(2024-08-20, asteartea)
Gaur, autobus gidariaren atseden egunaz baliatuz, hoteletik bertatik irten gara; gosaldu eta hor ginen 7:40 aldera martxan 29 mendizale. Gausac herrixka pasa eta bere kaleetan benetako igoera eginaz eman diogu hasiera ibilaldiari. Hortik gora, bidea baso barruan egin dugu Bassa d’Oles aintzira eta paraje ederrak pasatuz. Aurrerago ibilbidea asko lasaitu zaigu, Naut de Gelesko etxola eta Santet de Casau ermitako lepora atera arte. Handik aurrera, gora-behera batzuk eginaz, Tuc de Letassi tontorra pasa eta Montcorbisón gainera iritsi gara.
Bueltako bidea zuzenean egin dugu Bassa d’Oles aintzira arte eta gero igotako bide berdinetik jaitsi gara berriz Vielhara, sei bat ordu eta erdi pasa ondoren. Bazkaria herriaren goiko aldean dagoen piknik gune batean egin dugu, lagun-giro ederrean.
Ibilbidea eta denborak:
Vielha (hasiera) (960 m), Bassa d’Oles aintzira (1.580 m; 3,7 km; 1:40), Naut de Gelesko etxola (1.877 m; 7,3 km; 2:00), Santet de Casau ermita (2:30; 1975m; 7,9km), Tuc de Letassi (2.124 m; 8,6 km; 2:53), Montcorbison (2.120 m; 9,5 km; 3:20), Bassa d’Oles aintzira ( 1.580 m; 11,8 km; 4:31), Vielha (bukaera) (980 m; 16 km; 6:50).
Desnibel metatua: igoeratan: 1.330 m; jaitsieratan: 1.282 m.
Aireko bista
Mapa
Profila
Vielhatik abiatuta Gausac herrira iristen
Bigarren egun honetan, hoteletik bertatik irten gara. Vielha kalez kale zeharkatu ondoren, Gausac herrira iritsi eta han hasi dugu gaurko lehen igoera. Oso igoera aldapatsua, hango San Martin elizatik gora kale maldatsuak baitaude.
Bassa d´Oles ondoan
Kaleak atzean utzi eta Iberiar penintsulako izeidi handienetakoa den Baricaubako basoan murgildu gara hurrena. Baso horretako soilgune batean, Bassa d’Oles aintzira dago eta haren ondoan, berriz, eskoletako ikasleek eta txangozaleek soilik erabil dezaketen Era Piusa aterpea. Gaurko helburu nagusia ere ikusi dugu handik: Montcorbison mendia.
Roca Sacosta ondotik gora
Aintzira igarota, ibilbidea lasaitu egin zaigu. Mendi handiak ikusten dira inguruan eta haran sakonak ere bai. Ez dira mendi malkartsuak; aitzitik, belardiak dira nagusi haien mazeletan. Han-hemenka ikusten diren borda inguruetan ganadua ere badago, behiak gehienbat.
Marmotak gure 'zaindari'
Poliki-poliki mendian gora goazela, eguneko ezustekoa: marmotak. Haien txistu-hotsa aditzean, gu ere erne jarri gara eta begien bistan tente-tente azaldu zaizkigu guri begira. Parean pasatzean, zuloan ere ikusi ditugu eta zientoka argazki egin dizkiegu. Une zoragarri eta ziragarria izan da.
Santet de Casau ermitako lepora iristen
Naut de Gelesko etxolaren hondakinak igaro eta geldialdia egin dugu, hamaiketakoarekin indarrak berritzeko. Jan-edanean ari garela, Gasteizko mendizale bat igaro da, duela zenbait urte Pirinioetako zeharkaldia egiten ari ziren gure taldekideekin topo egin zuena. Handik Montpius mendira joateko asmoa genuen, baina ibilaldia gehiegi luzatu gabe, zuzenean Santet de Casau ermita aldera jo dugu.
Tuc de Letassi bidean
Santet de Casau ermitaren ondoan aterpe bat ere badago; han gelditu da gure gasteiztarra bere lagunen zain. Guk aurrera jarraitu dugu, mendiz inguraturik, Tuc de Letassi tontor aldera. Paraje ederretan gabiltza.
Mendizaleak Montcorbisongo gailurrean
Gailurretik Pirineotako mendirik altuenak
Paraje ederrez baliatuz, mendizaleon argazkia egin dugu Montcorbison mendiaren gailurrean (2.173 m). Inguruko mendi berdeak ez ezik, ondo asko ikusten dira gain hartatik Pirinioetako gailurrik garaienak; Aneto mendia (3.403), besteak beste, elur eta guzti.
Montcorbisongo maldetatik behera
Behetik gorako lanak amaituta, goitik beherakoak egitea dagokigu jarraian. Eta Bassa d’Oles aintzira arteko zatia ez da nolanahiko jaitsiera. Malda handiko aldapa da, euria ari duenean arriskutsua izan daitekeena. Handik Vielhara itzuli eta herriaren irteeran, Nere (okzitanieraz beltza) errekaren ondoan dagoen piknik gunera joan gara, gure ibilaldia egin ez duten beste taldekideekin elkartu eta bazkaltzera.
Bideoa
Estekak