Musika-kritika. Zelan egin?

Musika-kritika kazetaritza, musikologia eta literatura biltzen dituen diziplina bat da. Kritikak argudio musikaletan oinarritutako testuak dira, kazetaritza-estiloan idazten direnak. Literatura-kutsua izan behar dute, irakurlearentzat erakargarriak izan daitezen. Testu hauen bitartez, idazleak entzunaldiak eragin dizkion sentsazioak sentiarazi behar dizkio irakurleari, eta, horretarako, maisutasunez erabili behar ditu hizkuntza-baliabideak.

Musika-kritikan informazio objektiboak eta iritzi subjektiboak biltzen dira. Iritziaren subjektibotasun horrek irakurlearen kritikaren menpe jartzen du kritikoa bera.

Musika-kritika bat idazteko honako eskema honi jarraitu behar diogu:

· Titulua. Laburra, zehatza eta erakargarria.

· Fitxa teknikoa. Emanaldiaren gaineko informazio orokorra. Musika-lanaren izenburua eta egilea, interpretatzaileak, errepertorioa, lekua, data eta ordua. Letrakera lodiz idazten da.

· Sarrera. Galdera hauei erantzun behar zaie, paragrafo batean:

· ZER entzun dugu?

· NOR da egilea? NOR dira interpretatzaileak?

· NON izan da emanaldia?

· NOIZ?

· ZELAN? (Zikloren batean? Orkestraren denboraldian?)

· ZERGATIK? (Omenaldiren bat zen? Estreinaldia?)

· Interpretatzaileei eta zuzendariari buruzko informazioa. Curriculuma, errepertorioa, kalitate-maila, etab. Atal honetan, jarraitzen dugu informazio objektiboa ematen. Hemen aipatuko dugun informazio gehiena emanaldiaren esku-liburuan agertuko da.

· Errepertorioa. Informazio zehatza emateaz gain, balioespen-elementuak ere txertatu ditzakegu atal honetan. Ez dugu zertan zerrenda bat egin obra bakoitza banan-banan aztertuz. Kontzertuaren egitura orokorra azaldu behar dugu: Gai jakin baten inguruan egin da? Koherentea izan da? Errepertorioa egokia izan da?

Paragrafo honetan, musikagileei buruz hitz egin dezakegu eta aipagarrienak izan diren musika-lanei buruzko informazio gehiago eman dezakegu: estreinaldia izan den, bisak egon diren, etab.

· Interpretazioa. Atal hau guztiz subjektiboa da, eta kritikoaren balioespenean oinarritzen da. Hemen, gure aditu-iritzia eman behar dugu. Balioespen-irizpideak askotarikoak izan daitezke, eta zilegi dira konparaketak. Besteak beste, publikoaren erantzuna komentatu ahal dugu, zer komunikatu digun interpretazioak, eta –garrantzitsuena– zer sentimendu eragin dizkigun interpretazio horrek.

· Errematea. Kritikaren azken paragrafoa da. Bertan, kontzertuaren gaineko informazio aipagarriena azpimarratu behar dugu. Testuak guztiz literarioa izan behar du. Batzuetan, ekitaldiaren antolatzaileak zoriontzeko aprobetxatzen da; eta, beste batzuetan, irakurlea kontzertura joatera gonbidatzeko.