1-GOAZEN ESKALATZERA!

PROIEKTUAREN IZENBURUA: GOAZEN ESKALATZERA!

ADINA-MAILA: LH 6. MAILA/ DBH OSORAKO

SAIO KOPURUA: UNITATE DIDAKTIKOAK 10 SAIO 60´MINUTUKOAK DITU PRESTATUAK. HAUETAKO LAU SAIO HORNITUKO GENITUZKE LAN PROIEKTU HONEN BIT

EGILEAK: Iratxe Gutierrez, Iñigo Cañete eta Luis Larrañaga (Pizti)

SARRERA-JUSTIFIKAZIOA:

Gizartearen aldaketekin batera hezkuntza bera ere aldatzen joan da etenik gabe. Aisialdiak eta denbora libreak inoiz baino garrantzi handiago eta zentzu gehiago hartu du. Garrantzi honetaz jabeturik gaur egun indarrean dugun Hezkuntza curriculumean Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eduki bloke zehatza eskaintzen zaio: “Mugimen kultura, aisialdia eta denbora librerako hezkuntza”.

Eduki bloke honen barruan aukera oso zabala dugu ikasleei eskaintzeko: eskalada, orientazioa, mendizaletasuna, espeleologia, BTT, eskia, piraguismoa... Beste eduki batzuk ere agertzen dira elkarren artean harremanduak: jarduera fisikoa, egoera fisikoa eta osasuna. Oinarrizko gaitasun fisikoak lantzen dira: indarra, erresistentzia eta malgutasuna gehien bat. Norberaren gorputzaren kontrolean oinarrizko gaitasun motrizak: koordinazioa, oreka eta agilitatea. Hauek era estuan lotuta azaltzen dira izaera emozionala duten alderdiekin.

Kirol eskalada kirol bezala nahiko jarduera gazte eta berria da. Herri desberdinetako kiroldegi gehienetan beste instalazioekin batera rokodromoa ere eskaintzen da, honez gain gazteak antolatu, lokalak alokatu eta beraiek entrenatzeko rokodromoak eraiki dituzte lankidetzan. Hauentzat, nerabe adin horietan, beraien bizitzan eskaladak garrantzi eta presentzia nabarmena hartzen du. Ikastetxeetan ere gero eta gehiago bultzatzen da honen praktika, batzuetan kiroldegira joanez eta besteetan ikastetxe bertan honen praktikarako oinarrizko instalazioak eraikiz.

Gazteen artean kirol eskalada, surfa eta snowboarrekin batera, modako kirola edo jarduera bihurtu da. Bultzada honetaz baliaturik eta hainbat arrazoirengatik, (eskalada jarduera lantzerakoan ikasleek dituzten aurrezagutzak berdintsuak dira, hezkidetza bultzatzeko jarduera aproposa, talde lana bultzatzeko jarduera bikaina, koordinazioa, oreka eta egoera fisikoa lantzeko aukera dibertigarria eta motibagarria, aisialdirako bizitza eredu osasungarria...) ikastetxeko programazioan eskalada txertatzeko aukera pentsatu dugu.

Egia da eskaladak iritzi ezkorrak izan dituela, kirol edo jarduera arriskutsua eta zentzurik gabekoa bezala baloratu izan dela. Baina gaur egun ziurtasunean eman diren aurrerapen tekniko, herri eta hiri askotan rokodromoak eraikitze eta honen praktikak izan duen onarpen sozialari esker bere ezagutza eta praktika asko zabaldu da. Errealitate honetatik dator unitate didaktikoaren zergatia eta orain Gorputz Heziketa 2.0 lan proiektuarena.

Ikasleen garapenean beste tresna eraginkorra eta motibagarria izateko praktikara eramateko. Errutinatik irten eta eraginkorrak izateko, curriculum berriak eskatzen duen bezala, konpetentzia orokorrak lortzeko bidean, gure programazioak egokitu behar ditugu. Betiko saio analitikoetatik urrundu eta proposamen interesgarriak eta erakargarriak eskaini ikasleei.

Irakasle asko ez dira animatzen eskalada eduki bezala lantzera hainbat arrazoirengatik: prestakuntza falta, nahiz eta prestakuntza egokia eskaini gero ikasitakoa ikasleekin aplikatzeko instalazio edo material eza, arriskutsuegia dela pentsatzeagatik, antolaketa arazoak ematen dituelako...

Unitatearen helburua ez da soilik ikasleak kirol eskaladaren teknika ezberdinetaz jabetzea, eskaladako jardueren bidez ikasleei arloko konpetentziak eta hezkuntzako konpetentzia orokorrak garatzen laguntzea izango da.

Unitatean zehar ezarri den progresioa aukera posible bat da. Gero ikastetxe bakoitzak eta ikasle taldeak duen errealitatearen arabera moldatu eta egokitu beharko da proposamen hau. Progresio honetan familiarizaziotik abiatu eta eskaladako materialaren ezagutzarekin jarraitzen da. Gero oinarrizko segurtasun neurriak ezagutu, jolasak, eskalada teknika ezberdinen lanketa, zailtasun mailak handitzea, rappel teknikak, e.a.

Unitate didaktikoaren bukaeran bai LHn eta bai DBHn inguru naturalean eskalatzera joateko saioa diseinatu eta txertatzen da. Azken helburu bezala rokodromoan ikasitakoa inguru naturalean erabiltzeko. Rokodromoan egiten den irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren bidez eskaladan beharrezkoak diren abilezi eta ahalmenak lortuko dira. Hasieran rokodromora egokituta eta gero eskalada inguru naturalean era seguruan lantzeko moduan.

Proposamen honetan eskaladari balore pedagogiko handia (Sozializazioa erraztea, ikaskuntza esanguratsua, ikasleen autonomia garatzea, oinarrizko trebetasun eta abilezien garapena, motibazioa, beldurrari aurre egitea, auto-kontrola, kidearengan konfiantza...) ematen zaio eta horregatik gure programazioetan txertatzeko gonbitea izan nahi du unitate didaktikoak.