(2024-08-19an, astelehena)
Goizeko 7:50ak aldera irten gara talde osoa autobusez hegoalderantz N-230 hartuta. Eguraldi bikaina dugu eta fresko dago. Vielhako tunela pasa ondoren gelditu gara Conanglesko aterpearen inguruan dagoen aparkaleku batean. Mendiko trasteak hartu ondoren, eskuin aldean dagoen pista bat hartu dugu. Errekako zubitxoa gurutzatuta basoan sartu gara. 15 lagun gara. 8:20ak dira. Hasi eta berehala hiru lagunek erabaki dute lasaiago egin behar dutela ibilbidea eta gero ur-jauzian elkartuko garela. Basoa zeharkatu ondoren gorantz doan bidezidorra hartu dugu eta berehala Vielhako Ospitale zaharra zeharkatu dugu. Ondoren pista bat jarraituz eguzkitan eta sigi-saga basoan sartu gara berriro eta laster topatu dugu lehenengo ur-jauzia: Ur-jauzi Zuria deritzona. Erreka goitik behera dator hots handi batekin. Ikusgarria! Batzuk erabakitzen dute han gelditzea. Gorantz jarraituz harri handi trakets batzuk pasa ondoren, bidezidor bati jarraituz Molieresko ur-jauzi handira iritsi gara. Ura bost edo sei metrotik erortzen da goitik behera. Halere ez dauka ur asko, albotik errekatxora ihes egiten diolako. 1.897 metrotan gaude. Buelta hartu eta taldeko besteekin elkarturik denak irteera lekura iritsi gara.
Ibilbidea eta denborak:
Hasiera (Pedals del Foc parkinga)(1.548 m), Conangles aterpea (1.558 m; 0,5 km; 0:10), Vielhako ospitalea (1.625 m; 2,4 km; 0:52), Molieresko ur-jauzia (1.835 m; 5,7 km; 2:35), Rasako laugunea (1.745 m; 6,5 km; 3:02), Conangles aterpea (1.558 m; 10,7 km; 04:34).
Aireko bista
Mapa
Profila
Molieresko bailara inguruan
Conanglesko aterpe inguruko parkingetik abiatu, Conanglesko basotik eta Vielhako ospitale ingurutik igaro eta Pirinioetako goi mendi ikusgarriak gure aurrean.
Molieresko ur-jauzira iristen
Molieresko lehen ur-jauzi dotorearen ondoan gaude. Honekin nahikoa ez, eta aurrera jarraitu dugu bigarrenaren bila.
Ur-jauziaren azpian
Hauxe da Molieresko bigarren ur-jauzia, paraje zoragarrian dagoena. Molieresko ur-jauzia Tuc de Molières (3.010 m) menditik datorren uraz elikatzen da.
Vielhako ospitalera iristen
Itzulerakoan, Molieresko lehen ur-jauziaren inguruan eskuin aldeko bidea hartu eta, Vielhako ospitale ondotik igaroz, abiatu garen lekura bueltatu gara.
Bideoa
Estekak