Van Gogh

Vincent Van Goghen bizitza eta bere lanaren garapena


Vincent Van Gogh 1853ko martxoaren 30ean jaio zen Holandan. Bere bizitza oso gorabeheratsua izan zen, alde batetik bestera ibili zen lanbide egoki bat bilatu nahian, eta bere bizitzaren bukaeran, gaixotasun psikikoak jota, ospitale psikiatrikoetan ingresatuta egon zen.

1881 urtearen inguruan hasi zen pintatzen, eta 1890an hil zen arte, hau da, bederatzi urtetan 900 koadro (hauetatik 27 autorretratu) eta 1.600 marrazki baino gehiago egin zituen.

1881. urtean Ettenen bizi izan zen. Hemen, pintorea zen bere lehengusu batek Vincent pintatzera animatu zuen, eta horrela hasi zen bere ibilbide artistikoa.

1885. urtean Nuenen herrian bizi zela, Patata jaleak koadroa margotu zuen. Era honetan idatzi zion bere anaia Theori koadro horri buruz:

(...) Irudian agertzen diren pertsonak, eurek euren eskuekin batutako patatak jaten ari dira. Lurrean sartutako esku horiek dira orain platerean sartzen dituztenak patatak jateko. Nire irudiak nekazari hauen eskulana eta duintasunez irabazitako janaria adierazi nahi ditu (...) .

Nuenenen igarotako garaian marrazki eta akuarela asko egin zuen, eta olio pinturaz egindako ia 200 koadro. 1886 eta 1888 urteen bitartean Parisen bizi izan zen, eta bertan, Paul Gaugin, Henri Toulouse – Lautrec, Paul Cezanne eta beste hainbat pintore inpresionista ezagutu zituen.





1888eko otsailean, Van Gogh Arlesera joan zen. Bertan Joseph Roulin, herriko postaria ezagutu eta bere laguna egin zen. Vincentek postaria eta bere familiaren erretratu ugari pintatu zuen. Vincentek artisten egoitza bat sortu nahi zuen Arlesen, eta horretarako Place Lamartine kaleko etxe horia alokatu zuen, beti ere bere anaia Theoren laguntzari esker. Bertara joan zen artista bakarra Paul Gauguin izan zen, baina bien arteko harremana ez zen ongi bukatu, elkarrekin haserretu ziren eta Gauguinek alde egin zuen.

Garai horretan Van Goghek bere belarria moztu zuen Gauguinekin izandako eztabaida baten ondoren. Horren ondorioz, Van Gogh ospitale batean sartu zuten.



1889 eta 1890 urteetan Saint-Rémy eta Auvers-sur-Oise herrietan bizi izan zen, eta bolada horretan Vincent ospitaletik irten eta sartzen ibili zen. Saint-Rémyko ospitalean pintatzeko gela bat egokitu zioten Vincenti. Garai horretan Van Goghek artelan asko egin zuen, bere bizitzako azken hogeita hamar hilabeteetan 500 koadro margotu zituen, eta bere azken 69 egunetan 79 koadro.


1890eko uztailaren 27an, 37 urte zituela, bere buruari tiro egin zion. Bi egun geroago hil egin zen Theo bere anaiaren besoetan.

1973. urtean Amsterdameko Vincent Van Gogh Museoa inauguratu zen.