du);

- ura eta argindarraren prezioak, erabilpenari egokitzea: “zergatik erabili behar da prezio bera familiako etxebizitza bat berotzeko erabiltzen den argindarra eta igerileku pribatu bateko ura berotzeko xahutzen dena ordaintzeko?” galdera pausatzen du Bizi-k;

- “luxuzko kontsumoa azkarki zergapetzea” (“bere bigarren egoitzako igerilekua betetzen duen aberatsa”-ren aurka oldartzen da hemen Bizi, baina bere egoitzaren igerilekua betetzen duen euskal herritarra ez du aipatzen”);

- “urritasunarekin lotutako edozein neurri fiskalek aberatsenen alferrikako kontsumoak izan behar dituzte jomugan, lehentasunez”.


Bizi-ren proposamen hauekin, langileei lapurtutako diru ainitz dutenek lasai lo egin dezakete: zerga haundiak ordaindu beharko dituzte, baina beren luxuzko kontsumoa, beren jarduera kutsatzaileak eta beren igerilekuaren berotzea segitzen ahalko dituzte! Bizi-rekin, aberatsek injustiziak egiten trankil segi dezakete; injustizia zerga ordaindu beharko dute eta kitto!


Bestalde, ekonomia kapitalistatik datozen zerga horiek, Bizi-k, klimarentzat, kapitalismoan berriz sartu nahi ditu bereziki, zehazkiago kapitalismo berdean, adibidez “eraikinen isolazioaren sektorea lagunduz”. Pribatura berriz doan diru publikoa!


Ildo beretik, Bizi-k Euskal Herrian “116 000 lanpostu klimatiko” sortzea proposatzen du, baina ekonomia kapitalistak finantzatuak.

WWF erakundeak, “suspertze plan berde batek” sortuko lituzkeen lanpostu kopurua estimatu du. Bizi-k estimazio horiek erabiltzen ditu, baina ez du aipatzen WWF erakundea, Kongon, Baka herriaren lurretan, naturaren kontserbazio eremu bat finkatzen entseatzen ari dela, populu horren aurkako bortizkeria ikaragarria finantzatuz. Alta, Survival International erakundeak WWF-en jokamolde hori aspaldi danik salatzen du (ikus https://www.survivalinternational.fr/campagnes/genocide-vert/ ), eta Survival Bizi-ren 2023ko urriko “ekitaldi haundian” egon zen. Guretzat, WWF-en estimazioak ez dira oso fidagarriak.


Bizi-k berriz ere militanteak erakartzeko, aldi honetan altermondialistak, bere buruari itxura antikapitalista emaiten dio, baina ez du egiazko alternatiba orokor antikapitalista bat proposatzen; aurkakoa, zerga gehiago pagatzea eskatzen duten bilioidun eta milioidunekin harmonia osoan da (ikus https://reporterre.net/Fier-de-payer-ces-riches-qui-veulent-payer-plus-d-impots ).


Bizi-ren hezkuntza ez herritarra

Bizi-k hezkuntza herritarra bultzatu behar dela dio. Mugimendu horrentzat, hezkuntza herritarrak, “prekarioei eta baztertuei, mundua eta pairatzen dituzten zapalkuntza-moduak ulertzeko gakoak eman nahi dizkie”. Beste molde batez erranda, Bizi-ren iritziz, prekarioak eta baztertuak direnak ezjakinak dira, eta ondorioz, “adituen” beharra dute beren heziketarako! Ideia hau harroputza eta mesprezuzkoa da! Elitearen ideologia da! Bizi-k gutxiesten duen pertsona anitzek, segurazki Bizi-k eta bere “adituek” baino askoz hobeki ulertzen du mundua! Definizioz, hezkuntza herritarra, adituaren rolarekiko oso kritikoa da, eta mundua hobeki ulertzeko giltzak eraikitzeko gaitasuna, pertsona orok badugula goraipatzen du; hauen eraikitzeko, ezinbestekoak diren baldintza materialak eta laguntza kolektiboa beharrezkoak ditugu bakarrik.


