(2025-06-05ean, osteguna)
Gaur osteguna, ekainak 5, goizeko 6:30ean Goierrin elkartu eta autobusez Aiako Harria parke naturalaren erdira joan gara 46 mendizale, zazpi euskal hiriburuetako Baiona eta Donostia arteko 4. zeharkaldia egitera. Goizeko 8:00ak aldera Biandizko lepotik abiatu gara, giro lainotu baina epelarekin.
Hasi orduko aldapatxo bat igo dugu, Munagirre tontor belartsura iristeko. Gero jaisten hasi gara Kausoko harrespileraino eta ibilbideari jarraituz Zariako tontorra zapaldu dugu. Jarraian, biziki kostatu zaigu otez eta sasiz betetako bidexka estu batetik igarotzea, oso itxita zegoelako (Ikusi wikiloc-eko oharra). Hortik, Listorreta aldera joan gara Barrengoiloko parkingetik pasatuz. Baserri bidetatik ibiliz, Perurena bentara iritsi ondoren, Txoritokietako gotorlekura igo gara eta bertan taldeko argazkia atera dugu. Azkenean, jaisten hasi eta, Astigarraga herritik pasa eta gero, Martutenen amaitu dugu ibilaldia 14:35ak aldera.
Ibilbidea eta denborak:
Biandizko lepoa (706 m), Gogorren Hegiko Torrea (770 m; 0,25 km; 0:05), Munagirre (779 m; 0,9 km; 0:20), Kausorogaña (626 m; 2 km; 0:45), Zaria (629 m; 3,3 km; 1:00), Eraikuntza (451 m; 4,4 km; 1:20), Otraizko gaina (486 m; 5 km; 1:35), Idurieta (328 m; 6,4 km; 2:10), Ezpalurri (379 m;, 7,5 km; 2:30), Pista utzi (451 m; 9 km; 2:55), Barrengoloia (196 m; 11 km; 3:40), Listorretako Zabala (181 m; 11,5 km; 3:50), Frantsesillagaberri (139 m; 13 km; 4:15), Perurenabenta (128 m; 13,7 km; 4:25), Floreagaberri (238 m; 14,7 km; 4:35), Txoritokieta (313 m; 15,5 km; 4:50), Bidegurutzea (tokiko errepidea)(106 m; 16,8 km; 5:25), Mendiola (36 m; 18,2 km; 5:55), AP-8 (5 m; 19 km; 6:00), Martuteneko zubia (13 m; 20,4 km; 6:20) eta Martutene (249 m; 21,2 km; 6:35).
Desnibel metatua: igoeratan: 551 m; jaitsieratan: 1.242 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Biandizko lepotik abiatzen
Zazpi Euskal Hiriburuak lotzeko gure egitasmoaren barruan, Baiona eta Donostia arteko 4. eta azken etapari heldu diogu gaurkoan. Eguraldi lainotua dago Oiartzundik Artikutzarako bidean dagoen Biandizko lepoan, baina ez du hotzik egiten; ibilgiro ederra dago. Hasi eta berehala maldan gora egin behar izan dugu eta mendizaleon tropela luzatu egin da. Laster zapaldu ditugu lehenengo tontorrak: Gogorren Hegiko Torrea (772 m) lehenbizi eta Munagirre (780 m) jarraian.
Gure atzealdean Aiako Harria
Ilara luzean jarraitzen dugu, Aiako Harria ikusgarria atzealdean dugula. 46 mendizale abiatu gara gaurkoan gure asteroko ibilaldia egiteko asmoz. Arrazoi batengatik edo bestengatik aspaldian etorri gabeko batzuk agurtu ditugu gaur eta giro onean goaz denok elkarrekin. Gainez gain gabiltza, bide erosoan, inguruan ikuspegi ederrak ditugula: alde batean kostaldea ageri zaigu; bestean Artikutza inguruko mendi eta baso berdeak.
