Atal honetan, irakasleentzat sortutako baliabideak aurkituko dituzu, nahieran erabiltzeko.
Gida honek ikuspegi teknopedagogiko kritikoa oinarri hartuta, adimen artifiziala (AA) hezkuntzan modu egokian integratzeko irakasleentzako orientabideak eskaintzen ditu. Helburua da irakasleek teknologiaren erabilerari buruzko posizionamendu kritikoa garatzea eta erabaki pedagogikoek gidatutako integrazioa egitea. Lau ardatz nagusi lantzen dira: pertinentzia didaktikoa, AAren alfabetatzea, aniztasunari erantzutea eta testuingurua aintzat hartzea. Gainera, kontrol-zerrenda bat eskaintzen da irakasleek beren praktiken autodiagnostikoa egiteko. Gidaren xedea da ikuspegi arduratsu, inklusibo eta eraginkor batetik AAren integrazioa bultzatzea, hezkuntza-prozesua hobetzeko.
Egileak: Eneko Bengoechea, Araitz Etxebarria, Anne Gonzalez, Ander Lucas eta Nerea Quevedo.
Alboko bideoan, AAren integrazioari buruz hausnartu dezakezu zure ikasleekin. Moztu egiten da eta, jarraitu aurretik, Hizkuntzaile ChatBot-arekin egiteko adibide hau egitea gomendatzen da. Ondoren, bideoaren 2. zatia ikusi eta hausnarketarekin jarraitu dezakezu. Azalpenak audioz entzun nahi izanez gero, hementxe estekak: 1. zatia eta 2. zatia.
Egileak: María Gutiérrez, June Markes, Unax Ochoa de Alda, Unai Palacios eta Nerea Redondo.
Gida hau AA hezkuntzan modu eraginkor eta helburu zehatzekin txertatu nahi duten irakasleei zuzenduta dago. Irakaslearen eguneroko zereginetan AA tresnek izan dezaketen laguntza aztertzen da (klaseen diseinua, ebaluazioa, ikasleen jarraipena, etab.), betiere ikuspegi kritiko, inklusibo eta pedagogikoan oinarrituta. Hiru zutabe nagusi azpimarratzen dira: konpetentzia digitala eta curriculumaren arteko lotura; alfabetizazio digitala eta ikuspegi kritikoa; eta IDU (Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala). Gainera, estrategiak eta baliabide praktikoak eskaintzen ditu, AAren erabilera testuinguru anitzetan modu arduratsuan garatzeko.
Egileak: Emma Casado, Jon Dominguez, Iraide Leura, Aritz Orio eta Ander Unzalu.
Ikasgelan AA erabilera kritikoa eta arduratsua lantzeko jarduera dinamikoen proposamenak dituzue eskuragarri, ikasleen pentsamendu kritikoa, datuen azterketa-gaitasuna eta autonomia sustatzeko. Lau jarduera aurkezten dira:
Datu detektibeak: Ikasleek ikaskideen datuak (gustuak, ohiturak...) biltzen eta antolatzen dituzte, eta horien inguruko azterketa eta hausnarketa egiten dute teknologia digitalik gabe.
Gailetaren misterioa: Detektibe jolas baten bidez, ikasleek AA tresnen laguntzaz informazioa biltzen dute eta hipotesiak eraikitzen dituzte, pentsamendu logikoa eta taldeko lana sustatuz.
AA bai ala ez?: Irudien bidez, ikasleek identifikatu behar dute zein irudi sortu den AA tresna baten bidez, hausnartuz teknologiaren eraginaz eta fidagarritasunaz.
AA-ren erronka: Ikasleek eguneroko bizitzan AA non dagoen detektatzen saiatzen dira, eta gogoeta egiten dute erabileraren onurak eta arriskuez.
Jarduera hauek guztiek ikasleen parte-hartze aktiboa, kontzientzia digitala eta AAren inguruko ikuspegi kritikoa garatzea dute xede, modu ludiko eta parte-hartzailean. Jarduerekin batera, irakasleentzako gida eta bideoak (euskaraz eta gazteleraz) dituzue eskuragarri.
Egileak: Ander Erkoreka, Alba Fernandez, Izaro Guezuraga, Iñigo Lazaro eta Eider Prieto.
Gida honen helburua da AAren erabilera arduratsua eta esanguratsua sustatzea hezkuntzan, irakasle eta ikasleen alfabetatze digitala, pentsamendu kritikoa eta ikuspegi etikoa garatuz. Gida 2030 Agendaren ikuspegitik eraikia da, eta IDU (Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala) oinarri hartzen du inklusioa bermatzeko.
Lortu nahi diren konpetentziak dira: AAren funtzionamendua ulertzea, informazioaren fidagarritasuna ebaluatzea, sesgoak identifikatzea eta AAren erabilera kontzientea egitea. Halaber, materialen diseinu egokitua, feedback sistematikoa eta jarduera interaktiboak proposatzen dira.
Gida honek AA tresnen aplikazio praktiko ugari eskaintzen ditu (ChatGPT, Canva AI…), eta haien erabilgarritasuna adibide bidez erakusten du: ikasleen beharretara egokitutako jarduerak, material sortzailea eta ikaskuntza pertsonalizatua. Arrisku eta mugen inguruko hausnarketa ere biltzen du: sesgoak, menpekotasuna, eta testuinguru sozioekonomikoek baldintzatutako erabilera-desberdintasunak. Azkenik, gidan landutakoa oinarri hartuta, irakasleentzako jarduerak proposatzen dira, baita ikasleentzako jarduerak ere.
Egileak: Unax Estrada, Aitor Heras, Irati Ibarzabal, Anne Martinez de Osaba eta Urko Uribe.
Datuen pribatutasunaren lanketa egiteko zenbait baliabide proposatzen dira, batez ere, irakasleak ahalduntzeko:
Bideo-azalpena: bideo honetan, Malen Aldazabalek datuen pribatutasuna babesteari buruzko azalpenak ematen ditu ulertzeko datuen pribatutasuna zer den eta zergatik den garrantzitsua hori babestea.
Audio-azalpena: audio honetan, June Angulok adimen artifizialaren eta datuen pribatutasunaren arteko harremana ulertzeko azalpenak ematen ditu.
Ikasleekin egin daitekeenaren audio-azalpena: audio honetan, June Martinezek ikasleekin datuen babeserako egin daitekeen adibide baten azalpena entzun dezakezu. Ikasleak datuen agente sekretuak bihurtu ahal izango dituzu!
Infografia: datuen pribatutasunaren inguruko guztia laburbiltzen duen infografia eskuragarri duzu esteka honetan.
Informazio gehigarria: gaian gehiago sakondu nahi izanez gero, egile-taldeak landutako txosten akademikoa kontsultatu dezakezu.
Egileak: Malen Aldazabal, June Angulo, Jon Charterina, June Martinez eta Sendoa Ruiz.