Ildo beretik, liburuaren aitzineko bertsioan, Bizi-k herrialde “behartsuenen” hezkuntza estatala goraipatzen zuen, hezkuntza komunitario autoktonoaren kaltetan. Bertsio berri honetan, Bizi-rentzat, “emigrazio ekonomiko «hautatuak», herrialde behartsuenei, mende honetan behar diren eraldaketak bultzatu eta koordinatzeko gai litzatekeen gazteriaren parte handi bat (“la plus apte”, liburuaren frantsesezko bertsioan) kentzen die”. Bizi-k pentsatzen du herrialde “behartsuenen” gazteriaren gaitasuna neurtzeko zilegitasuna baduela. Hori harrokeria hutsa da! Aberatsen pentsaera da!


Herritarrek azterketa kritikoa egiteko duten gaitasuna, autodefentsa intelektualeko tresna garrantzitsua da hegazkin pribatuak dituzten jabeen eskuetan dauden komunikabideen aurrean” dio Bizi-k. Horretara mugatzen da Bizi-ren izpiritu kritikoa? Gure ustez, autodefentsa intelektuala, bizikleta publikoekin mugitzen diren jabeen eskuetan diren komunikabideen aurrean ere beharrezkoa da.


Bizi-ren jarduera erreformista da

Bizi-k, “ikuspegi erradikal-pragmatikoa” duen mugimendua dela erranez bere liburua hasten du. Hain erradikala nun Ipar Euskal Herrian “igerileku sare ona segurtatu” nahi duen! Zoazte edateko urik ez duten haurrei Bizi-ren erradikaltasuna esplikatzera! Erradikaltasuna, arazoen erroetara jotzea da, hau da kapitalismoaren, industrialismoaren, kolonialismoaren, egiazko demokrazia ezaren, hizkuntzen uniformizazioaren... erroetara jotzea. Bizi-k ez du hori egiten. Bizi-k erreformismoa egiten du, eta erabiltzen duen hiztegia erreformista da. Horra adibide batzu:

- Bizi-rentzat, “funtsezkoa izanen da lurraren jabego kolektiboak eraikitzea edo berreskuratzea, lurraren erabilera ez dezan espekulazioak bakarrik baldintzatu”. Espekulazio guttiago beraz, baina hala ere espekulazioa! Aberatsek espekulatzen segi dezakete, hau da, planeta eta bere biztanleak desegiten.

- Bizi-rentzat, “hegazkinez bidaiatzea trenez bidaiatzeko aukera badelarik, jokamolde arduragabe onartezina da”. Hegazkinez bidaiatzea trenez bidaiatzeko aukera ez delarik, beti jokabide arduradun onargarria da? Bizi behin eta berriz politically correct da, eta badirudi ez duela aski flygskam-ik (hegazkina hartzeko lotsa, suedieraz);

- Bizi-k, “ekonomia, norabide sozialagorantz orientatu” nahi du. Beraz, Bizi-k, ekonomiaren parte bat ez oso soziala izaitea onartzen du;

- Bizi-rentzat, “erabakitzaileen eta erabiltzaileen arteko distantzia murriztu behar da. Maizegi, bizikleta nehoiz erabiltzen ez dutenek dituzte bizikleta bideak erabakitzen”. Murriztu, ez desagerrarazi. Beste molde batez erranda, Bizi-rentzat “demokrazia” errepresentatiboa ez da arazo bat erabakitzaileak ziklistak badira;

- Bizi-k “aberastasunak hobeki banatuak izaitea” proposatzen du, ez osoki banatuak izaitea; “hain kutsatzailea eta jendartearentzat hain desegituratzailea ez den turismoa eredua” proposatzen du, baina hala ere kutsatzailea eta jendartearentzat desegituratzailea dena...


Erreformismoak, lehentasunez, indarrean den kuadro legalean jarduten du; definizioz, erreformen bidez jendarte kapitalista hobetzea du helburu, eta ez kapitalismoari egiazko alternatiba eraikitzea. Bizi-k beraz estrategia erreformista du. Bere buruari itxura erradikala emaiten dio, gazteria eraginkortasun gehiagorekin erakartzeko.


Liburu honen beste ideia frangorekin ez gira ados, baina gure aitzineko idazkietan jada kritikatu ginituen.


Gure ustez, “Denon mundua eskuetan berriz har dezagun” Bizi-ren egitasmoa ez da egingarria, lehenago ez duelako aztertzen zergatik mundua eskuetatik eskapatu zaigun. Azterketa hori, Bizi-rekin eta interesatua den ororekin egiteko prest gira.


Herribiltzako Euskal Herria Burujabe, Independentzia batzordea

2024.04.17