(2025-10-28an, asteartea)
Gaur asteartea, urriak 28, goizeko 7:00etan Goierrin elkartu eta autobusez Dima herrira joan gara 59 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Donostia eta Bilbo arteko 7. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:40ak aldera abiatu gara, giro fresko, baina oskarbiarekin. Hasieran, Dimako Indusi auzotik atera behar genuen, baina ezusteko baten ondorioz, Baltzolako San Lorentzo ermitatik hasi dugu ibilaldia.
Baselizatik atera eta Atxa mendia inguratu dugu, Bargondia auzora jaitsiz. Hortik, errepidez, Ugarana (Dima), Igorre (hemen mokadu bat hartu dugu) eta Zelaia (Arantzazu) igaro ditugu. Gero, landa-bideetan zehar gorantz hasi gara Argiñao auzora iristeko. Berehala San Adrian baselizaren ondotik pasa, pinudietan sartu eta Argiñaoko Atxa mendira iritsi gara. Aurrera jarraituz, aldapa tente bat igo eta, Mandoia mendi tontorra zapaldu ondoren, taldearen argazkia atera dugu. Azkenean, Belatza menditik jaisten hasi eta, Irumugarrieta igaroz, 14:15ak aldera amaitu dugu ibilaldia Zeberioko auzo nagusia den Zubialden. Bertan bazkaldu dugu eta arratsaldeko 17:00ak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
San Lorentzo (Baltzola) (435 m), Etxebarriantonea (322 m; 2,3 km; 0:34), Bargondia (304 m; 2,4 km; 0:36), Burdin hesia (194 m; 3,7 km; 0:50), Ugarana (115 m; 4,8 km; 1:18), Bekoetxe (100 m; 6,3 km; 1:30), Olabarri (87 m; 8,1 km; 3:20), Zelaia (92 m; 9,4 km; 2:20), Apalagoikoa (375 m;, 11,7 km; 3:05), Argiñaoko Atxa (520 m; 13 km; 3:30), Musatza (468 m; 13,9 km; 3:45), Mandoia (632 m; 14,9 km; 4:15), Belatza (602 m;, 15,6 km; 4:25), Irumugarrieta (493 m; 16,4 km; 4:40), Ametzolagoiti (335 m; 17,6 km; 5:00), Zeberiogana (312 m; 18,1 km; 5:05), Aldekoa (222 m; 19 km; 5:15) eta Zubialde (Zeberio)(124 m; 20,2 km; 5:35).
Desnibel metatua: igoeratan: 623 m; jaitsieratan: 933 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Dimako Baltzola auzotik abiatu berritan
Ezusteko arazoren bat tarteko, Dimako Baltzola auzoko San Lorentzoren ermitan eman diogu hasiera zazpi euskal hiriburuetako etapa berriari. Dimako Indusi auzoan hasteko asmoa genuenez, aldaketaren ondorioz ikusi gabe gelditu dira, besteak beste, Jentilzubia eta Axlor eta Baltzolako kobazuloak.
Ermitatik abiatu eta pinudi artean inguratu dugu Bargondiako Atxa mendia, Bargondia auzora jaitsi aurretik.
Dimako auzo nagusia, Ugarana
Bargondia auzora hurbildu aurretik, mintegi eder baten ondotik igaro gara; eureka, badatoz aldaxka berriak! Leku laiotzean gabiltzan arren, eguzkia dugu goizean goizetik; oraingoz inguruko mendiak argitzen ditu eta nola argitu gainera. Besteak beste, Lekanda eta Gorbeia. Bargondia igarota, Dimako auzune nagusira heldu gara: Ugaranara.
Arantzazu, Bizkaia
Ugaranan, hango udaletxearen eta San Pedro elizaren ondotik igaro eta Igorrera joan gara, bide asfaltatuak eta bidegorria tartekatuz. Han, parke batean egin dugu hamaiketakoa, eta indarrak berrituta ekin diogu berriro bideari. Igorretik Bizkaiko Arantzazura joan gara. Arantzazuko elizaren eta udaletxearen ondotik igaro eta Arratia ibaia zeharkatu dugu Zelaiako zubitik, mendialderako bidea hartu baino lehen. Izenburu bitxia duen frontoia edo kiroldegia ere ikusi dugu (“Ondo kostata”).
Basoko itzalpean
Guk ere, batzuetan, ondo kostata egiten ditugu ibilaldiak. Tarte honetan, behintzat, ez dago horrelakorik. Aldapa handirik gabeko bidean goaz, basoko itzalaren gerizpean. Tropelean gabiltza taldea gehiegi luza ez dadin. Bestela, aurrekoak atzekoen zain gelditu behar izaten baitira.
Eguzkitan goxo
Itzaletik jalgi eta eguzkitan goaz tarte honetan. Laster murgildu gara berriro basoan eta bidea ere tentetu egin zaigu. Bide gurutze batean, nahasketa txiki bat izan dugu, baina berehala konpondu ahal izan dugu Apalagagoikoa izeneko eraikuntzara heldu aurretik. Beste aldapa tente bat igo eta Argiñaoko Atxa mendiko lepora iritsi gara.
Aldapa pikoan gora
Argiñaoko Atxa lepoan, talde nagusiak aurrera jarraitu duen bitartean, beste taldetxo bat mendi hartako tontorrera (524 m) hurbildu da. Une batez bidea leundu egin zaigu, baina laster etorri da eguneko aldaparik handiena, gaurko mendi garaienera eramango gaituena. Ahalegin handia eskatzen duen igoera da.
Mandoia mendian (638m). Atzean, Bilbo
Poliki-poliki, ordea, gainditu dugu tarte batzuetan % 40ko maldak dituen aldapatzarra. Mandoia (637 m) mendiaren gailurrean gaude, gure atzealdean Bilbo eta inguruko herriak ditugula. Horiek bakarrik ez, itsasoa eta Bilbo inguruko mendiak ere ederki ikusten dira gain honetatik. A ze taldea elkartu garen gaurkoan; 55 lagun, alajaina.
Zeberiora bidean
Behetik gorakoak amaituta, goitik beherako lanak egin behar orain. Eguzkiz argitutako eta udazkeneko kolorez margotutako baso ederrak igaro ditugu; argazkian ageri dena, esate baterako.
Aurrerago, Zeberiogana auzoan, hango Andre Mariaren ermitaren inguruan, bide berria hartu eta Zeberioko auzune nagusia den Zubialdera jaitsi gara, hango Herriko Taberna jatetxean (Zubialde, 10. ZEBERIO. Tel.: 94 648 08 76; 617 906 325) bazkaltzera. Gaurkoan ere oso giro ederrean bazkaldu dugu taberna ondoko plazan.
Bideoa
Estekak/Enlaces