GURE EGITEKO ERA

Aldaialde Herri Eskolako Ikastetxearen Hezkuntza Proiektua, ziurrenik, ikastetxearen dokumenturik garrantzitsuena da, eskolak alderdi guztietan duen proiekzioa jasotzen baitu.

Hori dela eta, Hezkuntza Proiektuan gure haurraren ideia eta haurtzaroaren kultura nola ulertzen dugun, etapa bakoitzaren ezaugarriak zein ikasteko erak ere definitu ditugu; izan ere, aurreko ataletan azaldu den guztia gure abiapuntua da eta Aldaialdeko Hezkuntza Proiektua bilatzen dugun koherentziaren emaitza izango da.


Pentsamendua eta ekintza, banaezina

Haurren pentsamendua ekintzatik banaezina denez, ekintzetan aritzeko aukera zabal bat ematen zaie. Egin ahala pentsatzen dute, horrela eraikitzen dute ezaguera; pentsamendua jolasa da. Horregatik ikasgune ezberdinak eskaintzen ditugu, ikasleek eskaintzen ditugun materialekin jolastu ahal izateko. Baina, espazioetan aritzeak autonomia maila bat eskatzen du. Desio, gogo, nahi eta zaletasun ugari daudenez, bakoitzak aukeratuko du nora joan, norekin edota zer egitera.


Pentsamenduaren zirkulazio libreak haurraren autonomia garatzea ahalbidetzen du, eguneroko bizitzan, arazoei era natural batean aurre egiterakoan. Baina ez dugu autonomia instrumentalari soilik erreparatzen, benetako eta autonomiaz ari gara, alegia, bizitzako arazo egoerak kudeatzeko behar den autonomia horretaz. Autonomoak gara burujabetasuna dugunean, erabakiak modu kontziente batean hartzen ditugunean, egiten dugun horren zergatia eta zentzua ulertzen dugunean.


Adin nahasketa

Haurraren autonomia areagotzeaz gain; umeen arteko adin nahasketa ahalbideratzen dugu; umeen arteko harremanak eta baita ikasteko aukerak ere zabalduz. Izan ere, urte berean jaiotzeak ez du esan nahi garapen maila berdina izan behar dela. Adin ezberdinekoen artean egotean, ikasketak sendotzeko (alegia, garapen maila gorena daukanak zerbait azaltzen dionean norbaiti) edo interesa piztu berri dizun zerbaiti erantzuna emateko (behatzean asko ikasten dute, imitazioa, eredua…) aukera dago; eredu anitzak izateak ikasketa prozesua aberasten du; berdinen arteko ikasketa natural horretan aurrera egiteko. Gainera, heldu ezberdinekin harremanak izateko aukera ere baimentzen du, atxikimendu figura ezberdinak ezagutzeko, eta nork berea aukeratzeko.


Espazioa eta denbora

Espazioa hirugarren hezitzailetzat har dezakegu, funtzio hezigarria betetzeko gaitasuna baitu. Haurrek ez dute soilik hezitzaileekin edo berdinen arteko interakzioaz ikasten, espazio zehatz batek eta gehien bat honen antolakuntzak, aukera emango dio gaitasun desberdinak garatzeko, horregatik Aldaialden espazio aproposak eta aberatsak diseinatzen eta prestatzen ditugu. Haurren benetako beharrei benetako erantzuna ematen diena: haien kezka, interes, mugimendu, ekintza, une ebolutibo, pentsamendu, elkarrizketa, harreman eta hazkunderako prest daudenak, atseginak eta lasaitasuna sor dezaketenak.


Ingurune horretan, ikasgune ezberdinak eskaintzen dizkiegu, eta denek izango dute aukera ezagupen arlo ezberdinekin lotutako arazo-egoerei aurre egiteko, eta haien beharrei erantzuteko lengoai ezberdinak eskura izango dituzte, hala nola, logiko-aritmetikoak, topologikoak, geometrikoak, ahozko adierazpenekoak, hizkuntza idatzizkoak, plastikoak, fisikoak…


Mugimendu autonomoaz gain, egunean zehar beste momentu batzuk ere ezberdindu ahal ditugu: saio sistematikoak. Saio horiek lau urteko geletan martxan jartzen dira eta lehen hezkuntzan zehar garatzen eta zehazten dira. Une horietan, hezitzaileak arlo baten inguruan prestatutako jarduerak edo proposamenak eskaintzen ditu, zeintzuk azalpen, arau, arreta eta jarraipen berezia eskatzen digutenak. Era horretan, hainbat ezagutza espezifikoak bereganatzen direla ziurtatzen dugu.


Aldaialden erreferentziazko taldearekin biltzeko aukera ere badago, adibidez fruta jaterakoan edo agurra ematerakoan, taldeko elkarrizketetan … momentu guzti horiek taldearen kohesioa eta gizarteratze arauak barneratzeko aukera eskaintzen digute, taldean nola egon, txandak errespetatu, besteak entzun. Elkarbizitzaren irizpideak ezartzeko eta jorratzeko espazio pribilegiatuan bilakatuz.


Mugak ezinbestekoak

Aurretik aipatutako guztia ezin da ulertu mugak kontuan hartu gabe, eskola espazio ziurra den heinean, mugak behar dira. Eskolako edozein esparrutan, eta bizitzan, oro har oso argi izan behar dugu norbere muga bestearen eskubidea hasten denean dagoela. Askatasuna eta ardura, txanponaren bi aldeak dira, eta erabakitzerako orduan, berau betetzeko ardura eta konpromisoa dago. Egindako aukeraketa betetzea eskatzen diegu, betiere kontuan izanik umearen garapen maila eta egoera; soilik haurrek erabaki dezaketenaren gaineko erabakiak hartzen uzten ditugu. Honek guztiak ez du esan nahi mugarik ez dagoenik; kontrara, limite eta muga oso argiak ditugu, errespetuzko elkarbizitza erdigunean jartzen dugu.


Mugek ziurtasuna ematen diete, markoa egituratzen eta gizarteratzeko bidea ahalbideratzen dute. Aldaialden ezartzen ditugun mugak egituratzaileak dira; atxikimendu ziurrean eta lotura afektiboan ezartzen direnak haurraren hazkundea erraztuko dutenak. Muga horiek errespetutik ezartzen direnean, haurra ez da erosotuta sentituko, eta mugak errespetatzea izango da haurren askatasunaren oinarria, pertsona baten askatasuna eta autonomia ezin da ulertu bestearen askatasuna errespetatzen ez duen bitartean.


Segurtasun afektiboa

Argi izan behar dugu umea autonomoa izango dela seguru sentitzen denean eta segurtasun afektibo on bat bermatu zaionean. Autonomia helduok ahalbideratzen dugu, eta, eskolaren kasuan, gure esku hartzearen bitartez umeei eskaintzen diogun zerbait da, baina, prozesua beraiena izango da eta ume bakoitzak prozesu honetan bere erritmoa izango du.


“Arima letra baino lehen, bihotza adimena baino lehenago”

Maurice Martenot