(2025-09-25ean, osteguna)
Gaur irailak 25, osteguna, hotelean gosaldu ondoren, Santa Graziko Kallan hasi eta Ligi Atherei artekoa egin dugu. Goizeko 9tarako hasi gara ibiltzen taldeko argazkia atera ondoren.
Maldan gora Arhancet eta Cabana auzoak pasa eta, gainez gain aldapa bikaina igota, Lakurdeko lepora heldu gara. Handik, hurrena, gaurko altuerarik handiena (Igontzako gaina). Hortik, Harrearauzkiko bidean behera, Losko mendi ondotik Harribeltzetako gaina pasa dugu, eta Tintürabordako bidetik behera, Azpiltzea eta Axeria baserrien ondotik, haranera jaitsi gara. Arabarko errota ere pasa dugu eta errepidean zehar Ligi herrira iritsi gara 5 bat ordu pasa ondoren. Talde motzekoek lan ederra egin digute, bazkaria prest baitzuten gu iristerako, eta, eguraldi ederraz gozatuz, armoni ederrean bukatu dugu gaurkoa ere.
Ibilbidea eta denborak:
Urdatx (Kalla) (hasiera)(590 m), Arhancet auzoa (720 m; 1,3 km; 0:15), Lakurde lepoa (1.330 m; 5,7 km; 1:50), Igontze gaina (1.380 m; 6,5 km; 2:25), Losko mendia (1.080 m; 8,7 km; 3:00), Harribeltzeta gaina (915 m; 11 km; 3:30), Azpiltzea (650 m; 13 km; 4:00), Axeria (570 m; 13,4 km; 4:15), Arabarko errota (480 m; 14 km; 4:25), Karrikiri (345 m; 15,1 km; 4:40), Errepidea (280 m; 16,6 km;5), Ligi (bukaera) (265 m;17,2 km;5:05).
Desnibel metatua: igoeratan: 870 m; jaitsieratan: 1.150 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Santa Grazitik abiatu aurretik
Goizean goiz jaiki, gosaldu eta autobusean Santa Graziko Kalla auzora joan gara gaurko ibilaldiari heltzeko asmoz. Han, Ibarrondoko erreka dotorearen ondoan talde-argazkia egin dugu, aldapan gora abiatu baino lehen. Abiatu, denok batera abiatu gara, baina tarte bat elkarrekin egin ondoren, taldea bitan banatu da: ibilaldi luzea egingo dutenak batetik, eta ibilaldi laburragoa egingo dutenak bestetik.
Kakueta begi-bistan
Urdatx behean utzita mendian gora goazela ikuspegi ederraz gozatu dugu. Bezperan jaitsitako Ehüjarreko arroilaz gain, Kakuetakoa ere bistaratu zaigu Lakurdeko leporantz igotzean. Haien inguruko mendiak, berriz, ikusgarri ageri zaizkigu; Lakhura, besteak beste. Eta bidean, tarteka, gari-sailak igaro ditugu aldapa tentean gora eta artalderen bat edo beste ikusi dugu.
Aldapan gora
Dena ez da bide gozoa izan, ordea. Taldea luzarazteko adinako malda gogorrak igotzeaz gain, zoru lakarreko pistak ere izan ditugu. Orduan, atzealdera begiratu eta ikusten genuenak aldapa igotzen lagundu digu. Are eta gorago igo, orduan eta ederragoa han goitik ikusitako panoramika. Zentzu guztiak asetzen dituena. Argazkiak dira adierazlerik onenak.
Igontzeko gainean
Eguneko leku garaienean gaude: Igontze Phüntan (1.387 m). Bukatu da gaurko igoerarik handiena eta arnasa lasai hartzeko moduan gara. Hemen goian ez gaude bakarrik, ordea. Itxura bikaineko zaldiak lasai ari dira larrean eta ez dute guk eskainitakorik nahi. Aurreraxeago Losko mendiko tontorraren ingurutik igaro gara Harribeltzeta mendira bidean.
Zuberoako mendiak
Gainez gain goazela, honelako ikuspegi ederrak ikusi ahal izan ditugu. Zenbat mendi ikusten ote dira argazki honetan bakarrik? Mendiak aurrean, mendiak atzean eta mendiak ezkerrean nahiz eskuinean. Eta gu, mendizale izanik, pozez txoratzen ikusten dugunarekin.
Geroxeago artalde handi bat topatu dugu eta artaldea zaintzen ari ziren bi artzakur zaunkaka artaldea babestuz. Eragozpenik gabe jarraitu dugu aurrera. Inguru hauetan ohikoa da nonbait, horrelakoetan nola jokatu behar den adierazten duen grafiko bat ikusi baitugu.
Gidaria aurretik dugula
Mendian garrantzitsua da bide zuzenetik ibiltzea. Gure taldean nondik nora ibili behar dugun prestatzen eta zuzentzen aritzen diren kide trebe eta iaioak ditugu. Horiek egindako lan bikainari esker, inolako arazorik gabe egiten ditugu ibilaldiak, eta arazoren bat izanez gero ere, arazoari konponbidea aurkitzeko gaitasun aparta dute. Aupa zuek!
Larre gozoak
Goiko tontorretan ibili eta gozatu ondoren, hasi gara beheko bailaretara jaisten. Baserriak eta bordak topatu ditugu bidean goazela, inguruan belardi bikainak dituztela. Zuhaitz itzelak ere bai. Beheko aldean, berriz, nahiko itxura oneko errota bat topatu dugu, errotarri eta guzti. Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren kantaz oroitu gara. Errekako ura garden doa arroan behera eta, itxuraz, hartaz baliatzen dira aurreragoko arrain-haztegian, uharretako amuarrainak hazteko.
Behi-taldea Ligin
Azken zatia bide asfaltatuen egin dugu eta Ligin, errepide nagusira heltzean, behi-sail bat topatu dugu gure norabide berean zihoana. Autobusa dagoen lekura artekoa, bada, behiekin batera egin dugu. Ezagun da dagokien eremutik kanpo daudela, bat baino gehiago aztoratu egin baita. Hala, Ligira heldu, hango zubi ospetsuari argazkiak atera eta inguruko parke batean bazkaldu dugu, ibilaldi laburra egin eta bazkaria antolatu dutenekin batera.
Mauleko gazteluan
Oso giro onean bazkaldu dugu eta bazkalostean gure egun hauetako ostatura itzuli gara. Afalordua iritsi arte astia badugunez, berriro autobusera igo eta Maulera bertara joan gara Zuberoako hiriburua bisitatzera. Hango kaleak, plazak, eliza eta ingurukoak ikusteaz gainera, Mauleko gaztelura igo eta talde osoaren argazkia egin dugu. Tontor-tontorrean oso leku ederrean dago gaztelua eta handik hiri osoa ikus daiteke. Ikuspegi dotorea inolako zalantzarik gabe.
Bideoa
Estekak/Enlaces