(2025-07-22an, asteartea)
Gaur uztailak 22, asteartea, 52 mendizale elkartu gara EZHko DB03 ibilbidea egiteko, Zestoan hasi eta Azkoitiko Madariaga (Madarixa) auzoko Otarre jatetxean bukatzeko.
Autobusez goizeko seiak eta erdietan abiatu eta Ordizian, Beasainen eta Zumarragan jendea hartuz Zestoaraino joan gara.
Zazpiak eta erdietarako ibiltzen hasiak ginen; Urola ibaia zeharkatu ondoren, Lili jauregiaren albotik eta Ekainberritik pasatu gara, baita Sastarrain baserri eskolaren ingurutik ere, Endoiako errepidera iritsiz. Hortik aurrera IT/PR – GI 46 ibilbidean joan gara ia bukaeraraino. Lastur auzoan hamaiketakoa egiteko geldialdia egin eta igoera gogorrean Otaerre tontorrera iritsi gara. Handik beherantz Larraskanda auzotik igaro eta hor ginen Otarre jatetxean bost ordu eta erdi pasa ondoren. Gozatu ederra hartu dugu goietan zeuden ikuspegiekin eta gainera eguraldi fresko eta ederraz ederki baliatu gara.
Bazkaria Urrestillako Larrañaga jatetxean lagun-giro ederrean egin ondoren itzuli gara Goierri aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Zestoa (hasiera) (52 m), Lili jauregia (49 m; 0,4 km; 0:10), Sastarrain (72 m; 1,5 km; 0:25), Elortza (266 m; 3 km; 0:55), Beliosorogoikoa (395 m; 4,8 km; 1:20), Otzarreta (405 m; 5,8 km; 1:35), Esteiaundi (380 m; 7,5 km; 2:00), Murgizar (296 m; 8,9 km; 2:20), Lastur (144 m; 10,3 km; 2:40), Abeletxe (146 m; 11 km; 3:10), Irubia lepoa (450 m; 13 km; 3:45), Otaerre tontorra (663 m; 14,5 km; 4:20), Larraskanda auzoa (541 m; 15,3 km; 4:40), Orandain lepoa (631 m; 16,7 km; 5:10), Otarre jatetxea (Madarixa) (586 m;18,5 km; 5:30).
Desnibel metatua: igoeratan:1.022 m; jaitsieratan: 504 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Lili jauregia
Zestoako herritik abiatu gara eta garai bateko trenbidetik Urola ibaia zeharkatu dugu. Laster topatu dugu Lili jauregi dotorea. XVI. mende inguruko multzo arkitektoniko honetan, jauregia bera eta hari atxikitako Lilibea izeneko eraikina ikusi ditugu. Urteak igaro ahala, jauregia baserri bilakatu zen, Zestoako Udalak erosi zuen arte. Berreskuratze lanak egin ondoren, bisita antzeztuen programa bat antolatzen da bertan.
Paisaia
Aurreraxeago Ekaingo kobazuloaren egungo erreplikaren ondotik igaro gara: Ekainberri. Ekaingoak Euskal Herriko labar-artearen lan goren gisa hartzen dira. Sastarrain errekaren ondotik jarraituz, izen bereko baserri-eskolara iritsi gara. Balio natural eta historiko handiko gunea da. Han bidea tentetzen hasi eta inguruko mendi gailurretara inguratuz joan gara. Besteak beste, Izarraizko mendiak ikusi ditugu eguzkitan distiratsu.
Lastur
Bidean hainbat baserriren ondotik igaro eta Itziartik Endoiara doan errepidean tarte bat ere egin dugu. Poliki-poliki goitik beherako bidea izan dugu gero eta laster aurkitu dugu Debako auzo dotorea: Lastur. Han bi errota daude errenkan: aurreneko errotatik ateratzen den ura bigarren errotaren biltegira doa. Errotez gain, bitxia da Lasturko zezen-plaza ere.
Bide gozoan aurrera
Lasturko pilotaleku bikainaren inguruan berritu ditugu gure indarrak gaurkoan. Leku ederra da hura, baina aurrera jarraitu behar, oraindik bukaera arte tarte luzea dugu eta. Debara doan errepidetik joan gara, bidean Leizaolako jauregiaren ondotik igaroz; geroxeago, errepidea utzi eta zoru lakarreko pista batean gora jo dugu, harik eta Irubiako lepotik gora bidea leundu eta gozatu zaigun arte.
Aldapan gora
Aldapan gora jarraitu dugu, baina oso bide onetik; orain artekoa ona izan bada, oraingoa askoz hobea. Eguzkia da hemen nagusi, baina haizea ere badabilenez, eguraldi bikaina dago mendiaz gozatzeko. Hortxe, goraxeago, ezkerretara hartuko dugu, IT/PR Gi46 ibilbideko marra hori eta zuriei jarraituz, Otaerre mendiko gailurraren bila.
Itzaletik eguzkitara
Eguraldi bikaina dago, baina holako pagotzarren itzala ere eskertzen da. Gaurkoan izan ditugu itzalguneak eta basoan zuhaitz galantak topatu ditugu errotik erauzita. Ez zen gozoa izango horiek bota zituen haizea. Emeki-emeki bideak gorantz egiten du eta ari gara tontorrera inguratzen. Laster izango ditugu berriro begi bistan Otaerre tontorreko gurutzea eta antena.
Otaerre mendiaren gailurrean
Poza ematen du holako mendizale talde bat gailurrean irribarrez ikustea. Otaerre mendian (663 m) gaude, eguneko gunerik garaienean. Lasturtik (144 m) igo dugu; beraz, gaurko igoerarik handiena ere hauxe izan dugu. Tontorrean, gurutzeaz eta postontziez gain, antenatzar bat ere badago, inguruan hesitua, inguruko edertasuna lausotzen duena.
Pago artean
Otaerre atzean utzita, amaiera alderako tarteari ekin diogu. Larraskanda auzora hurbildu gara lehenbizi; han, behiren bat edo beste putzuan sartuta ikusi ditugu eta gainerakoak inguruan. Pago galantak ere bai, eta haien artetik jarraitu dugu Azkoitiko Madariaga auzoko Otarre jatetxearen aparkalekuraino.
Hantxe amaitu dugu gaurko ibilaldia, baita Abuztu aurreko ibilaldiak ere. Eta hori behar bezala ospatzeko, Urrestillako Larrañaga jatetxera joan gara bazkaltzera (Tel.: 943 81 11 80). Leku aparta edozein ospakizunetarako.
Bideoa
Estekak/Enlaces