(2025-09-26an, ostirala)
Xiberoa inguruetako txangoari amaiera emateko, gaur Ligin irten eta Atherratze artekoa egitera tokatu zaigu.
Goizeko 8etan dena autobusean sartu ondoren irten gara Ligi aldera. Eguraldi zoragarria tokatu zaigu. 8ak eta erdietarako hasiak ginen ibiltzen. Ligitik dena gorako bidean, Iratzegañea baserritik eta Karrikarte ingurutik pasa gara, gaina hartuaz. Hortik beherako bidean herriaren irteera ingururaino, eta, errepidea eta erreka pasa ondoren, Atherei auzora iritsi gara; hor berriz desnibel dexenteko aldapari heldu diogu begiratoki eder bateraino heldu arte. Gozatu ederra hartu dugu aurrean genuen ikuspegiarekin.
Le Chapeau de Gendarme edo Lexantzümendi tontorra pasa eta, kontrako aldetik dena beheraka, Lexantzü-Zunharre herrira jaitsi gara; hortik aurrera dena zelaian, Onizegainetik eta Haztoia ondotik pasa eta Atharratzera iritsi gara, gaurkoari bukaera emanez. Gaur ere talde motzekoek dena prest zuten bazkaltzeko eta armoni ederrean bukatu ere gaurkoa.
Autobusa hartu eta ordu onean itzuli gara gure txokora.
Ibilbidea eta denborak:
Ligi (hasiera) (255 m), Iratzegañea (400 m; 0:85; 0:20), Bidegurutzea (450 m; 1,3 km; 0:30), Errepidea (zubia) (250 m; 4,6 km; 1:20), Atherei auzoa (240 m; 5,1 km; 1:30), Begiratokia (550 m; 6,5 km; 2:15), Ezkieta ingurua (240 m; 9,8 km; 3:30), Onizegaine (230 m; 10,7 km; 3:45), Haztoia (215 m; 11,4 km; 4:00), Atharratze (bukaera) (215 m; 11,8 km; 4:05).
Desnibel metatua: igoeratan: 630 m; jaitsieratan: 675 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Ligitik abiatu berritan
Atzo amaitu genuen herritik abiatu gara gaurkoan; Ligi herritik, alegia. Hango zubi famatuaren ondotik, behetik gorako bidea egokitu zaigu. Mendian gora goazela, urrutiratu ahala txikiagotzen joan zaigu herrixka dotorea. Goizeko zortziak eta erdietan fresko egiten du eta hasierako aldapa ondo etorri zaigu berotzen hasteko.
Katua etxeko leihoan
Oraindik ez zaigu hasierako aldapa amaitu, baina berotu garenez txamarrak eta berokiak erantzi ditugu. Eta horretan ari garela, norbait konturatu da etxeko leihotik katu bat genuela begira. Argazkilaria ere erne egon da eta hor atera dio honako argazki hau. Zuberoako xendetan gabiltza eta tarteka gero igoko dugun tontor pikoa, Lexantümendi, azaltzen zaigu.
Ühaitza ibaia zeharkatzen
Hara igo aurretik, ordea, beheko sakanera jaitsi behar izan dugu berriro. Hauze herrira doan D 918 errepidean behera egin dugu tarte bat D 26 errepide nagusira heldu arte. Han Ligi aldera metro batzuk egin eta argazkiko zubitik (Athereiko zübü zaharra) zeharkatu dugu Ühaitza ibaia. Laster heldu gara Ligirekin batera Ligi-Atherei udalerria osatzen duen Atherei herrira.
Lexantzümendin gora. Behean Atherei
Sarreran ezker hormarik gabeko pilotaleku (arrabotüa) ederra duen Atherei herria zeharkatu eta berehala heldu diogu eguneko aldapa maldatsuenari. Bideak sigi-saga egiten du mendian gora eta halaxe igo gara gu ere Atherei herria gero eta beherago uzten genuela. Aurrean martxa egokia jarri dutenez, taldekide guztiok nahiko eroso igo garela esango nuke.
Ikuspegi ederra denik ez ukatu neri
Eguraldi ederra dago eta Lexantzümendik honelako ikuspegiak eskaini dizkigu; begiak igurtzi eta ez sinesteko modukoak. Ortzi urdinean laino bakan batzuk, mendi, zelai eta baso berdeak, han-hemenka sakabanatutako etxe, herri eta herrixkak eta urrunago goi-mendiak. Bista zoragarriak eta gu horietaz gozatzen. Ahaleginaren saria. A ze nolako saria!
Lexantzümendin
Lexantzümendiko tontorrean upeltxo polit bat dago, baina hara igo baino lehenago orientazio-mahai baten ondoan taldearen argazkia atera dugu. Mahai horretan ikus daiteke inguruko mendi eta herrien izenak xehetasunik galdu gabe ibiltzeko. Argazkikoen aurpegi irribarretsuak ikusita, garbi dago malda pikoa nahiko ondo igo dugula.
Lexantzümenditik jeisten
Tontorretik igaro eta gero mendian behera jo dugu Lexantzü herrirantz. Gorakoan ikuspegia ederra bazen, beherakoan ez zaio atzean gelditu. Jaitsieran gertuen dugun Lexantzü herriaz gainera, Liginaga eta Atharratze bera ere begi-bistan ditugu. Baita hurrengo etapan, Atharratzetik Maulera bitartekoan, igoko ditugun hainbat mendi ere; Maidalena mendia, adibidez.
Bazkaria giro ezin hobean
Lexantzü herritik aurrerako bidea laua izan dugu. Atharratzera iritsi baino lehen, Onizegainetik igaro gara eta han kanpin dotore bat ikusi dugu, zuhaitz handi eta bereziez inguratua. Ez da leku txarra aisialdirako. Laster, Ühaitza ibaia berriro zeharkatuta, gaurko helmugara iritsi gara: Atharratzera. Han ibilaldi laburrekoek tokia eta janaria prest zituzten, aldatu beharrekoak aldatu eta harmonia ederrean denok batera bazkaltzeko.
Agur Atharratze, agur Xiberua
Giro ezin hobean bazkaldu eta gero, Mikel Laboaren Txoriak txori abestuz eman diogu amaiera hiru egunetako egonaldiari. Atharratze atzealdean dugula azken argazkia atera eta itzulerako bidea hartu dugu. Hiru ibilaldi zoragarri egitearekin batera, Iruñea eta Maule artekoei koska polita kendu diegu. Helburuak beteta, bada, pozik abiatu gara Goierri aldera.
Bideoa
Estekak/Enlaces