TESTUINGURUA
GERTATUTAKOAREN KRONOLOGIA
AURREKARIAK
1970ean, 18 greba izan ziren lantegietan lan-hobekuntzak eskatzeko; Cegasan, Burgosko Prozesuaren aurka ere bai.
1972ko otsailean, Michelinen lan-uztea egin zuten. Poliziak langileak kaleratu, eta haien eskaera guztiak baztertu zituzten ugazabek; ondorioz, Michelingo langile guztiek ekin zioten grebari (3.500). Beste enpresa asko ere gelditu ziren, elkartasuna adierazteko. Michelingo langileen manifestazio batean, poliziak 30 langile zauritu eta 7 atxilotu zituen.
1974an, Gasteizko Langile Koordinadora eratu zen, lantegi guztien koordinaziorako tresna gisa. Bertan, eskaera ekonomikoak eta politikoak biltzen ziren: elkartze-, greba-, manifestazio- eta adierazpen-eskubidea, preso politikoak askatzea eta erbesteratutakoak itzultzea.
MARTXOAK 3
1976ko urtarrilaren 9tik aurrera Forjas Alavesas enpresako langileak greban zeuden; hilabete horretan bertan, 30 bat enpresak ere grebari ekin zioten, langileak beren artean koordinaturik zeudela. Urtarriletik bertatik, langileen emazteek ere hainbat ekimen eraman zituzten aurrera. Ezagunena azoka, kale eta erakundeen aurrean masiboki agertzea izan zen, erosketako saski hutsak eskuetan zeramatzatela, senarrak greban egonda ezertarako dirurik ez zutela salatu nahian. Emakume langileak ere baziren; ehungintzako sektorean, adibidez, gehiengoa ziren, kremailerak egiten zituen Areitio lantegian kasu. Asanbladetan eta grebetan parte hartzen zuten, eta soldata-berdintasuna ere eskatzen zuten; izan ere, lan berdina egiteagatik askoz gutxiago irabazten zuten.
Martxoaren 3a hirugarren aldarrikapen-eguna izan zen, eta jende gehien bildu zen eguna: biztanleria aktiboaren %80k egin zuen bat protestarekin; haiekin batera, ikasleak, irakasleak, etxekoandreak… Gasteiz osoa atera zen kalera.
Gasteizen egun hartan ehunka polizia zeuden. Lehenengo bala-zaurituak Gasteiz Hiribidean izan ziren, goizean, poliziak Mevosako eta Areitioko langileen aurka tiro egin zuenean.
Langileen Ordezkarien Koordinadorak asanblada deitu zuen arratsaldeko 17:00etarako, Zaramagako San Frantzisko parrokian, bertan egiten baitzituzten batzarrak, modu publikoan eta bertako apaizak lekua utzita. Elizarekin adostutako konkordatua (ituna) zela eta, indar polizialek debekatua zuten elizetan sartzea, dagokion eliz aginteak hala eskatu ezean.
Polizia bertaratu, eta eliza bete zedin utzi zuten; kanpoaldea ere jendez josita zegoen. Behin eliza beteta, hura inguratu eta husteari ekin zioten poliziek, kosta ahala kosta; horretarako, gas negar-eragileak jaurti zituzten eliza barrura. Bertan zegoen jendetza ahal bezala saiatu zen handik ateratzen: batzuk leihoetatik, beste batzuk ateetatik. Ateratakoan, ordea, zain zuten polizia. Eliza inguruan bildu zirenenen artean, asko poliziaren arreta erakartzen saiatu ziren, jendea elizatik atera ahal izateko; baina poliziak metrailetak hartu zituen eta jendea tirokatzen hasi zen.
Eraso hartan, gehienez 15 minutu iraun zuen arren, 5 hildako eta 60 zauritu larri izan ziren, horietatik 43 bala-zauriekin. Pedro María Martínez-Ocio (27 urteko langilea) eta Francisco Aznar Clemente (17 urteko ikasle eta langilea) martxoaren 3an bertan hil ziren. Romualdo Barroso Chaparro (19 urteko langilea) martxoaren 4an eta José Castillo (32 urteko langilea) martxoaren 7an hil ziren; Bienvenido Pereda (30 urteko langilea), berriz, apirilaren 5ean.
MARTXOAK 4
Martxoaren 4rako poliziek agindu berberak zituzten: herritarrak elkar zitezen galaraztea eta edozein dolu-adierazpen indarrez zapaltzea. Hori dela eta, beste hainbat zauritu izan ziren.
Bitartean, Arabako Gobernu Zibilak adierazpen hauek egin zituen: “Ordena Publikorako Indarrek eskura zituzten disuasio-neurri guztiak erabili zituzten manifestariak mendean hartu eta sakabanatzeko: ke-poteak, gas negar-eragileak eta gomazko balak. erabiliz horretarako. Zenbaitetan, ekintza errepresibo hori ez zen nahikoa izan, autoritate-agenteen aurkako erasoak oso bortitzak baitziren; ondorioz, airera tiro egin behar izan zuten. Talde gatazkatsuek aurka egiten jarraitu eta poliziak behin baino gehiagotan inguratu zituztenez, poliziek tiro eginez defendatu behar izan zuten bere burua (…)”
MARTXOAK 5
Dolu-eguna izan zen. Hildako hiru langileak agurtzeko, hiletak egin ziren Gasteizko Katedral Berrian, elkartasuna adieraztera bertara bildu ziren milaka hiritarren aurrean.
MARTXOAK 6
Gasteizko gertaerak salatzeko Tarragonan egin zen langileen protesta batean, Juan Gabriel Rodrigo 19 urteko gaztea hil egin zen. Lekuko bakarrak segika zituen poliziak izan ziren, eta, haien arabera, eraikin bateko teilatu batetik erori zen.
Egun berean, Manuel Fragak (Gobernazio Ministroa) eta Rodolfo Martin Villak (Harreman Sindikaletarako Ministroa) martxoaren 3an larri zauritutako bi langile bisitatu zituzten ospitalean; horietako bat, Jose Castillo, biharamunean hil zen.
MARTXOAK 8
Gasteizko langileriari elkartasuna adierazteko, greba orokorra egin zen Euskal Herrian. Basaurin, poliziaren indarkeriak ondorio latzak utzi zituen: Vicente Antón Ferrero 18 urteko langilea hil egin zen, buruan tiro bat zuela, eta zauritu asko izan ziren.
5. JARDUERA
Testuingurua gelan landu ostean, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa GIZA ESKUBIDEEN urraketarekin erlazionatu.