b.- Lehen egunak ikasle etorri berriarekin.

IRAKASLE TUTOREEN GARRANTZIARI ETA GELAKO HARRERARI BURUZKO ORIENTABIDEAK

Tutorea erreferentziazko pertsona da, eta haren bidez garatuko dira harreman afektiboak. Harrera ona egiteko kontuan hartu beharrekoak:

1. Ikasleari eta haren familiari ematen zaion informazioa argia eta zehatza izango da, hezkuntza-helburuak eta gizarteratzeak duen garrantzia azpimarratuz.

2. Oinarrizkoa da ikasle berriaren trebetasunak erakusteko egoerak sortzea ikaskideen aurrean, haren autoestimua indartzeko eta beste ikaskideen begirunea lortzeko.

3. Komeni da gelan enbaxadore-sistema bat abian jartzea, “lagun berriak”, ikasle berriari laguntza emateko eta taldean sartzen errazteko.

4. Ikasle berria beste ikaskideek egiten ez duten jarduera bat egiten ari denean, arreta iraunkorra eman behar zaio. Ezin da bazterrean utzi gehiengoari arreta eskaintzen zaion bitartean. Egoera horiei aurre egiteko modurik onena elkarlana eta maila berekoen arteko tutoretza dira.

5. Tutoretzaren gogoetarako unean, ikasleen aurrerapausoak zein izan diren adieraziko da, eta ikaskideen laguntza zein arlotan behar duen zehaztuko da.

Gelaren harrera

Prestaera

Ahal bada, ikasle berria etorri aurretik, taldeari horren berri emango zaio, ikaskideen artean ikasle berria ezagutzeko gogoa piztuz, ikaslearen herri aldearen eta hizkuntzaren inguruko informazioa emanez, eta abar. Hori guztia balioesten lagunduko da:

1. Etorkinaren hizkuntzako hitzei buruzko galderak eginez.

2. Mapamundian jatorriko herrialdea kokatuz.

3. Ongietorriko kartela prestatuz.

4. Ongietorriko ekintzak prestatuz.

5. Pertsona edo talde enbaxadorea aukeratuz.

Antzeko esperientzia izan duten ikasleen ekarpena oso garrantzitsua da, taldeak eman dezakeen laguntza eta pertsona edo talde enbaxadorearen zereginak modu antolatuan diseinatzeko.

Egoera hori bizi izan duen inor ez badago, iritsiko den pertsonaren inguruan gogoeta eginaraziko zaio taldeari, eta bakoitzari bere burua egoera horretan koka dezan eska dakioke, pentsatuz zer gustatuko litzaiokeen jakitea edo zer beharko lukeen balizko egoera horretan. Jasotzen diren ekarpenekin, pertsona edo talde enbaxadoreen zereginak ezar daitezke.

Beste ikaskideen laguntza oinarrizkoa izan daiteke harrera arrakastatsua izan dadin. Taldeak hainbat estrategia erabil ditzake iritsi berriari hizkuntza ulertarazteko: irudiak erakustea zenbait hitz uler ditzan, astiro eta ondo ahoskatuz hitz egitea, pazientzia izatea, behin eta berriro ekitea ulertarazi arte, ez etsitzea, hizkuntza komun bat bilatzea, eta abar.

Garrantzitsua da, halaber, gelako dekorazioa erakargarria eta adierazgarria izatea, ikastetxean eta auzoan kokatzen lagunduko duten argibideak ematea, hizkuntza oinarrizkoa eta erabilgarria bereganatzen has dadin, eta gelako errutinak errazago finka ditzan.

Aurkezpena

Tutoreak du iritsi berria beste irakasleei aurkezteko eta ikastetxearen instalazioak erakusteko ardura.

Bere izenez aurkeztu behar du iritsi berria tutoreak. Izena jakin eta behar den bezala ahoskatzeko ahalegin berezia egin behar da, eta transkripzio egokia erabiliz idatzi.

Aurkezpenean pertsonaren alde positiboak nabarmendu behar dira: zer egiten dakien, zer hizkuntza dakizkien, eta abar. Ez da sekulan inor definitu behar ezagutzen ez duena nabarmenduz, harrera berdintasunean eta errespetuan egin nahi badugu behintzat.

Tutoreak egiten duen aurkezpenaz gain, kontuan hartu behar da gelako guztiak direla ezezagunak iritsi berriarentzat. Horregatik, garrantzitsua da, ikaskideak eta ikaskideen jaioterriak aurkezteko, jarduera erraz batzuk antolatzea, helburu bikoitz batekin: batetik, gelako ikaskideak ezagutzea, eta, bestetik, aurkezpen eta agurren inguruko hizkuntza praktikatzea.

Atzerriko hizkuntzak ikasteko erabiltzen diren hainbat jarduera oso erabilgarriak izan daitezke hasiera batean, eta ikastetxe osoak erabiltzeko moduan jarri beharko lirateke artxibo batean.

