(2025-06-16an, astelehena)
Mapa
Profila
Aireko bista
Donostia
Euskal Herriko Zazpi Hiriburuen arteko zeharkaldian, atal berri bati eman diogu hasiera; Donostia eta Bilbo lotuko dituzten ibilaldiei, alegia. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak Gipuzkoako hiriburuan dituen eraikinetara hurbildu eta handik ekin diogu gaurko etapari. 48 mendizale elkartu eta Igeldo aldera igotzen hasi gara. Lainoak eta ostarteak ditugu, baina ibilgiro bikaina. Gora egin ahala, behealdean ikusi ditugu Donostiako etxe eta kaleak, eta urrunago mendiak laino eta behe-laino artean.
Gudamendi
Gudamendi bidetik heldu gara Igeldoko gainera. Aurrez aurre eraikin dotore hau ikusi dugu; hotela da eta jatetxea ere badago bertan. Geroxeago Igeldo auzoa bistaratu zaigu eta, han, aurreikusitako bidea utzi eta Donejakue bidea partekatu dugu zenbait erromesekin. Kantauri itsasoa begi bistan dugula, zenbait baserriren ondotik igaro gara. Belardiak eta baratzeak ikusgarri daude eta etxe inguruak zer esanik ez, lorez inguratuak (horien artean kolore askotako hortentsiak).
Oztopoak saihesten
Bide erosoan gabiltzan arren, aurtengo udaberriaren aztarnak ere behin baino gehiagotan nozitu behar izan ditugu. Erromesekin batera, lokatza izan dugu bidelagun erreka itxura duten zenbait bide zatitan. Sigi-saga, ezker-eskuin ibili behar izan dugu maiz, ahalik eta lokatzik gutxien etxeratzeko. Hala ere, gure oinetakoetan eta galtza-barrenetan nabaritu da nondik nora eta nola ibili garen.
Oriorako bidean
Kukuarri (377 m) izango da, agian, inguru honetako tontorrik ezagunena. Haren inguruan egin dugu atsedenaldia, Orio aldera inguratzen hasi baino lehen. Gero, erromesen txoko baten ondotik igaro gara; txirrindulariak errepidean gora eta behera dabiltza; zenbait gunetan ondo zaindutako mahastiak ageri dira; eta ez dira falta Orioko trainerua animatzen duten mezuak.
Taldea, atzean Orio dugula
Goitik behera autopistako sarrera ondoraino jaitsi eta behetik gorako aldapa pikoari heldu behar izan diogu, San Martin ermitaraino igotzeko. Leku ikusgarrian dago baseliza. Gunearen edertasunaz baliatuz, taldearen argazkia egin dugu atzealdean Orioko barra famatua dugula. Kanta ezagunak dioen bezala, 1901ean han agertu zen balea goizeko bederatziak aldean, maiatzaren hamalaugarren egunean.
San Martingo ermita
San Martin baseliza kokaleku pribilegiatu batean dago, muino baten gainean, Oria ibaiaren bokaleari eta itsasoari begira. Eraikin zaharrago baten gainean eraikitako egungo ermita XVI. mendekoa da seguruenik. Ermitaren ondoan dauden hondakinak, berriz, garai bateko seroren etxearenak omen dira (aurreko argazkian ikus daitezke). Serorak ermitak eta ermita inguruak zaintzeaz arduratzen ziren eta XVII. mendearen hasieratik serorak izan omen ziren ermita honetan. Bi serora ere izan omen zituen zerbitzuan.
Orio
Orioko kale estu eta aldapatsuetatik Oria ibaiaren ondora jaitsi gara, XIII. mendeko Goiko kaletik eta San Nikolas elizaren ondotik igaro ondoren. Orioko semea zen Jorge Oteizaren Pietatea ere ikusi dugu eliza horretan bertan. Ibaiara inguratu garenean, nabaria da azken euriteen ondorioz ibaiak dakarren kolorea, argazkian ere ikus daitekeen bezala. Oria ibaia eta errepidea dagokien zubien gainetik zeharkatu eta Aia alderako bidea hartu dugu Ubegun industrigunean.
Bidegurutzea
Orio atzean eta behean utzi eta Aia aldera jo dugu. Lehenbizi errepidez eta gero baserri artetik; aurreraxeago, ordea, bidez aldatu behar izan dugu, aurreikusitakoa lokazturik eta egoera kaxkarrean zegoelako. Bide berritik jo dugunean, saiatu gara Agorregiko burdinolaren eta erroten multzora eramango gintuen bidea hartzen, baina azkenean etsi eta beste bide batetik igo gara Aiara, Manterola Saletxe baserri dotorearen eta Orortegi landetxearen ondotik igaro eta gero.
Han, herriko igerilekuko tabernan, lasai bazkaldu dugu zerbitzu paregabearekin, eta, ondoren, herrigune dotorea bisitatzeko aukera izan dugu, besteak beste, Aiako Done Eztebe eliza, Gozategi plaza, Garagorrienea etxea edota Santutxoa miretsiz. Herri polita da Aia.
Bideoa
Estekak/Enlaces