(2025-09-24an, asteazkena)
Gaurkoan GMBko 29 mendizale elkartu gara hiru egunetako txangoa egiteko asmoz Xiberoa aldetik.
Goizeko 6:30 aldera irten gara Ordiziatik eta Beasaindik autobusez, Nafarroa gurutzatu eta Belaguako aterpetxera iristeko, 9:30rako lehenengo ibilbideari hasiera emateko. EZH-IM 09 izango da. Belaguatik irtetean nahiko giro kaskarra genuen, goiko mendietan lainoarekin, egunean zehar hobetzen joan bada ere.
Errepide azpitik jarraituz, Erraitze lepoan pasa dugu muga eta hortik dena beheraka izan da. Ehüjarreko arroila dena oso-osorik pasa dugu. Jaitsiera gogor baten ondoren, hor ginen Santa Graziko herrian eguerdiko ordu-bata alderako. Hor juntatu gara ibilbide motza egin duten beste 5 kideekin eta, elkarrekin jan ondoren, Maule inguruko Chateau de Libarrenx hotelean hartu dugu ostatu bi gau pasatzeko asmoz.
Ibilbidea eta denborak:
Belagua (hasiera)(1.420 m), Erraitze lepoa (1.570 m; 2,4 km; 0:35), IL/GRT.12 (1.420 m; 4,3 km; 1:00), Erreka (1.210 m; 5,2 km; 1:35), Ehüjarreko haitzartea (940 m; 6,5 km; 2:10), Luroko bidea (590 m; 8,7 km; 3:00), IL/GR10 (560 m; 9,3 km; 3:10), Santa Grazi/ Urdatx (620 m; 10 km; 3:20), Errepidea (bukaera)(625 m;10,2 km; 3:25).
Desnibel metatua: igoeratan: 250 m; jaitsieratan: 1.050 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Belaguako aterpetxetik abiatzen
Zazpi euskal hiriburuak lotzeko gure zeharkaldiarekin jarraituz, Belaguako aterpetxeraino etorri gara gaurkoan. Iruñea eta Maule arteko 9. ibilaldiari ekin diogu eguraldi lainotu eta hotzarekin. Tamalez, Belaguako aterpetxea itxita dago gu heldu garenerako eta ez dugu kafetxoren bat edo hartzeko aukerarik izan. Hotzak uxatzeko bizi-bizi hasi gara Belaguako mendatean gora.
Lainoak eta elur-izpiak goiko mendietan
29 lagun joan gara autobusez Belaguako aterperaino eta 24 abiatu gara eguneko ibilaldi luzea egitera; beste 5 aterpe inguruan gelditu dira, geroxeago beste ibilaldi laburrago bat egiteko asmoz. Esan bezala, eguraldi lainotua dugu eta Larra-Belaguako goi-mendietako lainoen artean elur apur bat suma daiteke eta horren eragina nozitzen ari gara, haize hotza hezurretaraino sartzen baita.
Erraitzeko zelaietan
Belaguako errepidearen ondotik jarraitu dugu, harik eta Erraitzeko lepoan mugaz eta errepideaz bestaldera igaro eta Erraitzeko zelaietara inguratu garen arte. Bat-batean haizea baretu egin zaigu eta gu ere lasaitu gara, tenperatura nabarmen goxatu baitzaigu. Lehen bidezidorra izan duguna, orain pista zabal bihurtu zaigu, eta Erraitzeko zelaiak ganadurako egokiak diren arren, gaur ez dago horien aztarnarik. Leku epelagoetara joanak izango dira.
Ur-jauziaren ondotik behera
Ehüjarreko arroila edo haitzartea da gaurko zailtasunik nabarmenena. GMB taldeak 2010ean burutu zuen zeharkaldi hau, baina kontrako norabidean; hots, goitik behera jaitsi ordez, behetik gora igo zuen. Haitzartean behera abiatu orduko, honako ur-jauzi dotore hau topatu dugu. Ez dakar ur-emari handirik, ez behintzat neguan edo udaberrian adinakorik. Hotzak uxatu ezinik jarraitzen dugu.
Ehüjarreko sakanera bidean
Harrigarria da haitzartearen handitasuna; haren inguruan, inurriak garela ematen du. Bidea malkartu ez ezik, estutu ere egin zaigu. Poliki-poliki goaz, beraz, geure arreta areagotuz, erorketarik ez izateko. Igotzeko bakarrik ez, jaisteko ere aldapa handia dago hemen. Aurrera eginez, arroilan ageri den basora inguratzen ari gara. Lehenago, ordea, geldialdi txiki bat egin dugu, goizean goiz jaiki baikara eta iritsi da mokadu bat jateko tenorea.
Molerzeko haitzuloan
Molerzeko kobazuloa erabili dugu, haren babesean atsedenalditxoa egiteko. Hantxe barneratu ditugu Goierritik eramandako janari eta edariak, indarberritu eta bidean aurrera jarraitzeko. Horren aurretik, ordea, taldearen argazkia egin dugu, toki ederra baita horretarako. Hortxe ageri gara gaurko protagonistak, hamaiketakoaren ondoren irribarretsu.
Banan-banan basoan behera
Amerikarren edo errusiarren sateliteak iristen ez diren lekuan, 24 satelite gabiltza basoan murgilduta. Errekatxoaren ertzetik goaz gehienbat eta tarteka zeharkatu ere egin behar izan dugu. Hasieran, harrigarria dirudien arren, urik gabe zegoen eta ondo, baina gero urarekin topatu dugunean kontu handiagorekin ibili behar izan dugu, hezetasuna dela medio irristakorra baitago eta erorikoren bat edo beste gertatu da. Inolako ondorio txarrik gabe, zorionez.
Urdatxera inguratzen
Basotik jalgi garenean, Luroko bidea topatu eta handik Urdatx herrira inguratu gara. Bidegurutze batean, La Verna leize-zulorako seinaleak ikusi ditugu, kobazulo ikusgarri eta handi hau hemendik hurbil baitago. 2003. urtean, globo aerostatiko bat hegaldatu omen zen leize haren barruan, lau pertsona zituela. Urdatxera hurbildu ahala, gure autobusa ikusi dugu mendatean behera datorrela. Laster elkartuko gara berriro denok.
Urdatx edo Santa Grazi
Heldu gara gaurko helmugara: Urdatx edo Santa Grazi herrira. Hantxe bazkaldu dugu Elichalt ostatuan, giro ezin hobean. Bazkalostean, herriko eliza dotorea bisitatzeko aukera izan dugu, Maulerako bidea hartu baino lehen.
Hurrengo bi ibilaldiak bidaia luzerik gabe egin ahal izateko, Mauletik hurbil dagoen Irabarne herriko Chateau de Libarrenx edo Irabarneko jauregia aterpetxea izango dugu bi egunetarako ostatu, hantxe lo egin, gosaldu eta afalduko baitugu.
Bideoa
Estekak/Enlaces