Hizkuntza hezkuntza tresna: hizkuntza-erronka erdigunean duen eredu pedagogikorako giltzarriak (I eta II)

Laburpena

XXI mendeko gure gizarteari behar bezala erantzungo dion hezkuntza eredua eraikitzeko unean, komunikazio gaitasunak berebiziko garrantzia hartzen du. Batetik, kultura eta hizkuntza aniztasuna duintasunez barne-hartzen duen hezkuntza behar dugu, eleaniztasun gehigarria helburu. Bestetik, bizitzarako oinarrizko konpetentzien garapena xede duen hezkuntzan, maila sozial, kognitibo edota pertsonalean bitartekari nagusi dira komunikazio-prozesuak. Inguruko errealitatea zein norberaren barne-bizitza interpretatzeko, hausnartzeko, eraikitzeko eta adierazteko bidea dira askotariko lengoaiak. Hortaz, komunikatzeko konpetentzia metadiziplinarra, eskolako eragile guztion lan esparru komuna izanik, diskurtsotik kalitatezko praktikara ekartzeko garaia iritsi zaigu.

Gauzak horrela, gure eskolak, kalitatezko eredu pedagogikoa behar du, non hezkuntza-komunitateko partaide guztiok (bakoitza gure esparrutik) izango garen ikasleen hizkuntzen jabekuntza/ikaskuntza prozesuaren eragile eta erantzule. Hau da, hizkuntza-erronka erdigunean duen eskola eredua behar dugu, bere komunikazio eremu askotarikoetan hizkuntz(ar)en trataera bateratua, kontzientea eta sistematikoa bideratzen duen eskola. Eredu hori erdietsi ahal izateko, eskola barruko harremanetan, irakaste-ikaste prozesu orokorrean, zein diziplina bakoitzeko berariazko prozesuetan sortzen diren ekintza arketipikoen hizkuntza adierazleak identifikatu (hizkuntza batean zein bestetan) eta ikasleen eskura jarri beharko ditugu, haien jabekuntzarako laguntza sistematikoa eskainiz: eskaintzen dieguna ulertzeko laguntza, hori elkarrekintzan prozesatzeko laguntza eta norbere pentsamendua eta nortasuna eraikitzeko eta adierazteko laguntza.

Ikastaro honetan, aipatutako eredu pedagogikoaren marko teorikoa ezarriko da eta gela barruko irakas-ikaskuntza prozesuaren beharretan zentratuko gara, hizkuntza akademikoa garatzen laguntzeko, hau da, hizkuntza aldamiatzeko (Gibbons, 2002) prozedura eta estrategia didaktikoen adibideak eskainiz eta haien gaineko lan praktikoa eginez:

  • Irakasleek eskaintzen dugun inputa guztiontzat ulergarria egiteko estrategiak.
  • Ikasleei edukia (elkarrekintzan) prozesatzen eta pentsamendua adierazten laguntzeko estrategiak.
  • Gela barruan kalitatezko elkarrekintza eta elkarbizitza sustatzeko estrategiak.
    • Hizkuntzaren gainean hausnartzeko estrategiak.

Materialak

Itziar Elorza

Itziar Elorza

  • Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean irakaslea da Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean (EHU). Bere ikergaia hezkuntza eleaniztuna da. Unibertsitatean aritu aurretik, Ikastolen Elkartean garatu du bere Ibilbide profesionala, euskara ardaztzat duen hezkuntza eleaniztunerako proiektua (Eleanitz Proiektua) garatzen.

Estekak