Denok gara hizkuntza irakasle: mantratik haratago

Laburpena

Ikastolen hezkuntza proiektuaren bide-orria den Euskal Curriculuma konpetentzien arabera formulatuta dago; eta, horien artean, oinarrizko konpetentzia metadiziplinarrei berebiziko garrantzia ematen zaie.

Oinarrizko bost konpetentzien garapenerako hizkuntza da tresna nagusia, eta ikasarloek konpetentzia horien eremu guztiak bere baitan hartu behar dituztela kontuan izanik, diziplina arlo guztietan hizkuntzari erreparatzea ezinbestekoa da. Hori dela eta, azken urteotan, denok gara hizkuntza irakasle esaldia behin eta berriro errepikatu diogu geure buruari, mantra izatera iritsi arte. Baina nola egin mantratik haratago joateko? Nola lortu benetan ikastetxe bateko irakasle guztiok hizkuntza irakasle bilakatzea?

Galdera horiei erantzuna eman nahian ikastoletan egiten ari garen lana konpartituko dugu mintegian parte hartuko dutenekin.

Batetik, ikastoletan erabiltzen dugun EKI ikasmaterialetan hizkuntzaren lanketa nola planteatzen den azalduko dugu:

  • Zer da EKI? Euskal curriculuma Konpetentzietan oinarrituta Integrazioaren pedagogiaz.
  • Konpetentzia eta egoeren arteko uztarketa.
  • Ikaskuntzaren dimentsio soziala: lankidetzan edo elkarrekintzan oinarritutako ikasketa.
  • Hizkuntzaren lanketa eta ebaluazioa hizkuntza-arloak ez diren horietan: EKI ikasmaterialen adibide praktikoak
  • Beste arloen hizkuntz beharrak

Bestetik, 2018-2019 ikasturtean, HUHEZIren gidaritzapean, ikastoletan abian jarri dugun egitasmo baten berri emanen dugu. Egitasmo horretan, gela barruko elkarrekintzaren bitartez, hizkuntzaren erabileran zein kalitatean eragin nahi dugu. Mintegian ikastoletan landutakoa eta ateratako ondorioak mahaigaineratuko ditugu:

  • Irakasleen egunerokoak
  • Saioen grabaketak
  • Irakasleen autokonfrontazioak
  • Ikastoletako dekalogoak
  • Gela barruko erabilera neurketak
  • Ikasleen hizkuntza kalitatea ebaluatzeko probak

Materialak

Unai Arellano

Unai Arellano

  • Atzerriko Hizkuntzan magisteritza ikasketak egin zituen NUPen, baita Hizkuntzen Psikopedagogian ere, Mondragon Unibertsitatean. Ingeles irakaslea izan da Haur eta Lehen Hezkuntzan Jaso Ikastolan, baita Hezkuntza Zuzendaria ere. Egun DBHko irakaslea da eta Ikastolen Elkarteko Hizkuntz Proiektuko arduraduna Nafarroan. Nafarroako Ikastolen Elkarteko Txikiak Handi egitasmoaren arduraduna ere bada.