(2025-10-15ean, asteazkena)
Gaur asteazkena, irailak 15, goizeko 7:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Aramaioko herrira joan gara 60 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Donostia eta Bilbo arteko 6. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:45ak aldera Etxaguengo elizatetik abiatu gara, giro onarekin.
Bertatik igotzen hasi eta, Leziagako lepoa igaro eta gero, Zabalandira iritsi gara, Anboto mendi erraldoiaren azpira, hain zuzen ere. Hor taldearen argazki bat egin dugu. Berehala Pagozelai pasa eta Pol-Pol aterpe txikira jaitsi gara; handik Urkiolagirreko gailurrera igo eta hantxe hamaiketakoa egin dugu. Jarraian, Urkiolako santutegira jaitsi eta bertako harriaren inguruan taldearen bigarren argazkia bat atera dugu. Gero, Saibiko tontorra zapaldu dugu. Gorabehera batzuk eginez Iturriozko, Akalarrako eta Olarretako lepoetatik igaro gara. Azkenean, jaisten hasi eta Diman, Baltzola auzoko San Lorentzo ermitan, 14:35ak aldera amaitu dugu ibilaldia. Diman bazkaldu dugu, Baltzola auzoan, eta arratsaldeko 17:30ak inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Etxaguen (Aramaio) (563 m), Zabalandi (896 m; 4,1 km; 1:20), Pagazelaiburu (1.002 m; 5,7 km; 1:40), Pol-Pol aterpe txikia (882 m; 7 km; 1:55), Urkiolagirre (1.010 m; 7,8 km; 2:15), Urkiolako santutegia (716 m; 9,9 km; 3:05), Saibitxiki (854 m; 11,05 km; 3:20), Saibi mendia (940 m; 12 km; 3:35), Iturriotz lepoa (758 m;, 12,8 km; 3:55), Iturriotz (780 m; 13,1 km; 4:00), Akalarra (725 m; 13,6 km; 4:05), Kerexagako arratea (887 m; 15,1 km; 4:40), Eskuagako lezea (896 m;, 15,9 km; 5:00), Ollomendi (658 m; 17,5 km; 5:20), Irindiobeitigoia (663 m; 17,7 km; 5:25), Ganekopagoeta (638 m; 18,6 km; 5:30) eta Baltzola, Dima (San Lorentzo ermita)(435 m; 20,4 km; 5:55).
Desnibel metatua: igoeratan: 1.046 m; jaitsieratan: 1.174 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Abiapuntua, Etxaguen, Aramaio
Zazpi euskal hiriburuetako zeharkaldiarekin jarraituz, Donostia eta Bilbo arteko 6. etapari heldu diogu gaurkoan Arabako Aramaio udalerrian. Aramaio 9 herri edo elizatez osatua dago. Arazo txiki baten ondoren, eliza baten inguruan sortutako Etxaguen herrixkaren inguruan utzi gaitu autobusak. Kilometroa osatu baino lehenago igaro dugu aipatutako herria; hango San Migel eliza edo bolatokia atzean utzi aurretik, mizpiraz betetako mizpirondoa edo hiruzpalau kalabaza handi eta kiwi ugari dituen baratza dotorea ikusi ditugu gure bide bazterrean.
Pagadian zehar
54 mendizale animatu gara gaurko ibilaldia egitera. Etxaguen igarota, aldapan gora jarraitu dugu larrean ari ziren hiruzpalau zaldi adi-adi begira ditugula. Urrunago Gantzagako Atxa eta inguruko mendiak ikusi ditugu; inguru hartan egon omen zen Santa Cruz apaiza kobazulo batean ezkutatua. Udazken itxura hartzen ari diren pagadi ederrak igaro ditugu, orbela kras-kras zapalduz, Anboto barrenera heldu aurretik.
Anbotoren magalean
Iritsi gara Zabalaundira, Mariren bizileku den Anboto handiaren magalera. Eguraldi eguzkitsu bikaina dugu eta bidegurutze hartan egin dugu talde osoaren lehen argazkia. Bidegurutze denez, aukera bat baino gehiago daude, baina guk lehenbizi Urkiolagirrera eta segidan Urkiolako santutegira eramango gaituen bidea hartu dugu.
