SANTA GRAZI - LIGI
(2025-09-25ean, osteguna)
Zuberoako Basabürüa (wikipedia) eskualdean gaude eta Urdatx (Santa Grazi)(wikipedia), Hauze (wikipedia) eta Ligi-Atherei (wikipedia) udalerrietako lurrak zapalduko ditugu. Ibarrondoko errekaren ertzetatik irtengo gara, Ibarrezker (wikipedia) eskualdean, Lakurde lepotik Izarbe (mendiak.eus) mendilerrorako igoerari aurre egiteko. Landa-bideetatik eta mendiko belardietatik igotzen da etengabe, inolako atseden-gunerik gabe.
Lepo hartatik berehala iritsiko gara ibilbideko punturik gorenera: Igontze Phünta (mendiak.eus) mendira (1.387 m). Mendilerroa (google) bide irekietatik, belardietatik eta pagadietatik zeharkatuko dugu, eta ikuspegi bikainak izango ditugu (Xiberotarrek diotenez “begien bazkatzeko”), besteak beste, Auñamendi (mendikat), Lakhura edota Kartxela tontorrak ikusi ahal izango ditugulako. Behealdean Ehüjarreko eta Kakuetako (selvadeirati.es) arroilak izango ditugu.
Mendilerrotik jarraituz, Losko (mendiak.eus) eta Harribeltzeta (wklcdn.com) tontorrak zapalduko ditugu. Azken mendi honetatik Ahüzki (es.cambolesbains) inguruan berriki igotako mendiak ikusiko ditugu: Bohorkortea, Eskaleta, Arthanolatze, Mendibeltz.
Harribeltzetatik mendiko bideetan behera jarraituko dugu lehenengo baserrira iristeko; beherago, errota txiki bat eta arrain-haztegi bat topatuko ditugu. Hori guztia landa-bideetatik, Ligi ondoko errepidera jaisteko; han, zubi (youtube) famatua ikusiko dugu, ez bere arkitekturagatik, mitologiari buruzko elezaharragatik baizik (Laminaren zubia)(wikipedia).
DONAPALEU
Donapaleu (wikipedia) Nafarroa Behereko ipar-ekialdeko udalerria da, Amikuze (wikipedia) eskualdeko herriburua. Jatorrizko izena Iriberri bazuen ere, egungo Donapaleu izena 926an Kordoban martirizatutako Done Pelaio kristau santuaren izenetik datorkio.
XIII. mendearen hasieran Nafarroako erregeak Iriberri izeneko hiribildua sortu zuen eskualdeko epaitegi eta kartzela ezartzeko. Horrexegatik errege armarria eman zion. 1351an Karlos II.a Nafarroakoak hiribilduari moneta xehatzeko eskubidea eman zion, 1672 arte langia martxan izango zena. Joanes III.a Nafarroakoak 1472an foruak eman zizkion: ostiraletako azoka, ardi-azoka neguko asteazkenero eta Pazko astelehenean zaldi-azoka.
XVI. mendean Gaztelako Erresumak Nafarroa konkistatu zuenean, Henrike II.ak bertan Nafarroako Gorteen egoitza finkatu zuen, baita diru etxea ere XVII. mende erdialde arte, diru etxea lehenago ere existitu zen arren. Ia mende bat geroago, Luis XIII.a Frantziakoak 1620an Nafarroako Kantzilertza desegin eta Biarnoko Estatuekin bateratu zuen. Errege jauregia, berriz, udaletxe bihurtu eta Donejakue bideari esker herria garatu zen.
Donapaleuko ondasun nabarmenen artean, aipagarriak dira, besteak beste, Buruen Etxea (XVI. mendean Arnaut Oihenart (wikipedia) historialaria bizi izan zen bertan), Nafarroa Behereko museoa, Errege jauregia, Biduzeko zubia edota Jondoni Paulo eliza (1522an Nafarroako Gorteen egoitza izan zena).
Donapaleu hiru ibaiek zeharkatzen dute: Arbailan jaiotako Biduzek eta honen ibaiadar diren Eiheratxar eta Iholdiko errekek.
Hona hemen irteera honetarako proposatutako trackaren esteka