Ongi etorri Polinizatzaileen Gidara! Inoiz galdetu al diozu zeure buruari ezagutzen dituzun ezti-erleez gain, zein animaliak egiten duen polinizazioa bezalako prozesu biziki garrantzitsua? Gipuzkoako landa, baso, herri edo hirietan ikus ditzakegun polinizatzaileen gida txiki honen bidez, animalia hauen dibertsitatea aztertu ahal izango duzu. Guzti horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, hainbat faktoreren mehatxupean daude, horien artean, klima-aldaketa.
Naturazale amorratua izan, edo aldiz, polinizatzaile eta klima-aldaketaren mehatxuaren inguruko jakin min handiko pertsona bat besterik ez, gida honek polinizatzaile ezberdinak ezagutu eta horiek hobeto zaintzeko aukera eskaintzen dizu. Irten kalera eta behatu zure bizilagun polinizatzaileak! Begiratu loreen artean gidan agertzen den intsekturen bat dagoen, edo, besterik gabe, ikusi zein intsektu dabilen lorez-lore. Ziur polinizazioan lan egiten duten intsektuen aniztasunak zur eta lur utziko zaituela.