(2024-11-06an, asteazkena)
Gaur urriak 6, asteazkena, goizeko 6:30etan irten gara autobusez Ordiziatik, Beasaindik eta Idiazabaldik, guztira 41 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Iruñea eta Maule arteko zatiaren 7. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:55ak aldera Bidankozetik abiatu gara, hasieran behe-lainoa eta giro freskoarekin, gero eguraldi ederraz gozatzeko.
Herritik irten eta pixkanaka igotzen joan gara. Hasieran pista batetik, gero bidezidorretik jarraitu dugu pinudi batean zehar eta Santa Barbarako tontorrera iritsi baino lehen, mokadu bat jaten gelditu gara, bitartean gure aurrean zegoen Pirinioetako paisaiaz gozatuz. Ondoren Santa Barbara mendira joan gara eta hortik Largintiako tontorra zapaldu dugu. Jarraian Katxolatze mendiaren albotik pasa eta Peñablancako (Kakueta) tontorrera igo gara, eguneko lekurik garaienera. Handik jaitsiera hasi dugu basoan zehar eta Uztarrozera 14:20ak aldera iritsi gara eta herrian bertan gelditu gara bazkaltzen.
Ibilbidea eta denborak:
Bidankoze (775 m), Pista (966 m; 1,6 km; 0:30), Pista utzi (977 m; 2,2 km; 0:40), Laskornako borda (1.017 m; 4,1 km; 1:05), Santa Barbara ermita (1.366 m; 6,3 km; 1:55), Santa Barbara mendia (1.478 m; 7 km; 2:30), San Fernando ataka (1.411 m; 7,9 km; 2:40), Largintia (1.557 m; 8,8 km; 3:00), Katxolatze (1.556 m; 9 km; 3:05), Peñablanca (Kakueta) (1.585 m; 9,7 km; 3:20), Bareanga (1.363 m; 11,1 km; 3:45), Saitsederra (1.412 m; 12,9 km; 4:00) eta Uztarroze (862 m; 17,3 km; 5:25).
Desnibel metatua: igoeratan: 940 m; jaitsieratan: 864 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Bidankoze
Erronkari ibarretik isolatuta dagoen Bidankoze herritik abiatu gara lainopean 39 ibiltari, zazpi euskal hiriburuak lotzeko zeharkaldian. Gaur helmuga izango dugun Uztarrozen jaiotzen da Bidankoze zeharkatzen duen Biniés ibaia; haren gainetik igaro eta herriko kale aldapatsuetan gora egin dugu, herriko etxe dotoreen artean.
Lehenengo igoera, laino artean
Kalez kale goazela, XIII. mendean eraikitako Done Petri elizaren ondotik igaro gara; igaro bakarrik ez, argazki batzuk egitera ere hurbildu gara. Elizari itsatsia dago herriko hilerria. Bidankoze atzean utzi eta behetik gorako bidearekin jarraitu dugu; goizeko freskurak kentzeko ondo etorri zaigu hasierako aldapa hori.
Bidezidorrean zehar
Lehenengo aldapa gaindituta, arnasa bere onera ekartzeko modua ere izan dugu. Bidezidorraren malda leuntzearekin batera, eguzkiak xurgatu ditu ibarreko behe-laino gehienak. Oso zoru oneko bidean goaz baso eta zuhaitz ederrez inguraturik. Horrelako inguruak ikusteko bakarrik merezi du mendian gora ahalegintzea.
Paisaia laino artean
Hemen goian eguzkiak argitzen ditu inguru guztiak, baita sasietako eta zuhaixketako armiarma-sare dotoreak ere (ikusi argazkiak), baina beheko ibarretan lainoak temati jarraitzen du desagertzeko asmorik izango ez balu bezala. Ikuspegi ederrak utzi dizkigu, ordea, eta bidean horrelako irudi asko ikusi ditugu.
Taldea Largintian
Hurrengo hiruzpalau kilometrotan aldapa piko samarra gaindu ostean, goiko mendietara heldu gara: lehenbizi Santa Barbara mendia (1.478 m) eta jarraian Largintia (1.559 m). Hemen goitik ikuspegi zoragarriak daude eta horretaz baliatu gara taldearen argazkia egiteko. Ez dakit gu paisaia edertzen dugun (baiezkoan nago), baina zalantzarik gabe paisaiak edertzen gaitu.
Taldea Peñablancarako bidean
Largintiatik Peñablanca aldera hartu dugu. Lehen, besteak beste, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi edota Ezkaurre ekialdean ikusi baditugu, orain bi mila metroak gainditzen dituen lehen mendia, Orhi (2.019 m), agertzen zaigu ipar-mendebaldean. Tartean Katxolatze (1.563 m) mendiaren albotik igaro gara eta izan da, hain hurbil egonda, tontor harritsura igo denik ere.
Peñablancatik ateratako paisai ederra
Peñablanca izan dugu hurrengo tontorra eta eguneko gailurrik garaiena (1.583 m). Oso bide erosoan gabiltza, alfonbra baten gainean ibiliko bagina bezala. Eta zer esan gure begiek hartu duten gozamenaz? Argazkia ikusita hitzak soberan daudela esango nuke. Begiratu eta gozatu zuek ere.
Uztarroze
Goiko mendiak utzita iritsi zaigu beheko ibarrera itzultzeko tenorea. Planoetako bide batek zalantzaren bat sortu digu, baina ibilian-ibilian ikusi dugu hura gaizki dagoela eta bidean agertzen diren marra zuri-gorriei jarraituz, arazorik gabe jaitsi gara erdigunea muino baten inguruan duen Uztarroze herrira. Basoak eta basoko udazkeneko koloreek irudi bikainak eskaini dizkigute jaitsiera horretan.
Bideoa
Estekak/Enlaces