Ziurtagiriei buruzko informazioa, aholkularitza eta laguntza eskaintzen dizkizugu.
Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du. Izen ofiziala hauxe da: BIKAIN, Euskararen Kalitate Ziurtagiria.
Ziurtagiria eskuratu ahal izateko erakundeak ebaluazioa jaso eta gainditu behar du. Ebaluatzaileek Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertuko dituzte euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko. EMEk bi ardatz ditu, eta lehen mailako 6 elementu:
1. ARDATZA: ZERBITZU-HIZKUNTZA
1. Erakundearen irudia
2. Bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak
2. ARDATZA: LAN-HIZKUNTZA
3. Barne-komunikazioa eta lan-tresnak
4. Pertsonen kudeaketa
5. Kanpo-harremanak
6. Kudeaketa-sistema
Enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak garatzen ari direla egiaztatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriak. Horrela bada, entitate baten hizkuntza-egoera zein den ziurtatzen du.
Ehunka enpresa, saltoki eta era guztietako hainbat entitatek dagoeneko lortu eta erabiltzen dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Bezeroak euskaraz hartzea eta euskarazko kalitatezko zerbitzuak eskaintzea lehiakortasunarekin lotzen dituzten enpresak kreditatzen ditu Ziurtagiriak.
Entitate horien guztien ahalegina eta konpromisoa aitortzea du helburu nagusitzat eta balio horrexengatik jende aurrean erakusteko bereizgarria ematen die.
Ziurtagiriak euskarak lanerako balio duela adierazten du. Onurak ere ekar ditzake, hala nola: balio erantsia, entitateen lehiakortasuna areagotzea, eskariari profesionaltasunez erantzutea, gertutasuna eta konfiantza transmititzea, barrura begirako motibazioa, atxikimendua eta pertsonak asebetetzea, erantzukizun soziala, irudia hobetzea, bezeroen aurrean sinesgarritasuna… abantaila horiek guztiak ditu. Azken batean, euskara apustu estrategikoa eta berritzailea da edozein eratako entitaterentzat.