Zuretzako egina

Haur Eskola: haur zein familientzako egina

Orereta Ikastolako Haur Eskolak ume zein familien beharretara egokitutako hezkuntza-proiektua eskaintzen dizu: pedagogia berritzailea eta euskara oinarri dituen 0-18 proiektu propioa, eraikin eraberritua, egutegi zein ordutegi aukera zabala eta etxeko otorduak. Denon proiektua, eta denon artean... Zuretzako ere egina.

Pedagogia berritzailea

Hezkuntza ezinbesteko tresna da etorkizuneko jendartea eraikitzeko. Eta txiki-txikitatik ekiten zaio horri.

Lehen urteak dira garrantzitsuenak haurraren garapenean. Horixe da gure premisarik handiena. Izan ere, haurrak momentu honetan hasten dira lantzen adimen-gaitasunak, nortasun-ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, eta sozializaziorako zein harremanetarako oinarriak, besteak beste. Zimendu sendoak eraiki behar dituzte gerora horren gainean altxatu ahal izateko, aurrera egiteko.

Ikaslearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten dugu lan Orereta Ikastolan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta aritzen gara; bera da bere bizitzako protagonista, gu bere bidelagun gara. Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogia abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea dugu xede.


"Ikaslearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten dugu lan Orereta Ikastolan"

"Haurra gaitasunez betetako pertsona dela eta ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita, behatzeko eta lan egiteko modu berritzaileak jorratzen ari gara. Bide horretan irmo aurrera egin ahal izateko, besteak beste, espazioak eraberritu ditugu"

Eraikin eraberritua: espazioa, hezkuntza-beharretara egokitua

Orereta Ikastolako Haur Hezkuntzako proiektu pedagogikoaren oinarria haurren ongizatea eta konfiantza dira; haien autonomia, berriz, helburua. Haurra gaitasunez betetako pertsona dela eta ikasteko berezko gaitasuna duela sinetsita, behatzeko eta lan egiteko modu berritzaileak jorratzen ari gara. Bide horretan irmo aurrera egin ahal izateko, profesionalen formazio jarraiaz gain, espazioak ere horri erantzuteko prest daude: besteak beste, Haur Eskola dagoen Esmalteriako eraikina erabat eraberrituta dago.

Ongizateak giro eta ingurugiro osasungarrien beharra du eta hori haurrek beraiek, familiek, profesionalek, materialek eta, batez ere, berdinekiko harremanek aberasten dute.

Jolasa da beste zimendu garrantzitsu bat. Haurrak airea bezainbeste behar du jolasa bizitzen ari den mundua ulertu eta kudeatzen ikasteko. Jolasaren eta esperimentazioaren bitartez norberaren erritmoak errespetatzea lortzen da eta haurrak bizitzan aurrera egiteko beharrezkoa izango duen konfiantza garatzen du.

Espazioen antolaketa funtsezkoa da horretarako guztirako: giro eta ingurugiro osasungarrirako zein jolaserako eta esperimentaziorako.

Egutegi eta ordutegi aukera zabala

Orereta Ikastolako Haur Eskolak egutegi eta ordutegi aukera zabala eskaintzen die familiei, beren beharretara ahal bezainbat egokitzeko. Jaiegunak ez beste urteko egun guztietan irekita egoten da Haur Eskola, irailetik Maddalen festak arte. Ordutegiari dagokionez, goizean lehen orduan, bazkaldu aurretik edo bazkaldu ondoren sartzeko aukera dago. Atera, berriz, bazkaldu aurretik, bazkaldu ostean, siestaren ondoren edo askaria eginda egin daiteke.

Ordutegi aukera zabala

Orereta Ikastola_ordutegia

Etxeko otorduak

Ikastolako adin eta maila guztietako ikasleentzako jangela-zerbitzua eskaintzen du Orereta Ikastolak. Eta badu bereizgarri bat: otordu guztiak Ikastolako sukaldean bertan prestatzen dira. Menu bereziak ere prestatzen ditugu, hala behar duten ikasleentzat. Añabitarten dago Ikastolako sukaldea, berritua eta egokitua hori guztia gauzatu ahal izateko.

Haur Eskolako hezitzaileak arduratzen dira haurrei jaten emateaz, baita lokartzeaz ere.

0-18 hezkuntza-proiektu propioa

Orereta Ikastolako Haur Eskola 0-18 urte bitarteko hezkuntza-proiektu propio baten parte da, bidearen hasiera.

Ikastolen Elkarteko ikas-materiala eta korronte pedagogiko berriak aztertu, hausnartu, gure behar eta errealitatera egokitu, eta abian jartzeko ahalegin etengabearen fruitua da Orereta Ikastolaren hezkuntza-proiektua. Haur eta gaztetxoen ongizatea oinarri eta autonomia helburu dituen proiektua.

Horretarako, konpetentzietan oinarrituta egiten dugu lan. Jakitearen paradigmatik egitearen, erabiltzearen paradigmara egin dugu jauzia. Izan ere, Ikastolaren egitekoa ez da irakastea soilik, pertsona osoaren garapenaz arduratzea baizik. Gazteak bizitza osoan ikasten jarraitzeko prestatzen ditugu, aurrera egiten ikasteko. Finean, pedagogia berritzaileak oinarri, Ikastola jendartearen beharretara egokitu eta horretarako prest izango diren pertsonak hezi nahi ditugu. Pertsona biziak, aurrera egingo dutenak.

0-18 urte arteko kalitatezko hezkuntza-proiektu euskalduna, nazionala eta burujabea da gurea, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia. Denona, eta denon artean... Zuretzako ere egina.

Ikastolako hezkuntza-proiektua ezagutu nahi duzu?

Oharra: gerta liteke COVID-19ak datorren ikasturtearen egutegia, ordutegia edota hezkuntza-eskaintza baldintzatzea.

Haur Eskolako matrikula-epea (online):

maiatzaren 25etik ekainaren 8ra

MATRIKULA ZAITEZTE!

Informazio gehiagorako edota zalantzak argitzeko:

943 52 03 97 (09:00-14:00) // matrikulazioa@oreretaikastola.eus

Eskatu matrikula telefono bidez egiten laguntzeko hitzordua

Eskatu Ikastolako hezkuntza-proiektua ezagutzeko hitzordua

Eskatu Haur Eskola eta Esmalteria Berria ezagutzeko hitzordua