(2025-07-02an, asteazkena)
Gaur asteazkena, uztailak 2, goizeko 6:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Aia herrira joan gara 48 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Donostia eta Bilbo arteko 2. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:00ak aldera Aia herritik abiatu gara, lainotuta baina giro epelarekin. Ia ibilbide osoa lanbro eta euri artean egin dugu eta ezin izan dugu paisaiaz gozatu.
Hasi orduko, igotzen joan gara Pagoetako gurutzera iristeko. Ondoren, jaisten hasi eta Urruztumeko tumulutik eta Lizarrako lepotik igaro gara Aiako Urdaneta auzora iritsi arte, non bertako frontoian hamaiketakoa egin dugun. Gero Errotatxiki baserrira joan gara eta bertako zubian taldeko argazki bat atera dugu. Gure ibilbideari jarraituz, berriro igotzen hasi gara San Pelaio baselizaraino lehenbizi eta hortik Santa Engraziako ermitara. Hemen ere taldeko beste argazki bat atera dugu. Azkenean, jaisten hasi eta Zestoa herrian 14:15ak aldera nahiko bustita amaitu dugu ibilaldia. Herrian bertan bazkaldu dugu eta arratsaldeko lauak eta laurden inguruan abiatu gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Aia (303 m), Mindiko erreka (590 m; 2,2 km; 0:45), Pagoetako Gurutzea (674 m; 3,2 km; 1:05), Oñarretako lepoa (478 m; 4,7 km; 1:40), Igelar (464 m; 5,2 km; 1:50), Urdaneta (371 m; 6,1 km; 2:00), Errotatxiki (78 m; 8,2 km; 2:55), San Pelaio (301 m; 9,7 km; 3:30), Egañazpi (302 m;, 10,9 km; 3:50), Bidegurutzea ermitara (416 m; 11,9 km; 4:10), Kontuz bidexkarekin (480 m; 12,1 km; 4:15), Santa Engrazia ermita (502 m; 12,3 km; 4:30), Santutxoa (409 m; 13,1 km; 4:50), Ipintza (386 m; 14,4 km; 5:10), Ezenarrogoikoa (325 m; 15,4 km; 5:25), Erromako bidea (119 m; 17,3 km; 5:55) eta Zestoa (71 m; 18,5 km; 6:15).
Desnibel metatua: igoeratan: 822 m; jaitsieratan: 1.068 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Aiatik lainopean abiatu berritan
Goizeko zortziak. Eguraldi muzinarekin abiatu gara Aia herritik mendi aldera. Aldapa bizi-bizia dago hasiera honetan, baina zoritxarrez, lainopean goazenez, laster ezkutatu zaizkigu inguruko bazter gehienak.
Pagoetako gurutzean
Laino artean jarraitu dugu maldan gora eta laino artean topatu dugu gaurko lehen tontorra: Pagoetako gurutzea (676 m). Atsedenaldi labur bat egin dugu eguneko gunerik garaienean, arnasa lasaitu ahal izateko, baina laster berrekin diogu bideari, zer ikusirik ez baitago eguraldi petral honekin.
Bidegurutzean
Laino itxiari euri langarra gehitu zaio eta eguraldia aldrebestu egin zaigu. Aiako Urdaneta auzora heltzean, pilotaleku dotorea aurkitu dugu eta han, aterpean, egin dugu goizeko mokadutxoa. Auzo polita dirudi Urdaneta, baina gaurko eguraldiak hura ondo ikusteko aukera ere zapuztu digu.
Errotatxikiko zubi dotorearen gainean
Goiko tontorretik erreka-zulora. Urdaneta auzotik Altzolarats edo Granada izeneko errekaraino jaitsi gara eta haren gaineko zubian egin dugu ibiltarion argazki dotorea Errotatxiki baserriaren ondoan. Ahateak dabiltza uretan eta ahuntzak inguruko harkaitz malkarretan; etxe ingurua zaintzen duten zakurrek, berriz, zaunka hartu eta agurtu gaituzte.
Aterrunea
Leku ederretan gabiltza, baina eguraldiak ez digu lagundu leku horiek behar bezala ikusten. Hala ere, tarteka, aterrune batzuk izan dira eta, aldapan gora, berdez jositako bazterrak miretsi ahal izan ditugu.
Egañazpi baserritik gora
Aterrune horietako batean Aizarnako herriaren ingurutik igaro gara, eta, geroxeago, Egañazpi pandero-jole eta kantari ospetsuaren jaiotetxearen ondotik. Berriro gorantz egiten du bideak eta halaxe egin dugu guk ere Santa Engraziaren ermitara bidean.
Santa Engrazia ermita
Ermitara inguratzean, bidea estutu eta, neurri batean, trakestu ere egin zaigu. Poliki-poliki, ordea, heldu gara izen bereko mendiaren gailurrean (507 m) dagoen baseliza dotorera. Leku airoso eta ikusgarrian dago, baina gaurko eguraldiarekin alferrik da; ez da ezer ikusten. Lastima!
Ermita ikusgarriaren barruan
Eguraldiaren eraginez, ermitaren barruan egin dugu taldearen argazkia. Aldare inguruan, Santa Engraziaren eta Kristoren irudiak daude (azken hau 1975ean egindako mosaikoa). Sarreran, alboko txoko batean, erloju bikain baten makineria dago, beirate batek babestua.
Hangoak amaitzean, goitik behera Zestoarantz abiatu gara; tarteka, irristadak eta erorikoren bat edo beste ere jasan ditugu, bidea labainkor eta arriskutsu baitago, baina onik iritsi gara denok helmugara. Zestoan, Portale Kultur Elkartean bazkaldu dugu (Erdi kalea 7, Zestoa. Tel. 943 12 42 56). Izan dugun eguraldiarekin, eskertu ditugu, bai, hango aterpea eta zerbitzu bikainak.
Bideoa
Estekak/Enlaces