2025eko martxoaren 25ean, "Adimen Artifiziala Hezkuntzan" Azoka egin genuen AsFabrik kanpusean. Bertan, ikasle guztiok garatutako posterrak aurkeztu genituen, bertan jasotzen diren proposamenen atzean zeuden ideiak, ekarpenak eta loturak azalduta. Atal honetan, garatutako posterrak dituzu eskuragarri.
"Laguntza edo mehatxu? Adimen Artifiziala Hezkuntzan” izeneko posterrak adimen artifizialaren (AA) hezkuntzako integrazioari buruzko gogoeta kritikoa eskaintzen du. Egungo testuinguruan, AA hezkuntzan integratzeko premia nabarmena da, baina irakasleek ziurgabetasunak eta arriskuak ikusten dituzte. Hori kontuan hartuta, irakasleen posizionamendu kritikoa bultzatzen duten bi tresna sortu dituzte: gida pedagogiko bat eta jolas didaktiko bat. Helburua da teknopedagogia kritikoa sustatzea eta AAren erabileraren inguruko hausnarketa kritikoa ikasgelara ekartzea. Azkenik, posterrean azpimarratzen da teknologia ez dela helburu bat berez, baizik eta hezkuntza helburuetarako bitarteko bat.
Bengoetxea, Etxebarria, Gonzalez, Lucas & Quevedo (2025)
“Hizkuntzaile: Hizkuntzaren laguntzaile” izeneko posterrak adimen artifizialak (AA) sortzen duen sedentarismo kognitiboa aztertzen du, hau da, gure pentsamendu gaitasunak gutxitzeko arriskua. AAk gure buruarengatik pentsatzeari uzteko joera sor dezake, eta horrek ikaskuntza-prozesuari kalte egin diezaioke. Hori saihesteko, irakasleek teknologia kritikotasunez, egokitasunez eta helburu argiz erabiltzea proposatzen da. Soluzio modura, ChatBot bidezko ariketa-prozesu gidatua diseinatu dute, non ikasleek hizkuntzarekin esperimentatu, hausnartu eta erabakiak hartu behar dituzten. Funtsezkoa da AAren erabilerak ikasleen pentsamendua sustatzea, ez ordezkatzea.
Gutiérrez, Markes, Ochoa de Alda, Palacios eta Redondo (2025)
“Datuen Detektibeak” posterrean datuen erabilera arduratsuaren inguruko kontzientziazioa sustatzea da helburua. Ikasleek sarritan ez dute jabetzen Interneten sartzen dituzten datuek izan dezaketen arriskuez. Hori dela eta, dinamika bat sortu dute, non ikasleek Chatbot baten bidez datuen pribatutasunari eta erabilera arduratsuari buruz hausnartu behar duten. Jarduera honen bidez, ikasleek ikuspuntu kritikoa garatu, informazioa babesten ikasi eta arriskuei aurre egiteko estrategiak landu ditzakete. Azkenik, parte-hartzea sustatzeko gida digital bat eta dinamika horren informazioa biltzen dituen material osagarria ere eskaini dute.
Casado, Dominguez, Leura, Orio eta Unzalu (2025)
“Adi egon! Zu ordezkatzera nator...” izeneko poster honek ohartarazten du adimen artifiziala (AA) hezkuntzan modu desegokian erabiltzeak ikaskuntza benetakoa oztopatu dezakeela. AAren erabilera ez da irakasleen lana errazteko tresna huts gisa ulertu behar, baizik eta ikuspegi teknopedagogiko kritiko batetik integratu. Helburua da irakasleek AA hezkuntzan modu esanguratsuan erabiltzeko estrategiak garatzea, eta ikasleek AA tresnak jolasaren bidez ikaskuntza-prozesuetan modu arduratsuan txertatzea. Azkenik, posterrean azpimarratzen da makinek ezin dituztela ikasleen testuinguru soziokultural eta emozionalak ulertu, eta horrek irakaslearen papera ordezkaezina egiten du.
Erkoreka, Fernandez, Guezuraga, Lazaro eta Prieto (2025)
“Zero akats, mila ikaskuntza” posterrean irakasleen zuzenketa-lan karga handia eta horrek ikasleen ikaskuntza pertsonalizatuan duen eragina aztertzen da. Soluzio gisa, adimen artifizialeko zuzentzaile bat proposatzen dute, testuak automatikoki aztertu eta hobekuntzarako azalpen zehatzak eskaintzen dituena. Horrela, ikasleek euren akatsetatik ikasteko aukera dute, eta irakasleek denbora aurrezten dute. Sistemak hezkuntzaren kalitatea hobetzea, ikaskuntza autonomoa sustatzea eta AAren erabilera etiko eta eskuragarria bultzatzea du helburu. Azkenik, teknologia honek irakasleen lana errazten ez ezik, ikasleen ikaskuntza sakontzen ere laguntzen du.
Aranzabal, Cano, Fernandido, Onaindia eta Puig (2025)
“Internet eta teknologia arduratsuaren gida: adimen artifizialaren aplikazioa” posterrean adimen artifizialaren (AA) erabilera arduratsua eta inklusiboa sustatzen da hezkuntzan. Helburua da AAren erabilera ulertzea, hezkuntzan integratzea eta Ikaskuntza Diseinu Unibertsalaren (IDU) printzipioen bidez baliabide egokituak eskaintzea. Aukera handiak eskaintzen dituen arren, posterrean arriskuak (diskriminazioa, menpekotasuna, sesgoak) eta mugak (kompetentzia digitalaren gabezia, prestakuntza falta) ere agertzen dira. Jardueretan AAren erabilera segurua, etikoa eta arduratsua landu nahi da, bai ikasleen bai irakasleen ikuspegitik, pentsamendu kritikoa sustatuz.
Estrada, Heras, Ibarzabal, Martinez de Osaba eta Uribe (2025)
“Datuen Pribatutasunaren Eragina” izeneko posterrean Interneten erabiltzen diren tresna digitalen pribatutasun-arriskuei buruzko gogoeta sustatzen da. Informazio pertsonala seguru gordetzea ezinbestekoa da, eta horretarako ikasle, irakasle, familia eta hezkuntza-erakundeen arteko lankidetza behar da. Ikasleei aholku praktikoak eskaintzen zaizkie (adibidez, ez partekatu datu pertsonalik edo ez sakatu esteka ezezagunetan), eta irakasleentzako proposamenak ere egiten dira: heziketa digitala indartzea, clickbait-a saihestea, eztabaidak sustatzea eta material interaktiboen bidez hausnarketa eragitea. Azken helburua da datuen erabilera arduratsua eta segurtasunezkoa bultzatzea, etxean eta eskolan.
Aldazabal, Angulo, Charterina, Martinez eta Ruiz (2025)