(2025-10-07an, asteartea)
Gaur asteartea, urriak 7, goizeko 5:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Zuberoako Atharratze herrira joan gara 33 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako, Iruña eta Maule arteko 12. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:30ak aldera Atharratzetik abiatu gara eguraldi ederraz gozatuz.
Oinez hasi eta bi kilometro inguru landa-bideetatik ibili gara. Jarraian, aldapa tentetu eta iratze arteko bidezidorretik igo gara, Erretzü tontorra zapaldu dugun arte. Azkar batean, Züztarriko lepora jaitsi eta gero, igoera gogorra egin dugu Maidalena gailurrera iristeko, eguneko mendirik altuena hain zuzen, non XV. mendeko tamaina handiko baseliza dagoen. Han hamaiketakoa egin dugun bitartean, paisaia ikusgarriaz gozatu eta taldearen argazkia atera dugu. Jarraian, hainbat igoera eta jaitsiera egin ondoren, Zerra eta Kürütxaga mendien tontorrak zapaldu ditugu. Azkenean, jaitsiera izan dugu eta Maule herrian 14:20ak aldera amaitu dugu ibilaldia.
Autobusa hartu eta Atharratzera joan gara bazkaltzera eta arratsaldeko lau eta erdiak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Atharratzeko aparkalekua (217 m), Frontoia (237 m; 0,5 km; 0:06), Erretzüko erreka (260 m; 1,8 km; 0:20), Erretzü mendia (695 m; 4,1 km; 1:20), Züztarriko lepoa(444 m; 5,5 km; 1:45), Maidalena (786 m; 8 km; 2:50), Lexegietako lepoa (656 m; 8,7 km; 3:05), Zerra (727 m; 9,3 km; 3:20), Saratsagako lepoa (562 m; 12,1 km; 3:35), Khürütxaga (610 m; 11,4 km; 3:50), Bolondoa (507 m; 12,5 km; 4:05), Idaulako lepoa (437 m; 14,6 km; 4:35) eta Maule (140 m; 20 km; 5:50).
Desnibel metatua: igoeratan: 1.099 m; jaitsieratan: 1.176 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Atharratzetik abiatuta
Goierritik iritsi eta handik lasterrera, Atharratzeko plaza zeharkatu, herriko eskola baten eta frontoiaren ondotik igaro eta bide asfaltatuan aurrera egin dugu, harik eta Erratzüko erreka ondora heldu garen arte. Udazkeneko koloreak hartzen ari diren zuhaitzak eta larrean dabiltzan behi batzuk atzean utzi eta aldapan gora doan mendiko bidea hartu dugu, dagoeneko eguzkiak argitzen dituen bazterretan.
Erretzüko gainaren bila
Erretzüko mendi tontorrera hurbildu ahala, aldapa ere tentetzen joan zaigu. Atzean dugun ikuspegi ederrari tarteka begiraturen bat edo beste egin, eta denok ilaran igo dugu gailurrera arteko malda pikoa. Hasierako bide asfaltatua mendi-bide bihurtu zaigu tarte batean eta bidezidor maldak gogortu zaizkigun heinean. Ahaleginak, ordea, izan du saria. Eta ez nolanahikoa.
Atzean formak, itzalak, argiak...
Mendiak bakarrik ez, zelaigune ederrak ere ikus daitezke beheko bailara horietan. Besteak beste, Zuberoako aurreko ibilaldian igotako Lexantzümendi eta haren inguruko paisaia. Mendiaren magalean mendiaren izen bereko herri txiki polita (Lexantzü) eta beste batzuk, eguzkiak argituta gehienak, eta itzalean ere bai bakarren bat edo beste.
Züztarriko lepoan, hegoaren zain.
Mendi-tontorrean gozatu bat hartu ostean, aldapan behera abiatu gara Züztarriko leporaino. Bidean harizti polit bat igaro dugu eta ehizarako postuak azaldu zaizkigu. Gu pasatu garenean hutsik ikusi ditugu, baina laster, udazkenak aurrera egin ahala, ehiztariz beteko dira bazter hauek. Beheko etxolan daudenak horien artean izango dira seguru aski.
Maidalenako maldetan, ilaran
Züztarriko lepoan, Zuberoa eta Biarno arteko mugan, Atharratze eta Barkoxe lotzen dituen D-347 errepidea gurutzatu eta aldapan gora hasi gara berriro. Zuhaitz artean, itzalean, lehenbizi eta eguzkitan mendian gora igo ahala. Maidalena mendira hurbiltzen ari gara, baina tontorrera heldu aurretik aeromodelismorako erabiltzen den zelaigune batetik igaro gara. Gaurkoan ez dugu halakorik ikusi, baina bai zenbait zaldi eta behor larrean lasai asko.
Baselizaren babesean, atsedena
Heldu gara gaurko gunerik garaienera: Maidalena mendia (795 m). Tontorrean, antenatzar baten ondoan, ermita bat dago. XV. mendeko eraikuntza hau erromatarren aurreko tenplu pagano baten gainean eraikia dago, non antzinako jainkosa bati (Herauskorrixe) eskainitako idazkun bat aurkitu zen. Haren ondoan egin dugu hamaiketakoa, edonora begiratuta ere ikuspegi zoragarria dugula. Gain ikusgarri hartan egin dugu gaurko mendizale taldearen argazkia.
Piriniotako balkoia, ederra
Zuberoa eta Biarno arteko mugan jarraituz, Maidalena menditik jaitsi gara Lexegietako leporaino; han aldapa berri bati ekin behar izan diogu, Zerra mendiraino (730 m) eramango gaituen aldapa, hain zuzen. Ezker-eskuin, ikuspegi ederrak ditugu, Pirinioetako mendiak, besteak beste. Atzera begiratuz gero, berriz, jaitsi berri dugun Maidalena mendia eta hango eraikinak ikusi ahal izan ditugu.
Ikusi eta ibilitakoaz, gustura
Zeruan laino zurixka batzuk azaldu arren, ez diote inolako enbarazurik egiten eguzkiari eta eguraldi ederrarekin gabiltza Zuberoako mendietan. Aldapa handirik gabe, bideak gora nahiz behera egiten du eta hartara egokitu behar. Poliki-poliki ari gara helmugara hurbiltzen, baina oraindik kilometro batzuk falta zaizkigu eta lorik hartu gabe ibili behar izan dugu.
Maule, gure helmuga
Mauleko gaztelua inguratuz heldu gara Zuberoako hiriburura. Han 1880-1930 urteen artean Pirinioak zeharkatu eta Maulera apretak edo espartinak egitera etortzen ziren emakumeen (ainarak) historia adierazten duen oroitarri bat ikusi dugu.
Ibilaldia bukatu dugunean, berriro Atharratzera itzuli gara; oraingoan autobusez eta hango plazara joan gara bazkaltzera. Piellenia (piellenia@wanadoo.fr Tel.: 05 59 28 53 49) hotel eta jatetxeko arduradunek eta langileek modu ezin hobean hartu eta tratatu gaituzte. Oso giro onean bazkaldu eta gero itzuli gara Goierrira.
Bideoa
Estekak/Enlaces