Gaiaren azalpena
Norbere burua zaintzea funtsezkoa da, baina baita besteena zaintzea ere, elkarbizitza eta herritartasun arduratsua nahi badugu. Bizitza pribatuaren esparruan hori hala dela frogatuta dago; izan ere, alferrik da norberaren bizitzaren esparru pribatuarekiko jarrera aktiboa izatea eta erantzukizunez jokatzea, inguruko pertsonen arduragabekeriak bertan behera bota badezake.
Denon ardura da lehendabizi besteak errespetatzea, eta, ondoren, beste horien pribatutasuna babestea. Komunikazio digitalari eta sare sozialei esker, erraza da inguruko pertsonek norbere esparru pribatuko gauzak jakitea edo informazioa orokorra eskuratzea. Informazio horiek esparru pribatutik ateratzen badira eta esparru publikora jauzi egiten badute, nahi ez diren ondorioak etor daitezke.
Datu pertsonal bat edo argazki bat edukitzeagatik, ez dugu eskubiderik datua edo argazkia erabiltzeko, eta are gutxiago beste baten bati helarazteko. Norberak erabaki dezake, eta ez beste inork, norbere datuak nola tratatu.
Helarazi beharreko funtsezko ideiak
Oso ohikoa da argazkiak partekatzea linean sare sozialetan, eta gehienetan bertan agertzen diren pertsonen baimenik gabe egiten da. Jokaera horrek, alde batera utzita lege gorabeherak, beste pertsona batzuen pribatutasuna galtzea eragin dezake.