AIA - ZESTOA
Aiatik irtengo gara, eta laster, Pagoetako gurutzera iritsi aurretik, hagin zuhaitzak topatuko ditugu, Pagoetako Parke Naturalaren barruan. Zuhaitz mota honetako Europako multzo nabarmenetakoa dugu bertan. Ondoren, Urruztumeko tumulutik (luberri) eta Lizarrako lepotik jaitsiko gara Sarobe-berri baserriraino, eta, han, landa-bidetik, Aiako Urdaneta auzora (eusko-ikaskuntza)jaitsiko gara. Laster asfaltoa utzi eta Errota Txiki baserri bitxira iritsiko gara, non Altzolarats edo Granada erreka zeharkatuko dugun. Ziurrenik hortik etorriko da Baserri bertsolari handiaren baserriaren izena: Granada baserria.
Bidean aurrera eginez, San Pelaio ermitara (euskal-herria.org) igo behar dugu bidezidor batetik, eta Egañazpiko baserrira iritsita, beste bidezidor batetik, Karmengo baselizaraino (euskal-herria.org) eta Santa Engraziako ermitara (zestoa.eus) eta tontorrera igoko gara.
Handik aurrerakoa, goitik beherako bidea izango da gehienbat, eguneko helmugara, bainuetxe famatuko Zestoara (turismoa.euskadi.eus), heldu arte.
AIA - ZESTOA
Altzolarats (guka.eus) edo Granada erreka, Gipuzkoako ibai bat da, Urolako arro hidrografikoan dagoena. Ernioko mendilerroan jaiotzen da, Iturriozko bentatik gertu, Errezilgo lurretan. Iparrerantz egiten du ondoren eta Pagoetako natura parkea mugatzen du. Aizarnazabalen isurtzen ditu bere urak Urola ibaira.
Santa Engraziako ermita edo baseliza Urolaldeko (urolaturismoa.eus) paraje paregabean kokatua dago, Aizarnako mendi tontor baten gainean (507m), Zestoako udalerrian. Beste ermita ugariren antzera, Portugalen jaio eta IV. mendearen hasieran Zaragozan hil zuten Santa Garazi (Santa Engrazia) martiriaren izena darama ermitak.
Santa Engraziako Bentatik, oinez, ordu laurdeneko bidea besterik ez dago. Historia luzea du, Euskal Herriko baselizetan zaharrenetarikoa da, ezbairik gabe. Aizarnan eta Zestoako udalerrian sentimendu bereziak eragiteaz gain, bailara osoko ikur enblematikoetakoa da, oro har, herritarren artean, eta bereziki mendizaleen artean. Dagoen tokian egonagatik, herritarren auzolanari esker, egoera onean dago ermita. Ermita ingurutik Aizarna, Ernio, Izarraitz, Pagoeta eta itsasoaren ikuspegi paregabeaz gozatzeko aukera dago. Leku estrategikoan eraikitako eraikina da, Erdi Aroan Nafarroatik kostaldera zihoan bide baten inguruan, hain zuzen.
Kanpoaldetik begira jarrita, elizaren itxura baino gehiago gotorleku baten itxura hartzen zaio. Hormetan lau leiho eta sarrerako atea zabaltzen dira, guztiak ere gotiko estiloko arku zorroztuak dituztenak. Sarreran harrizko ur bedeinkatu ontzi bat dago, gurutze lauso batekin. Itxura eta egitura oso xumeak ditu, auzolanean eraikitako baseliza gehienen moduan. Dena dela, kanpandorreak eta kanpaiak erakartzen dituzte, bereziki, bisitarien begiak.
Ermitaren barruan, aldare inguruan, erdian Santa Garaziren eta Kristoren irudiak daude; eskuin aldean berriz, Santa Agataren irudia ageri zaigu. Ezkerraldeko horman Done Jakue eta San Ignazio Loiolakoaren irudiak kokatzen dira. Atzealdean, sartu eta eskuinera, San Paulo apostoluaren irudia dago, eta txokoan 1914. urtean hortxe kokatu zuten erloju bikain baten makineria agertzen da, beirate batek babestua.
Leku ederra (mendikat) inolako ezbairik gabe.
Eguraldia/El tiempo
Hurrengo irteera
Aia
Santa Engrazia