Laburpena

Ikaskuntza-irakaskuntza prozesu orotan eduki eta gaitasunak lantzean nahitaez erabili behar dugu hizkuntza; beraz, konpetentziak bereganatzeko eta alderdi kognitiboa garatzeko, ikasleak hizkuntza ere landu behar du derrigorrean. Izan ere, konpetentzia horiek erdiesteko eta kognitiboki garatzeko darabilgun erregistroa —CALP Cumminsen hitzetan (2005) —ez da kalean eta etxean jasotzen dugun aldaera informal hori: ezaugarri bereziak ditu. CALP delakoan mundu guztia gara ikasle, are gure ama hizkuntzan ere (Ball et al., 2015).

Hartara, erregistro hori beregainki trebatzea berebizikoa da, hizkuntzaren ikaskuntza bera ere eduki bilakatuz; haatik, horrek ez ohi du behar adina lekurik gelan. Edukiak eta gaitasunak bere horretan lantzen dira, eduki eta gaitasun horiek barneratu ahal izateko abiatzen diren prozesu kognitiboei berezko zaien hizkuntz-erregistroa kontuan izan gabe, ikasleak hori berez ikasiko duelakoan (Ball et al. 2015). Ondorioz, jakintzagai guztietan espresuki erregistro eta diskurtso akademikoa lantzen duen irakaskuntza eredu baten alde egin behar da, irakasleen kontzientzia iratzarriz batetik, eta horretarako behar diren tresna eta estrategiak gaituz bestetik, funtsean irakasle guztiak baitira, zeinahi dela euren alorra, hizkuntza irakasle ere.

Ikastaro honek proposamen horren oinarriak azalduko ditu eta ikastetxean aplikatzeko baliabideak eta esperientziak eskaini. Ikastaroa interesa duen edonori dago zabalik, bereziki maila guztietako irakasleei, zeinahi dela irakasten duten jakintzagaia eta darabilten hizkuntza.