(2025-07-16an, asteazkena)
Gaur asteazkena, uztailak 16, goizeko 5:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Belaguako aterpetxera joan gara 46 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Iruñea eta Maule arteko 8. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:30ak aldera abiatu gara eguraldi bikainaz eta paisaia ederraz gozatuz.
Oinez hasi eta Arrakogoitiko lepora iritsi baino lehen, geldialdia egin dugu taldeko argazki bat ateratzeko. Gero poliki-poliki igotzen joan gara eta 10ak aldera mokadu bat jatera gelditu gara. Lapatia lepora iritsi garenean, igoera gogortzen hasi da Larrondo mendiko tontorrera iritsi arte. Handik tontor asko ikusi ditugu: Txamantxoia, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia... eta bertan taldeko beste argazki bat atera dugu. Honaino bidea irekia izan da, baina handik aurrera pagadi, harizti eta pinudien artean jaisten hasi gara Martiaberroako leporaino. Hemen bigarren igoerari ekin diogu kontrabandisten bideko begiratokira iritsi arte. Azkenean, jaitsiera hasi dugu, nahiko gogorra, eta Izaba herrian 14:45ak aldera amaitu dugu ibilaldia.
Autobusa hartu eta Espartza Zaraitzura joan gara bazkaltzera eta arratsaldeko bostak eta erdiak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Belaguako aterpetxea (1.422 m), Arrakogoitiko lepoa (1.418 m; 3 km; 0:50), Lapatia (1.534 m; 6,7 km; 2:20), Intzaga (1.336 m; 10,4 km; 3:45), Martiaberroako lepoa (1.122 m; 13,6 km; 4:30), Ardibidegaineko lepoa (1.267 m; 15,6 km; 5:15) eta Izaba (790 m; 18 km; 6:15).
Desnibel metatua: igoeratan: 510 m; jaitsieratan: 1.130 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Gaurko abiapuntua, Belaguako aterpetxea
Goierritik Belaguara. Han, Belaguako Anjel Oloron aterpetxetik abiatu gara eguraldi bikainarekin. Jende gehiago ere badago aterpe inguruan, gu bezala mendiak erakarrita. Ganadu asko dabil, baina denak han utzita ekin diogu gaurko ibilaldiari. Izaba dugu gaurko helmuga eta harantz bideratu ditugu gure urratsak.
Bagoaz aurrera
Ganaduak erabilitako bidezidorretatik goaz, hain zuzen. Belarra nahiko hazia dagoenez gero, bidea markatzen duten hesolatxoak ezkutuan daude eta horrek zaildu egiten du bide egokia aukeratzen. Aurrean dugun ikuspegiak, ordea, oztopo guztiak gainditzen laguntzen digu.
Gure atzean, besteak beste, Keleta, Kartxela eta Binbaleta
Inguruko edertasuna aprobetxatuz, taldearen lehen argazkia atera dugu. Gure atzean, besteak beste, Keleta (1.904 m), Kartxela (1.979 m) edota Binbaleta (1.757 m) mendiak ditugu. Pirinioetan gabiltza eta edonora begiratuta ere mendiak ageri zaizkigu, eguzkitan distiratsu, mendizaleon gozamenerako.
Arrakogoitiko lepoan
Arrakogoitiko lepora hurbildu garenean, agian irailean gertutik bisitatu ahal izango dugun Kakuetako arroila ikusi dugu, baina goiko mendietatik begiratuta. Irailean beste ikuspegi bat eskainiko digu, noski. Behiak eta zaldiak, ganadu ugari topatu dugu lepoan. Hauek ere ederki daude, eguraldi bikain honekin.
Ataka estuan
Tarteka egokitu zaigu bide estu eta malkartsuagoetan ibiltzea. Tentuz ibili behar izaten da holakoetan, pausua gaizki emanez gero, amildegian behera erortzeko arriskua ere bai baitago. Ganadua ere ibiltzen da bide horietan, baina haiek lau hanka dituzte eta, beraz, gu baino egonkortasun handiagoa ere bai. Dena dela, inolako arazorik gabe jarraitu ahal izan dugu aurrera.
Belaguako ibarra eta Pirinioak
Atzera begiratu eta a ze ikuspegia. Belaguako ibarra batetik eta abiatu garen aterperainoko errepidea ere bai. Tokitan gelditu da! Pirinioetako mendiak bestetik; Kortelaplana (1.777 m) aterpetxearen ezkerraldera, eta beste mordo bat atzean eta eskuinaldean. Auñamendi (2.504 m), besteak beste.
Ikuspegi ederra benetan
Lehen aipatutako Kortelaplana ezkerraldean eta Txamantxoia (1.941 m) eskuinaldean. Tartean, berriz, besteak beste Auñamendi, Añelarra (2.357 m), Hiru Erregeen Mahaia (2.446 m), Petrechema (2.371 m), Acherito (2.374 m) edo Bisaurín (2.670 m). A ze gozatua hartu duten gure begiek.
Larrondoko tontorrera igotzen
Nahiko bide erosoa izan dugu orain arte, baina iritsi zaigu aldapan gora hasteko tenorea ere. Orain ez dago atzeko mendiei begira egoterik; hortzak estutu eta behetik gora egin behar gaurko mendi tontorreraino igotzeko. Larrondora heltzean (1.703 m), arnasa lasaitu eta berriro panoramikaz gozatzeko aukera izan dugu. Bada zer ikusia!
Larrondon atzean Pirinioak ditugula
Garai batean Zuberoako espartin lantegietara joaten ziren emakumeen (Enarak) edota kontrabandisten bidetik gabiltza. Baina azken hauek ez bezala, guk ez dugu ezkutuan ibili beharrik. Eta inguruko edertasunik ere ez dugu ezkutatu nahi.
Mendi tontorrekoak amaituta, beherako bideari ekiteko ordua iritsi zaigu.
Izabara bidean
Orain arte eguzkitan ibili gara, baina goitik beherakoan basoetako itzala izan dugu bidelagun zenbait tartetan. Pagadiak, pinudiak, baita biak nahasian dituzten basoak ere. Kontrabandisten pasabidetik behera, berriz, goitik beherakoan malda handia izan dugu eta lanak eman dizkigu Izabara heldu arte. Izan ere, aldapaz gain, eguzkiak berotu egiten du eta azkenerako nekeak ere nahi baino gehiago eragin digu.
Denok ondo amaitu dugu, ordea, eta gustura joan gara Espartza Zaraitzuko Murkuzuria kanpinera bazkaltzera (www.campingmurkuzuria.es).
Bideoa
Estekak/Enlaces