Espazio eta guneak

Hezkuntzarako espazio eta azpiegitura egokiak

Orereta Ikastolak bost eraikin ditu, hiru gunetan banatuta: Haur Hezkuntza herriko erdigunean, Esmalterian (Koldo Mitxelena plaza) eta Linon (Lehendakari Agirre plaza); eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa Añabitarten, mendialdean.

Esmalteria eta Lino, erabat eraberritu edota eraberrituko diren guneak

Haur Hezkuntzan umearen beharretatik, nahietatik, gustuetatik, jakin-minetik abiatuta egiten dugu lan. Finean, haurraren senetik eta erritmotik abiatuta aritzen gara; bera da bere bizitzako protagonista, gu bere bidelagun gara. Konfiantzaren eta integrazioaren pedagogiak abiapuntu, beste zenbait korronte ere kontuan hartuta, haurra proiektu eta prozesuaren erdigunean jartzea dugu xede. Profesionalen formazio jarraiaz gain, espazio eta guneak beraiek ere erronka horri erantzuteko prestatuta daude: zirkulazio librerako, harremanak garatzeko, autonomia lantzeko, senak dioena garatu ahal izateko…

Haur Hezkuntzako espazioak erabat berritu ditugu edota berrituko ditugu gure hezkuntza-proiektua integrala izan dadin. Aurrerapauso hori eman dugun lehenak gara herrian.

Añabitarte, arnasgune bat herrian

Añabitarten, mendialdean, du Ikastolak bere gunerik zabalena: espazio berdez inguratutako zein eraikin eta azpiegitura onez osatutako 100.000 m2. Arnasgune bat herrian. Ikasleek jolaserako zein egoteko leku zabalak dituzte, baita pilotalekuak, kantxa estaliak eta futbol-zelaia ere. Añabitarteko inguruneak aukera bikaina eskaintzen digu ikasgelak kanpora ateratzeko ere, naturan eta naturaz ikasteko.

Bertan dago guneari izena ematen dion baserria ere. Añabitarte Baserria da ikasle, langile, familia zein Ikastolako bazkideen elkargune. Izan ere, eskola-orduetatik kanpo, elkarte gastronomiko moduan funtzionatzen du Añabitarte Baserriak. Hura berritzeko plana martxan da, Ikastolako komunitate osoko ordezkarien gidaritzapean.

Ingurune berde hori eta haren inguruak ahalik eta ongien ezagutu eta haiei ahal bezain bateko etekina ateratzeko asmoz, orientazio-mapa bat sortzen ari da Ikastola herrian jada egon badiren beste hainbaten osagarri.

orereta ikastola_anabitarte_jolastokia
orereta ikastola_anabitarte_jolasordua
orereta ikastola_anabitarte

Orereta eta Oiartzo Ikastolak, ikastetxe kardiobabestu integralak

Orereta eta Oiartzo Ikastola dira EAEko lehen ikastetxe kardiobabestu integralak. Izan ere, eraikin guztietan desfibriladoreak jarrita egoteaz gain, ikasleek zein langileek osasun-arretarako formazio jarraia eta eguneratua jasotzen dute. Emergentziak Osakidetzarekin eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin elkarlanean aurrera daramagun proiektua da aipatutakoa.

Agian interesatuko zaizu honakoa ere...