Urteak dira ikastetxean irakasleok metodologia aktiboetan oinarritutako jarduerak aurrera eramaten saiatzen ari garela. 2013-2014 ikasturtean arlo arteko proiektuak sortzen hasi ginen DBH1, DBH3 eta DBH4n, 2015-2016 ikasturtean Sare Hezkuntza proiektuan sartu ginen eta ikasgaietan metodologia aktiboak aplikatzen hasi ginen, eta 2016-2017 ikasturtean Heziberri 2020 plangintzan Arazo Egoeretan Oinarritutako UDak sortzen eta aurrera eramaten jardun genuen.
Gaur egun, ikasgai guztietan aplkatzen dira metodologia parteartzaile hauek neurria handiagoan edo txikiagoan. Esan daiteke proiektuka lan egiteko dinamikak orokortuta daudela, naiz eta kurrikulum guztia ez landu horrela.
2019-2020 ikasturtean egindako diagnosian emaitza hauek jaso ziren: 150 proiektu burutzen dira ikasgai barnean, 6 proiektu arloartekoak eta ikastetxe ezberdinen artekoak (gehienak nazioartekoak) beste 6.
Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan metodologia aktiboen aldeko apusu garbia egiten da. Honako hauek dira dokumentu nagusi horretan zehazten diren printzipio metodologikoak:
Hezkuntza jarduera guztiak oinarrizko zehar konpetentziak eta diziplina baitako oinarrizko konpetentzia espezifikoak lantzeko xedearekin. Beraz, hezkuntza jarduera guztiek “egiten jakitea”ren ikaskuntza dute ardatz; hau da, jakintza bat aplikatu egiten da, hainbat testuingurutara egokitzeko aukerak dituena eta izaera integratzailea duena, ezagutzak, prozedurak eta jarrerak bateratuz.
Ikasleek eguneroko bizitzako arazoei aurre egiteko konpetentziak bereganatu behar dituztenez, gure ikasgaietan hobesten ditugun jarduera didaktikoak dira integrazio-dinamiketan edo/eta erronka-egoerei aurre egiteko dinamiketan garatzen direnak. Arloko edo arlo-arteko proiektuetan kokatutako arazo edo erronka egoerak ikasleen errealitatearekin lotuta daude.
Planteamendu globalak edota diziplina artekoak bultzatzen ditugu, arlo eta/edo diziplina guztietako ezagutzak integratzen dituzten jarduerak proposatuz.
Ikastetxeen arteko proiektu didaktikoak bultzatzen ditugu, Euskal Herriko nahiz nazioarte eremuko ikastetxeen artean.
Denbora eta espazioa malgutasunez antolatzeko aukera errazten dugu; ikasleen premien, beren ikaskuntza-prozesuaren eta plangintza didaktikoen arabera.
Ikasleek ‘egiten jakin’ behar dutenez, ikasleak hezkuntza jardueraren protagonismoa hartzera bultzatzen ditugu eta hezkuntza jardueretan aktiboki aritzen dira, entzule izan beharrean ekintzaile izanez, eta irakaslea gidari dutelarik. Azken batean, eginez egiten ikastea da helburua.
Gizarteak, oro har, eta lan munduak eskatzen duen elkarlanerako gaitasuna lantzeko asmoz, lan kooperatiboa funtsezkoa da arazo edo erronka egoerei aurre egiteko, baina norbanakoaren lan eta ahalegina eskatzen duten jarduerak ere bideratzen ditugu.
Konpetentzia orokorrak lortze bidean, material eta baliabide anitzak erabiltzea bultzatzen da, eta guztien artean, IKTak ezinbesteko tresnak dira, gaur egungo gizarte digitalizaturako ikasleak presta daitezen.
Ikasleek konpetentzia horiek bereganatzeko prozesuan malgutasunez jokatzen dugu, ikasleen aniztasuna eta taldearen elkarbizitza kontuan izanik, ikasle bakoitzari eskakizunak egokituz.
Eskolan eta eskolako espazio guztietan lan egiteko giro afektibo aproposa garatzen dugu, segurtasun afektiboa izan dezaten, ikasle guztiek arrakasta lortzeko duten aukera eta eskubideak aintzat hartuta. Hala, ikasteko eta egitekoetara gerturatzeko konfiantza, segurtasuna, motibazioa, zoriontasuna sustatuko dira ikasleengan, emozioen lanketaren bidetik.
Ebaluazioak izaera hezitzailea du. Ebaluazioa ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren hobekuntza ahalbidetzeko kontzeptu gisa ulertzen dugu. Ebaluazioak, ezagutza batzuk lortu diren egiaztatzeko ez ezik, ikaskuntza-prozesua egokitzeko eta bideratzeko ere balio du.
Irakasgai bakoitzean, oinarrizko zehar konpetentzien eta diziplina baitako oinarrizko konpetentzia espezifikoen lorpen-maila ebaluatzen dugu, eta irakasle-taldeak, orientazio-zerbitzuaren laguntzarekin, azken ebaluazioa egiten du.
Autoebaluazioko eta berdinen arteko ebaluazioko estrategiak bultzatzen ditugu, ikaslea bere ikaskuntzaren protagonista sentiarazteko, eta «ikasiz ikasteko» eta «bere autonomia eta ekimen pertsonala» garatzeko gaitasuna ematen diolako.
Ebaluazioan askotariko estrategiak eta baliabideak erabiltzen ditugu, aniztasunari erantzuna ematen laguntzen duelako.
Ebaluazioa prozesu sistematikoa izango da, eta ezinbestekoa da modu jarraituan irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari buruzko informazio esanguratsua lortzea, hausnarketa lagungarriak egiteko eta erabakiak hartzeko. Horretarako, kontuan hartzen ditugu bai hezkuntza-komunitateko kide guztien iritzia, bai kanpo-ebaluazioen emaitzak.