Ikastola Eredua

Proiektu herritarra, irabazi asmorik gabea, burujabea eta nazionala

1500 ikaslek, 1000 familiak eta 180 profesionaletik gorak osatzen dugu Orereta Ikastola. Irabazi asmorik gabeko erakundea, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kidea eta herri onurako kooperatiba gara. Herrikoa eta parte-hartzailea, beraz.

Bazkideek osatzen dute Ikastola eta haiek marraztu bere ibilbidea. Hala nahi duen bazkide zein guraso orok du horretan parte hartzeko aukera. Urteko Batzar Orokorra, Artezkaritza Kontseilua, Hezkuntza Batzordea, Guraso Batzordeak zein askotariko beste hainbat batzorde dira horretarako organoak. Ikastolako erabaki estrategikoak organo horien bitartez hartzen ditugu, elkarlanean: guraso zein langileen artean eta Ikastolen Elkartearen proiektu eta material propioen gidaritza eta babespean.

Herritarrek osatzen dute, finean, Ikastola. Sortu ere hala egin zen, ekimen herritarrez. Herritarra eta herritarrentzako da Ikastola. Herrigintzatik jaio ginen eta herrigintzan dihardugu. Herritik sortu ginen eta herriari zor diogu garena, eta hari egin nahi diogu ekarpena. Gau Beltza, Euskararen Astea, Eguberrietako kantu-bira, Hezkuntza Astea, euskal inauteriak, Iñude eta Artzaien konpartsa, Maddalen jaietako taberna, udalekuak, ingeleseko B2 mailaren ziurtagiria lortzeko aukera, aisialdiko begirale titulua lortzeko ikastaroa… antolatzen ditugu herrian edota herritarrentzat, euskara eta euskal kultura zein hezkuntza eta formazioa hauspotzeko xedez.

Aitatu bezala, Orereta Ikastola Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide da. Euskal Herri osoko Ikastolek osatzen dugu elkartea. Hiru administrazio-eremutan banatuta bagaude ere, horrez gaindi, nazionala da gure proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dugu lan. Zubiak Eraikiz ekimena da gurean horren isla nabarmenetakoa. Urruña, Biriatu, Hendaia, Ziburuko Kaskarotenea eta Orereta Ikastolok elkarlanean sortu eta aurrera daramagun proiektua da Zubiak Eraikiz. Muga administratiboez gaindi, Ikastolen, irakasleen zein ikasle eta familien arteko harremanak sortu eta indartzea; elkarrengandik hain kilometro gutxira egonik, batzuen zein besteen errealitatea ezagutzea; eta Ipar Euskal Herriko Ikastolei sustengua eskaintzea dugu xede, besteak beste. Bere kokapen geografikoagatik ere, Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko administrazio eremuetatik oso gertu egoteagatik, Orereta Ikastolak lanketa hori egiten jarraituko du etorkizunean ere.

Orereta Ikastola Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteko kide ere bada. Elkarte honen xedea sortze fasean, garapen fasean edota krisian diren Ikastolak zein proiektuak aurrera atera ahal izatea da. Horretarako, Ikastolen Elkarteko Ikastola guztiek ekarpen ekonomikoa egiten diogu Elkartasun Ikastolari.

Aipatu berri denaren haritik esan, Orereta Ikastolak bere beka-sistema propioa ere baduela behar gehien duten familiak laguntzeko. Izan ere, Ikastola denona da.

Eguneroko lanean, etengabeko hobekuntza da gure premisa

Ikastolaren eguneroko gestioa Kudeaketa Aurreratuaren Ereduan (KAE) oinarritzen da. Lehiakortasunerako eta eraginkortasunerako beharrezkoak diren hobekuntzak bilatzen eta bideratzen laguntzen digu horrek. Kudeaketa Aurreratuari diploma jaso du Ikastolak Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Etengabe hobetzea da gure premisa.

Etengabeko hobekuntza kudeaketan, baita pedagogian eta hezkuntzan ere. Irakasle-taldeak zein bestelako profesionalek etengabeko formazioa jasotzen dute haur eta gazteen hezkuntza-kalitatearen mesedetan. Aipatu, besteak beste, orientazio-departamentuak ditugula ikas-etapa guztietan, ikasleei oinarrizko konpetentziak eskuratzen nahiz norberaren proiektu pertsonala garatzen laguntzeko helburuz. Ikastolako beste profesionalekin, familiekin nahiz Ikastolaz kanpoko eragileekin jarduten dute elkarlanean orientazio-departamentuko kideek.

Horren guztiaren isla dira gure Ikastolaren emaitzak. Gipuzkoan emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen artean gaude. Ikaslearen arrakasta neurtzeko aldagai bakarra ez den arren, garrantzitsua da emaitza onak lortzea ere.

"Irabazi asmorik gabeko erakundea, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kidea eta herri onurako kooperatiba gara"

"Herritik sortu ginen eta herriari zor diogu garena, eta hari egin nahi diogu ekarpena"

"Hiru administrazio-eremutan banatuta bagaude ere, horrez gaindi, nazionala da gure proiektua eta elkarrekin eta elkarlanean egiten dugu lan"

"Gipuzkoan emaitza onenak lortzen dituzten ikastetxeen artean gaude"

Aurrerapausoak eta erronkak 2020

Haur Eskolako matrikula-epea (online):

maiatzaren 25etik ekainaren 8ra

MATRIKULA ZAITEZTE!

Informazio gehiagorako edota zalantzak argitzeko:

943 52 03 97 (09:00-14:00) // matrikulazioa@oreretaikastola.eus

Eskatu matrikula telefono bidez egiten laguntzeko hitzordua

Eskatu Ikastolako hezkuntza-proiektua ezagutzeko hitzordua

Eskatu Haur Eskola eta Esmalteria Berria ezagutzeko hitzordua