Anboto inguratzen
Anboto mendia inguratuz segitu dugu gure bidean aurrera. Eta bidean goazela, zein topatuko eta mendizale ezagun bat: Alberto Iñurrategi. Ezagutu dutenek agurtu dute, besteok beste batean agurtu beharko dugu. Pol-Poleko aterpe txikira inguratu, hesi bat gainditu eta mendian gora ekin diogu Urkiolagirrera igotzeko asmoz.
Urkiolagirren gora
Aldapa gogortu zaigu, baina bide belartsuak gozatu egiten du maldak eragindako nekea. Orain arte eguzkia nagusi izan bada ere, Anboto inguruko mendi-tontorrak hasi dira lainoz estaltzen. Igoeraren amaieran Urkiolagirre mendia (1.008 m) dugu zain, sari eta guzti: hantxe egin baitugu gaurko hamaiketakoa ikuspegi zoragarriarekin.
Beherakoan lainoa
Panoramika ez ezik, giro bikaina izan dugu mendi-tontor hartan. Mesfidati samar bada ere, zaldiak ere inguratu dira; ez gehiegi, ordea. Mokadutxoa amaitu orduko, goitik behera abiatu gara, eta lehenago begi-bistan genituen Alluitz, Untzillatx edo Mugarra desagertu egin zaizkigu, eta haiekin batera gu ere bai, Urkiolara hurbiltzean hango lainopean murgildu baikara.
Urkiolako santutegiaren aurrean
Lainoz inguratuta bada ere, iritsi gara Urkiolako San Antonio santutegira. Eraikin handi haren aurrean egin dugu gaurko bigarren argazkia, gure aurrean harri sonatua dugula. Gutako batzuk harriaren inguruan biraka aritu dira; ohitura zaharren arabera, haren inguruan zazpi buelta ematen dituenak senarra edo emaztea aurkituko (edo mantenduko) omen du. Baina, kontuz, kontrako norabidean bueltak emanez gero, galdu ere egin baitaiteke. Hango lanak amaituta, maldan gora hasi gara berriro hurrengo tontorrera bidean.
Saibiko gailurrean
Durangotik Gasteiz aldera doan BI-623 errepidea arretaz gurutzatu eta behetik gora ekin diogu Saibi mendira arteko igoerari. Asfaltatutako edo hormigoizko pistatik hasieran eta mendiko bideetatik segidan, une batean pinudian sartu eta gurutzera igotzeko aldapa hartu arte. Gora igo eta han borrokatu zuten gudarien oroimenezko plaka duen gurutzearen aurrean atera dugu taldearen argazki berri bat, Gorbeia aldera begira.
Dimara inguratzen
Saibitik jaitsi eta lepoz lepo jarraitu dugu bidean aurrera. Oso leku politak dira hauek, giro ederrarekin gabiltza eta helmugara hurbiltzen ari gara. Izan dugu, halere, gogor samarra egin zaigun igoera txiki bat; ez da luzea izan, baina bai neketsua, dagoeneko kilometro batzuk eginak ditugulako. Hura gaindituta, beherako bidea izan dugu Dimako Baltzola auzoko San Lorentzo ermitan ibilaldia amaitu dugun arte.
Bigarren taldekoak San Lorentzo ermitan
Beste taldeko kideak Dima inguruan ibili dira, eta, besteak beste, Jentil-zubia eta guk amaitu dugun ermita bisitatu dute argazkian ikus daitekeenez.
Gero Dimako Baltzola jatetxean (Ugarana auzoa, 5. Tel.: 946 73 63 86) elkartu gara denok eta giro paregabean bazkaldu dugu bertan. Deigarria eta eskertzekoa izan da urteak betetzen zituzten bi taldekiderekin izan duten detaile polita.
Bideoa
Estekak/Enlaces