(2024-10-29an, asteartea)
Gaur urriak 29, asteartea, Burgin hasi eta Erronkarirainoko ibilbidea egin dugu. Goizeko 6:30 aldera irten gara Ordiziatik, gero Beasaindik eta Idiazabaldik pasatuz, guztira 44 ibiltari. 8:45 aldera hor ginen Burgin ibilbidea hasten. Hasieran erreka laino puska bat izan arren, gero eguraldi ederraz gozatu dugu.
Dena gorako bidean IL/GR 321etik ibili gara denbora luzez, Ellakurria gainaren albotik, Odietaren albotik eta Landa gainetik igaroz eta Argible mendira, gaurko garaienera, igoz (Pirinio aldeko ikuspegi polita dago handik). Beherako bidean IL 321a utzi eta Goldaraza sakanetik hor ginen Erronkarin eguerdiko ordu biak aldera. Gaiarre tenorra dagoen hilerria bisitatu ondoren, bazkaltzera jaitsi gara herrira; gero autobusez etxerantz hartu eta ia ilunduta iritsi gara Ordiziara.
Ibilbidea eta denborak:
Burgi (hasiera) (608 m), Borda (784 m; 2,6 km; 0:40), Ellakurria alboa (895 m; 3,8 km; 1:00), Landa (1.105 m; 8,3 km; 2:35), Argible (1.200 m; 9,7 km; 3:05), IL/GR 321a utzi (965 m; 12,3 km; 4:00), Surioko borda (771 m; 16,3 km; 5:00), Erronkariko hilerria (728 m; 17,1 km; 5:10), Erronkari (bukaera)(713 m; 18,3 km; 5:25).
Desnibel metatua: Igoeratan: 749 m; jaitsieratan: 659 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Burgitik abiatuta
Errepidez abiatu ondoren, mendi alderako pista zabala hartu dugu (IL/GR 321). Zazpi Euskal Hiriburuetako zeharkaldian, Iruñea eta Maule arteko zatian, 6. etapa burutu nahi dugu Burgi eta Erronkari artean. Almadien eguna ospatzen duen herritik irten gara 42 ibiltari behe-lainoz inguratuta. Fresko antzean egiten duen arren, ibiltzeko giro ona dago.
Lainopean
San Simon eta San Juda egunaren biharamunean, autobusen goazela, zerua oskarbi izan dugu tarte luzean, baina Erronkaribarrera hurbiltzean ibar guztia lainopean topatu dugu. Lainoak inguratuta joan gara mendian gora ere, baina ez dago aldapa handirik eta eroso goaz. Bide bazterreko sasietan armiarma sare dotoreak ikusi ditugu (ikusi argazkiak atalean).
Odietaren inguruetan
Marra zuri-gorriek adierazten digute ibilbide luze batean gabiltzala; kasu honetan, Errege Bidea izeneko IL/GR 321ean. Ondo adierazita dago, baina hura utzi eta Odieta gainera igo nahi izan dugunean, gentozen bidetik jarraitu behar izan dugu berriro, tontorrerako bidea sasiek itxita aurkitu dugulako.
Landako muinoa pasata
Neguko ordutegia dela eta, gaur goizago argitu zaigu eguna. Gure bidean, ordea, kilometro batzuk egin behar izan ditugu, beheko lainoak atzean utzi eta eguzkiaz gozatzeko. Handik aurrera gurekin izan ditugu eguzkiaren argia eta berotasuna.
Pirinioetako gailurrak zurituta
Eguzkiarekin batera paisaia ere argitu zaigu bidean gora goazela. Urrunean Pirinioetako zenbait gailur azaldu zaizkigu, horietako batzuk tontorra zuritua dutela. Goizeko lainoa ere desagertu da beheko ibarretatik.
Argibleko gailur estuan
Apurka-apurka heldu gara gaurko gunerik garaienera: Argible tontorrera (1.200 m). Gain hartan ikuspegi ederrak dauden arren, leku gutxi dago taldearen argazkia egiteko eta aurrera jarraitu dugu. Gailur haren inguruan aurkitu dugu gaurko biderik traketsena, baina poliki-poliki eta tentu handiz, inork minik hartu gabe lortu dugu oztopoa gainditzea.
Erronkarira iristen
Tontorra igarota goitik beherako bideari ekin diogu. Abiada bixian egin dugu Erronkari artekoa, uneren batean pista utzi eta bidezidorra hartuz. Bidegurutzetako batean hurrengo etapako abiapuntu izango dugun Bidankozerako bidea ere ikusi dugu.
Gaiarre ospetsuaren hilobiaren ondoan
Erronkariko seme ospetsua da Julian Gaiarre tenorra (1844-1890). Hilerrian mausoleo ikusgarri bat dago haren omenez eta hilobi horren ondoan Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean kanta abestu dugu. Ibiltarien argazkia atera eta abestu ondoren, herrira jaitsi gara, etxera itzuli aurretik hango Suargi tabernan bazkaltzera.
Bideoa
Estekak/Enlaces