(2023-07-11, asteartea)
Gaur, uztailak 11, asteartea, Ordiziatik autobusez irten gara goizeko 5:30ean GMBko 44 mendizale (12 emakume eta 32 gizon). Goizeko 8:45ak aldera Eretako eski-estaziora iritsi eta Euskal Pirinioetako 11. etapari ekin diogu. Askotan eskertu dugun ipar-ekialdeko haize finarekin eta zeru oskarbiarekin, txango ederra izan da. Gaur bai, gailurrak nabarmen ikusi ditugu, hala nola, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Billareak, Midi d´Ossau eta beste asko.
Bideak ez du zailtasun handirik, baina Osqueko ataka gainditu behar da. Pasabide laburra da, baina harkaitzei eta sokari heldu behar zaie lepo hori zeharkatu ahal izateko. Lehen 7 kilometroak erraz igotzen dira Azunseko leporaino, gero Laskungo haranaren bila jaisteko. Jaitsieran Braca d´Azunseko pagaditik igaro gara eta haranean, berriz, belardietatik. Eretan artzainak ikusi ditugu jezteko makina mekanikoekin beren ardiak jezten eta bordetan gazta saltzen. Gazta ere erosi dugu artzain bikote gazte baten esku dagoen Cap de la Baitch-eko bordan. Ibilaldia ibarraren behealdean amaitu dugu, ibaiaren ondoan; gero autobusera igo eta Candachura joan gara bazkaltzera.
Ibilbidea eta denborak:
Ereta (1.628 m), Bidegurutzea (1.800 m; 2,6 km; 0:45), Teleferikoa (1.921 m; 4,2 km; 1:30), Osqueko ataka (1.895 m; 5,5 km; 2:12), Azunseko lepoa (1.873 m; 6,5 km, 2:55), Cap de la Baitch-eko borda (1.695 m; 7,5 km; 3:15), Ardinet-eko borda (1.563 m; 8,5 km; 3:30), Braca d´Azuns-eko basoa (1.467 m; 9,5 km; 3:45), Laberouat aterpea (1.437 m; 11,3 km, 4:15), Laskun (898 m; 15,8 km; 5:30), Amaiera (826 m; 16,8 km; 5:45).
Desnibel metatua: igoeratan: 561 m; jaitsieratan: 1.368 m.
Mapa
Profila
Aireko bista
Eretatik abiatuta 44 mendizale
Biarnoko basoetan zehar
Osqueko atakara igotzen
Osqueko ataka atzean utzi eta aurrera
Taldea Auñamendi atzean duela
Cap de la Baitch borda pasatu ondoren
Laskunera inguratzen, Billare mendia
Laskunera iristen
Estekak/Enlaces