Gelako guztientzako ikasketa-jarduera errazak antolatu behar dira, iritsi berriak beste guztiekin batera naturaltasunez parte har dezan. Adibidez:

1. Norberari buruzko datuekin osatutako fitxa bat egitea eta gelako hormetan itsastea.

2. Bizitzako gorabeheren arabera, datu berriak gehitzea eta tarteka aldaketak kontrolatzea.

3. Bakoitzaren herria mapan kokatzea, hiriburua esatea eta ezaugarri garrantzitsu batzuk aipatzea.

4. Matematika-eragiketa errazen bat egitea hizkuntza-testuinguruaren beharrik gabe.

Eskola-materialik ez edukitzea integrazio- edo komunikazio-arazoen iturri izan ez dadin, “ongietorri” kutxa bat antolatzea komeniko litzateke, iritsi berriari eskaintzeko. Eskola-material arruntez osatutako kutxa izango litzateke: errotuladoreak, margoak, guraizeak, eta abar; hiztegia lantzeko aldizkarietako irudiak, marrazkiak, argazkiak, eta abar; matematiketan laguntzeko koloretako erregelak, erloju bat eta gorputz geometriko batzuk; gelako altzariak izendatzeko etiketak; irudi-hiztegi batzuk, eta abar. Irudietan, arraza askotako erreferentziak eta beren aurreko esperientzietako batzuk agertzea komeni da.

Taldean aisialdiko talde antolatuak badaude, hala nola urtebetetze-ospakizunak edo eskolaz kanpoko ekintzak, komeni da familia berriari parte hartzen lagunduko dion norbait egotea, topaketa informal horietan parte hartu nahi badute behintzat.

Gelaren antolaketa eta funtzionamendua

Ikasle guztiek hartu behar dute parte harreran, gelako dinamikan eragina izango duelako, eta ikasketa-esperientzia aberasgarria izango delako.

Iritsi berriaren hizkuntza ezagutzen duen ikasleren bat baldin badago, komeni da hasierako egunetan elkarrekin esertzea, gelarekin lotura errazteko, betiere inplikatutakoak ados badaude.

Era berean, epealdi laburrean eta txandaka arituz, harrera-lanak egingo dituen ikasle-talde bat ere osa daiteke.

Taldearen dinamikan sar daitezkeen jarduera orokorrago batzuk eta taldeari kultura berria ezagutzen lagunduko diotenak hauek dira:

a. Jarduerak:

1. Ikaskideen izenak idaztea bere hizkuntzan.

2. Testuak konparatzea.

3. Jokoak egitea.

4. Abestiak ikastea.

5. Musika entzutea.

6. Jakiak dastatzea.

7. Janzkerak konparatzea.

b. Antolaketa:

8. Txoko bat antolatzea hainbat herrialdetako argazkiekin, hainbat hizkuntzatako testuekin, agurrekin eta abar.

9. Lantzen ari den gaiaren inguruko edozein arlori buruzko informazioa karteletan jartzea (maiz aldatu beharko dira).

10.Gelako liburutegia: Ikasleen ama-hizkuntzetan idatzita dauden testuak daudela ziurtatzea eta jatorriko herriaren ingurukoak ere bai.

Gela lan-talde txikitan antolatzeak maila berekoen arteko elkarrekintza eta integrazioa sustatzen du. Komeni da taldeko arduren banaketan denok parte hartzea, txandaka.

Lehen egunetan, egin behar duena zehatz-mehatz azaldu behar zaio, eta ordutegi bat eman behar zaio unean-unean tokatzen dena komentatuz.

Jarraipena eta koordinazioa

Ikaslearen ikaste-prozesuaren jarraipena egiteko ardura tutoreak du.

Hartara, koordinazio-bilerak antolatu behar ditu tarteka beste irakasleekin, bai ikastetxekoekin, bai kanpoko zerbitzuetakoekin.

Bilera horien helburua prozesua balioestea eta lan-metodoak, edukiak, eta materialak eta beharrezkoak diren curriculum-egokitzapenak berraztertzea izango da.

Ekintza zehatz batzuk diseinaturik jaso nahi badituzue, hona hemen zenbait baliabide:

ZUBIRIK – ZUBI bilduma: Lehen egunetarako materialak.

VEGA MORENO, MªDEL CARMEN (2007) Planes de acogida e integración escolar y social de alumnosde minorías étnicas. Calamar Ediciones izeneko libutik ateratako proposamenak.

ELIZABETH COELHO Cómo crear un entorno de apoyo delaprendizaje lingüístico: un aulaacogedora e inclusiva.

DURANGOKO BERRITZEGUNEKO MINTEGIA. (2003)Lehen hurbilketarako estrategiak.