(2025-11-11an, asteartea)
Gaur asteartea, azaroak 11, goizeko 6:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Zeberio herrira joan gara 64 mendizale, Euskal Herriko zazpi hiriburuak lotzen dituen zeharkaldiko azken etapa egitera; hau da, Donostia eta Bilbo arteko 8. ibilaldia. Goizeko 8:05ak aldera abiatu gara, giro haizetsu eta freskoarekin, baina zeru nahiko garbiarekin.
Zeberioko Ermitabarri-Ibarratik atera eta aurreko etapan egin genuen ibilbidearen kontrako noranzkoan, Irumugarrietara igo gara eta pinudi-bideetatik jarraituz, Makatzagako tontorrera iritsi gara. Jaitsiera labur baten ondoren, San Segismundo baselizan, hamaiketakoa egin beharrean, hamarretakoa egin dugu. Gero zoru belartsuko aldapa tente bat igo eta Artandara iritsi gara, eguneko punturik garaienera. Handik jaitsi eta Arrigorriaga herria zeharkatu dugu. Bertatik aldapa pikoan gora eginez, Finagako San Martin baseliza pasa eta Malmasingo tontorra zapaldu dugu. Azkenean, jaisten hasi eta Ollargango parkean 13:50ak aldera amaitu dugu ibilaldia. Autobusa hartu eta Bilboko jatetxe batean bazkaldu dugu eta arratsaldeko 17:15ak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Ermitaberri-Ibarra (Zeberio) (150 m), Ametzagoikoa (203 m; 1 km; 0:15), Zeberiogana (312 m; 2 km; 0:35), Ametzolagoiti (334 m; 2,5 km; 0:40), Irumugarrieta (492 m; 4 km; 1:05), Idurieta (547 m; 5 km; 1:20), Makatzaga (425 m; 6,7 km; 1:50), San Segismundo baseliza (391 m; 7,5 km; 2:00), Atxiketa (439 m; 8,1 km; 2:30), Artanda (544 m; 9,3 km; 2:50), Aberatzako landa (332 m; 10,1 km; 3:10), Altamira (128 m; 11,8 km; 3:35), Artolatz (85 m; 12,2 km; 3:40), Maria Magdalena eliza (58 m;, 12,7 km; 3:50), Arrigorriaga (57 m; 13,2 km; 3:55), Arrigorriagako Eguneko Zentroa (APNABI)(122 m; 14,1 km; 4:10), Finagako San Martin baseliza (205 m; 14,9 km; 4:20), Brisketa (264 m; 15,6 km; 4:35), Malmasin (353 m; 16,2 km; 4:55), Andikogana (243 m; 16,7 km; 5:05) eta Ollargan (Bilbo)(43 m; 19,2 km; 5:55).
Desnibel metatua: igoeratan 905 m; jaitsieratan: 1.012 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Zeberioko Ermitabarri-Ibarratik abiatu berritan
2023ko uztailean hasitako zeharkaldiaren amaiera. Bi urte eta lau hilabete geroago, hasitako hiriburu berean amaituko dugu Zazpi Euskal Hiriburuetako zeharkaldia.
Bizkaiko Zeberio herriko Ermitabarri-Ibarra auzotik abiatu gara gaur, Paduako San Antonioren ermita dotorearen ondotik, hasi aurreko ohiko prestaketak egin ondoren. Erreka ondotik gora egin eta zenbait baserri igarota Zeberiogana auzora iritsi gara; han, Andra Mari ermitaren ingurutik igaro eta mendian gora jarraitu dugu.
Tontorrandi lepora inguratzen
Zeberiogana auzotik aurrera, aurreko ibilaldian jaitsitako bidetik igo gara Irumugarrieta lepora. Hiru herrietako mugak elkartzen dira han: Bedia, Galdakao eta Zeberio. Tontorrandi mendiaren gailurra hurbil dagoenez, taldekide batzuk haraino hurbildu eta aurrerago berriro taldearekin elkartu dira. Inguru hauetan pinuak dira nagusi, baina badira udazken koloreez apaindutako pagari dotoreak ere.
