Metodologia aktiboek hezkuntza tradizionalarekiko aukera erakargarri bat eskaintzen dute, irakasleak irakasten duen horretan sakondu beharrean, ikasleak ikasten duen horretan sakontzen dutelako.
Metodologia aktiboetan oinarritutako irakaskuntzak ikaslea ardatz hartu eta diziplinaren berezko gaitasunetan trebatzen du. Psikologia kognitiboak behin eta berriro erakutsi du memoriaren egitura garrantzitsuenetako bat elkartze-memoria dela. Informazio berria jada existitzen den sare semantikora egokitzen da eta konexio hori egiteko informazio berria arazoak konpontzeko edo egoerak ezagutzeko erabili ahalko da. Horrek ikaskuntza informazioa jasotzeko eta gordetzeko egintzatzat bakarrik ez hartzea, eta prozesu gisa hartzea eskatzen du.
Irakaskuntza-metodologia aktiboen erabilera arrazoitzen duen bigarren elementua autozuzendutako ikaskuntza da; honek ikaskuntza hobea eta handiagoa sustatzen du. Autozuzendutako ikaskuntzan, ikasleek taldean lan egiten dute, eta ikasten dutena etengabe eztabaidatzen, argudiatzen eta ebaluatzen dute. Metodologia aktiboek estrategiak erabiltzen dituzte, prozesu horretan laguntzeko.
Azkenik, metodologia horien arabera, irakaskuntzak mundu errealeko arazoen edo praktika profesionalaren testuinguruan oinarritu behar du. Irakaskuntza testuinguruan jartzeak ikaskuntzarekiko jarrera positiboa edukitzen eta motibatzen laguntzen du, eta hori beharrezkoa da ulermena barne hartzen duen ikaskuntzarako.
Irakaskuntza-metodologia aktiboetan komunak diren hezkuntza-printzipioen osagaiak:
Agertokiak arazo, kasu edo proiektuaren testuingurua zehazten du. Askotan, arazoak informazioa dakar berarekin, eta horrek ikaslea arazoaren testuinguruan kokatzen du. Testuinguruan jartzeko eta motibatzeko elementu bat da eta ikaskuntza-beharra sortzen du.
Ikasleek talde txikietan lan egiten dute. Taldeek lan-esparru bat sortzen dute, ikasleek beren ulermen maila probatzeko eta garatzeko. Lan-ingurune errealak ere modelatzen dituzte. Arazoen konplexutasuna handia izan daitekeenez, taldeko kideek eginkizunak banatu beharko dituzte, aurrera egiteko.
Metodologia aktiboen inguruan planteatutako arazoak, sarritan, konplexuak izaten dira, eta oro har, arrazoiketa eta ikerketa beharko dituzte.
Konponbide zentzudun bat aurkitzeko xedez, ikasleek ezagutza berriak bilatu beharko dituzte. Hasieratik, ikasleek zer dakiten eta jarraitu ahal izateko zer jakin behar duten zehaztu beharko dute.
Helburu nagusia, ikaslea bizitza errealean aurki dezaken arazo bati aurre egiteko eta ebazteko gai izatea da. Arazo teoriko eta praktiko askotan, ikasleek erantzun zuzen bat baino gehiago daudela ikusiko dute. Horrez gain, diziplinaren gorputz teorikoa osatzen duten lege eta ereduak daudela ikusiko dute.
https://www.ehu.eus/eu/web/sae-helaz/eragin-irakaskuntza-metodologia-aktiboak#Irakaskuntza-metodol1