Munagirre tontorrean
Lehenbiziko aldapak atzean utzita, Munagirre mendira hurbildu gara. Argazkian ikusten den bezala, irudi bitxia dago tontorrean: danborra bere makila eta guzti. Handik Donostia ikusten denez, badirudi Donostiako danborradarekin zerikusia izan dezakeela. Donostia bakarrik ez, Donostialdea eta Pasaia aldea ere ikusten dira hemen goitik. Ikuspegi zabal bezain ederra.
Paisaiaz eta larreaz gozatzen
Aiako Harria parke naturalean gabiltza. Edertasun paregabeko gune honetatik, besteak beste, Txingudiko badia, Hondarribia, Irun eta Hendaiako herriak, Jaizkibel mendia eta Oiartzungo harana ikusten dira. Artikutza aldeko baso eta mendiak ere ikusteko modukoak dira. Hemen goian, ordea, ez gaude bakarrik. Begiratu argazkiko ardiak; horiek ere, gu bezala, inguruko edertasunaz gozatzen ari dira.
Alfonbra berdearen gainean
Ardiak ez dira bidean ikusi ditugun abere bakarrak. Zaldiak ere gustura dabiltza larrean. Eguneko unerik zailenera hurbiltzen ari gara, ordea. Zaria mendia gainditu eta laster, Otraitz mendiko aterpera heldu gara; han aurreikusitako bidetik behera hasi eta otadi itxi-itxia topatu dugu. Aurrealdean otea, atzealdean otea, gure gaurko patua otea ote da? Ez da ez txantxetako gauza izan. Mahuka edo galtza luzerik ez zutenak nozitu dute ederki, batez ere aurrean bidea irekitzen aritu direnek. Hango sasiek eta arantzek arrasto ugari utzi dizkigute.
Susperregi jatetxearen inguruan
Kalbarioa bukatu denean, ondorengoa autobidea iruditu zaigu. Aldura mendira igotzea aurreikusita zegoen, baina hara igotzeko bidea otadikoaren antzekoa zegoela eta, ez gara handik igaro. Bidean hainbat aterpe txiki eta txukun topatu ditugu (Idurieta, Ezpalaurgi, Burkondo,…), mendian ibiltzen direnen gozamenerako. Jarraian Susperregi jatetxearen ondotik eta inguruan Aizpitarteko kobak dituen Barrengoloia aisialdi gunetik igaro gara.
Berdea nagusi
Auzoetako errepideetan ibili gara hurrena, besteak beste Perurena Bentatik igaroz. Aurreraxeago errepidea utzi eta azken igoerari heldu diogu Txoritokietako gotorlekurantz. Ordurako lagun batzuk falta genituen eta geroxeago jakin dugu zergatik falta ziren. Haietariko batek ondoeza bat izan du eta larrialdietako zerbitzura deitu behar izan dute. Larrialdietakoek ondoezik zegoena erietxera eraman dutenean, gure taldekide bat harekin joan da eta beste hirurak aurrerago elkartu zaizkigu; haiek eman digute igarotako une estuaren berri.
Txoritokietako gotorlekuaren ondoan
Txoritokietara iristean taldearen argazkia egin dugu Donostia atzealdean dugula. Handik behera gindoazela, hartu nahi genuen beste bide bat egoera txarrean aurkitu eta bidez aldatzea erabaki dugu. Hala, Astigarraga jaitsi gara lehenik, zenbait sagardotegiren ondotik pasatuz, eta jarraian Martutenera joan gara, gaurko ibilaldia hango kartzelaren ondoan amaituz. Han autobusa hartu eta Añorgako Jolas Etxea jatetxera (Añorga Hiribidea 44, tel.: 943 94 04 56) joan gara bazkaltzera. Giro onean bazkaldu dugu hango terrazan, batez ere gure taldekidearen berri onak izan ditugunean.
Gure esker ona adierazi nahi diegu gure laguna artatzen aritu diren guztiei (suhiltzaile, mediku, erizain,…), eta, bereziki, hari lagundu dioten 4 taldekideei. Bihotz-bihotzez mila esker denoi.
Bideoa
Estekak/Enlaces