San Segismundo baselizaren aurrean
Oraindik goizeko hamarrak dira, baina leku egokia iruditu zaigu eta San Segismundo baselizaren ondoan egin dugu hamarretakoa. Baseliza bakarrik ez, gerra garaiko aztarnak ere badaude ermitaren ondoan; metrailadoreentzako gune gotortua, esaterako. Kanpotik nahiz barrutik, bertatik bertara ikusi ahal izan dugu gune berezi hura. Hantxe egin dugu ibiltarion argazkia bidean aurrera jarraitu baino lehen.
Artanda mendiko azken aldapa
Bidean aurrera eginez, eguneko gunerik garaienera igo gara: Artanda mendira (550 m), hain zuzen. Ikuspegi ederra dago han goitik eta, eguraldi bikaina dugula probestuz, gozatu bat eman diegu gure begiei. Handik ikusi ditugu, besteak beste, Lekanda mendia eta atzerago Gorbeia tontorra lainoz estalia duela; handik ikusi ditugu zeharkaldiko lehen etaparen hasierako hiriburua (Bilbo) eta orduan igo genituen Pagasarri eta Ganekogorta mendia; eta handik ikusi dugu laster zeharkatuko dugun Arrigorriaga herria ere.
Artanda menditik behera
Artanda menditik behera jarraitu dugu hango ikustaldia amaitzean. Arrigorriagara hurbiltzean, baserri batek eman digu atentzioa: Altamira baserriak. Baratzetarren baserria omen da, eta izenarekin bat eginez baratze ederrak dituela ikusi dugu. Laster gurutzatu dugu Nerbioi ibaia, jadanik Arrigorriagako kaleetan. Geroxeago Andra Maria Magdalena elizaren eta Arrigorriagako udaletxearen ondotik igaro gara, berriro aldapan gora hasi aurretik.
Malmasindik Bilbo aldera
Aldapan gora goazela, gaztelaniazko izen esanguratsua duen Salud e Higiene auzoa igaro dugu lehenbizi, Finagako San Martinen ermitara heldu aurretik. Behetik gorako bidean jarraituz, bidezidor batetik garai bateko Malmasingo gotorlekuaren aztarnen ondotik pasatu gara, Malmasingo tontorrera (360 m) iritsi baino zerbait lehenago. Han goian gure helmuga (Bilbo) bistaratu zaigu berriro eta harantz jaisten hasi gara.
Ibilaldiko eta zeharkaldiko amaiera: Ollargan parkea, Bilbo
Amaitu dira gaurko mendiak eta ari gara amaitzen gaurko ibilaldia ere; eta ibilaldiarekin batera zazpi euskal hiriburuak lotu dituen zeharkaldi osoa ere bai. Leku eder batean amaitu ere: Bilboko Ollargan parkean. Egun berezia dugunez, 64 mendizale elkartu gara azken etapa hau egiteko eta, amaieran, parke hartan prestatu gara gaurko beste opariaren bila joateko.
Bazkalostean Bilboko pilotaleku ederrean
Prestaketa lanak amaitzean, Bilbo erdialdera joan gara autobusez hango Club Deportivo Bilbao elkartearen jatetxera (Errekalde zumardia, 28. Bilbo. Tel.: 944 23 11 08).
Han aurrez eskatutako menu goxoa jan dugu ibilaldia burutu dugun guztiok. Zerbitzu bikaina eskaini digute hango zerbitzariek eta etxean egon bagina bezala egon garela esan dezakegu, leku dotore eta zoragarri hartan. Amaieran, elkartearen harribitxietako bat ikusi ahal izan dugu, hango pilotaleku bikaina, eta hantxe egin digu Endika jatorrak talde osoaren argazki ikusgarri hau. Mila esker guztioi!
Bideoa
Estekak/Enlaces