(2024-08-19an, astelehena)
Goizeko 7:45an hor ginen autobusean, Conangles aterpe aldera joateko. 8:30 aldera abiatu gara hortik, Rius aintzira aldera. Hara iristean, Redon aintzirako lepotik pasa eta laku horretara jaitsi gara. Ikusmira ederra hortik, besteak beste, Aneto inguruak eta Aigüestortes eta San Mauricio parkeko mendiak.
Jarraian dena beherantz, berriz Conanglesko aterpe ingurura. Han genituen ibilbide motzeko taldekoak, baso eder baten azpian dena prest zutela bazkaltzeko. Tertuli ederra egin ondoren, berriz Vielha aldera, hotelera.
Ibilbidea eta denborak:
Conangles aterpea (hasiera) (1.550 m), Vielha ospitaleko bidegurutzea (1.680 m;1,7 km; 0:50), IL/GR11 bidegurutzea (2.145 m; 4,4 km; 1:55), Rius aintzira (2.325 m; 8,3 km; 2:55), Tort de Rius aintzira (2.347 m; 9 km; 3:20), Redon aintzirako lepoa (2.433 m; 11,2 km; 4:10), Redon aintzira (2.249 m; 13,2 km; 4:30), IL/GR11 bidegurutzea (2.145 m; 15 km; 5:10), Conangles (bukaera) (1.550 m; 16,3 km; 6:40).
Desnibel metatua: igoeratan: 1.110 m; jaitsieratan: 1.110 m.
Aireko bista
Mapa
Profila
Bi taldeak elkarrekin Conanglestik abiatzeko prest
Argazkian ikusten denez, eguraldi freskoarekin abiatu ginen guztiok Conanglesko aterpearen ingurutik. Gero, taldea bitan banatu zen: talde nagusiak Rius aintzirako ibilaldia egin zuen bitartean, bigarren taldea Molieresko ur-jauzietara joan zen. Gizon eta emakume 54 lagun, argazkilaria barne.
IL/GR-11 bidean gora
Conangles ingurutik abiatu, Vielhako ospitale zaharrera doan bidezidorra utzi eta Pirinioak zeharkatzen duen bide nagusian gora goaz. Hasiera lasaia izan bada ere, pixkanaka malda handitzen hasi da. Eguraldi eguzkitsuak argitasun berezia ematen die hemengo mendi eta bazter ikusgarriei. Artalde handi bat ere topatu dugu inguru hauetan.
Harrikari malkartsuan sartuta
Aldapa areagotzearekin batera, harriak eta harkaitzak ere ugaldu zaizkigu. Behetik gorako bidearen zati bat gero goitik behera jaitsi behar izan dugunez, kontu handiz ibili behar izan dugu hala igoeran, nola batik bat jaitsieran.
Taldea Rius lakuan
Hona hemen gaurko lehen aintzira handia: Rius aintzira. Hamaiketakoa egin ondoren, mendi ederrez inguratutako paraje ikusgarri honetan, mendira igo garenon argazkia egin dugu. Jarraian, aintzira inguruan ibili eta, aldapan gora, hurrengo aintzira aldera jo dugu. Mendi tontorrean beste artalde bat azaldu zaigu, lehengoa baino dezente txikiagoa.
Redongo lepotik Aneto Maladetako mendizerra
Mendizaleak Redongo gainean
Poliki-poliki ibilaldiko gune garaienera heldu gara: Redon aintzirako lepora, hain zuzen (2.433 m). A ze ikuspegia izan dugun begien aurrean. Redon aintzira bera ez ezik, inguruko mendiak eta, urrunean, Aneto eta Maladeta mendilerroa elur eta guzti. Edertasun hura guztia atzean dugula egin dugu mendizale taldearen bigarren argazkia.
Izen bereko lakura jaisten
Puntu altuenera iritsita, heldu zaigu beherantz abiatzeko tenorea. Redon aintzira aldera jaitsi gara lehenbizi; gero igotzeko hartu dugun bideraino joan gara; eta, azkenik, igotako bidetik itzuli gara goizean abiatutako tokira. Ibilaldi luzea izan da (6h 40’), malda handikoa (1.000 metrotik gorako desnibela, igotzeko nahiz jaisteko) eta prestakuntza fisiko ona eskatzen duena.
Bazkaldu ondoren autobusera bueltan
Horrelako ibilaldiak merezi zuen eta talde osoak Conangles inguruan bazkaldu dugu lagunarte paregabean. Eguzkia ere gurekin dugula, leku zoragarri batean harmonia ederrean egon gara, lehenbizi autobusera eta gero, Vielhako tunela zeharkatuta, gure hotelera itzuli garen arte.
Bideoa
Estekak