0. Sarrera
Gaur egungo gizartean, hezkuntza komunitateko kide bezala, hainbat arazori heldu behar diegu; kasu honetan, hezkuntza komunitatean erronka handia daukagu teknologia helburu pedagogikoen esanetara jartzeko. Funtsezkoa da hezkuntza komunitate osoak (irakasleak, ikasleak, familiak eta administratzaileak barne) elkarrekin lan egitea arazo horien kausak identifikatzeko eta konponbide eraginkorrak bilatzeko. Gure aldarrikapena da teknologia eta adimen artifiziala era pertinente batean erabili behar dela hezkuntzan.
Ikusten dugunez, egunerokotasuneko egoera larri bat da eta, ez badiogu arazoari aurre egiten, etorkizunean arazoa larriagoa bihurtuko da. Horrez gain, teknologia modu pertinente baten ez erabiltzean, ikasleek ez dute konpetentzia digitala behar bezala garatuko. Manifestu hau zuri bideratuta dago, hezkuntza komunitatean parte hartzen duzun horri, izan ikasle, irakasle, guraso edo ikastetxean parte hartzen duzun elkarte.
1. AA hezkuntzan begirada etikotik integratu behar da.
Adimen Artifizialak beti egon behar du gizartearen zerbitzura, ongizate orokorra garatu eta hobetzeko tresna etikoa izanik. Etikak gidatu behar ditu giza ekintzak, arduraz eta zuzentasunez bideratuz. Horretarako, ezinbestekoa da datuen pribatutasuna eta pertsonen autonomia errespetatzea, inolako kalterik ez eraginez eta arrisku guztiak minimizatuz. Gardentasunak eta informazioaren fidagarritasunak informazio argia eta eskuragarria sustatu behar dute, konfiantza eta giza eskubideen errespetua bermatuz. Justizia eta inklusioaren ikuspegitik, adimen artifizialak diskriminazioa eta sesgoak ekidin behar ditu, aukera-berdintasuna bultzatuz, pertsona guztiek teknologia honen erabileran parte hartzeko aukera berdina izan dezaten. Era berean, jasangarritasuna sustatzea ezinbestekoa da ikuspegi ekologiko, ekonomiko eta sozialetik, etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzeko. Gizarte kontzientzia kritiko eta arduratsua piztea ere funtsezkoa da, begirada etikoa gure eguneroko bizitzan txertatuz eta teknologia gizartearen onurarako modu fidagarri eta etikoki arduratsuan erabiliz.
2. Ikuspegi teknopedagogikoak gidatu behar ditu erabakiak.
Teknologia hezkuntzaren zerbitzura jartzeko prestatu behar gara irakasleok. Horrek ez du esan nahi dena digitalizatu behar denik, baizik eta teknologia digitala noiz, nola eta, batez ere, zertarako erabili behar dugun argitzea, helburu pedagogikoak betetzeko eta ikasleei beraien ikaskuntzan eta garapen integralean laguntzeko.
Irakasleak ez bagaude prest, ez gara gai izango hori guztia sustatzeko, ezta alfabetatze digitala eta teknologikoa hauspotzeko. Horretarako, hezkuntza komunitate kritikoa behar dugu, etengabe formatzea eta kritiko izatea beharrezkoa da, teknologia era pertinente batean erabil dezagun. Horrela, gai izango gara teknologiak eta AA tresnekin ikaskuntza gertatzeko testuinguruak diseinatzeko eta hezkuntza pertsonalizatuago bat eskaintzeko.
3. AAren arriskuak eta aukerak hartu behar dira kontuan.
Teknologia gehiegi erabiltzeak pertsonen arteko harremanetan eragina izan dezake, ikasleen eta irakasleen arteko enpatia eta zuzeneko kontaktua murriztuz. Horrez gain, adikzioa eragin dezake, ikasleen autonomiari eta pentsamendu kritikoari eraginez, eta AAri gehitutako arrakala digitalaren ondoriozko hezkuntza-desberdintasuna larriagotu dezake. Hala ere, teknologia horiek modu kritikoan ezarri behar dira, bai horien onurak bai arriskuak modu kritikoan ebaluatuz. Izan ere, irakaskuntza interaktiboagoa eta pertsonalizatuagoa ahalbidetzen du, hezkuntza-baliabide askotarako sarbidea erraztuz eta pentsamendu konputazionala eta diziplinartekotasuna sustatuz. Horrez gain, denbora optimizatzen du tresna digitalei eta adimen artifizialari esker, eta irakasle eta ikasleentzako denboraren antolaketa eta kudeaketa hobetu ditzake. Teknologia digitalak eta Adimen Artifiziala hezkuntzan integratzea aukera handia da berrikuntza pedagogikorako eta ikasleen konpetentzia digitala garatzeko.
4. Teknologiak ez gaitzala itsutu: haurrak erdigunean daude.
Hezkuntzaren oinarria haurra erdigunean jartzea denez, ezinbestekoa da hauen beharretara moldatzea. Bide horretatik, aniztasunari erantzuna emanez eraikiko da guztiontzako eskola. Adimen artifizialak funtsezko papera betetzen du hezkuntza inklusiboaren sustapenean, ikasleen beharretara egokitutako irakaskuntza ahalbidetuz. Irakasleei tresna aurreratuak eskainiz, AAren bidez ikaskuntza pertsonalizatzeko hainbat aukera daude: ikasleen jardunean patroiak atzematea, berehalako feedbacka eskaintzea eta material didaktikoaren egokitzapena (Arroyo Sagasta, 2025). Horri esker, ikasleen ezaugarri indibidualetara egokitutako baliabideak eta metodologia berritzaileak erabiliz, ikaskuntza esanguratsuagoa eta eraginkorragoa sustatu daiteke. Azken finean, AAren bidez irakaskuntza pertsonalizatua indartu eta material didaktiko eskuragarri eta egokituak sortzen dira, guztiontzako kalitatezko hezkuntza bermatuz.