Gaiaren azalpena
Batzuetan datu pertsonalen bilketak gehiegizkoak izaten dira: zenbaitetan zerbitzu bat emateko nahitaezko baldintza izaten da datuak ematea, eta datu horien premia ez da garbi egoten; beste askotan datuak eskatzen dituztenean ez dute esaten nahitaezkoak direnik, baina zeharka eta asmo ezkutuekin eskatzen dituzte.
Kasurik larrienak izan ohi dira bereizi gabeko datu-bilketak egiten dituztenak, profilak sortzeko, eta gero profil horiek marketin elektronikoan espezializatutako enpresei saltzeko. Askotan enpresa horiek ez dute zerbitzurik eskaintzen trukean, eta iruzur egiteko amuak baino ez dira.
Horretaz gain, ohikoa izaten da datu pertsonalen tratamenduei buruzko betekizunak ez betetzea. Ez-betetzeak datuak biltzen direnean eta geroko erabileretan egiten dira. Adibidez, ez dute azaltzen zertarako biltzen dituzten datuak.
Adin gabekoen kasuan azpimarratu egin behar da ez dutela datu pertsonalik eman behar, ezinbestekoa ez bada. Edozelan ere, aitaren, amaren edo tutorearen baimena eskatu behar dute nahitaez.
Helarazi beharreko funtsezko ideiak
Sarritan enpresek datu pertsonalak biltzen dituzte profilak egiteko, kontsumitzaileen merkatu-esparruak egiteko, eta batzuetan, zuzeneko salmenta bidez etekin ekonomikoa izateko asmoarekin ere bai.
Atzerriko lineako zerbitzuak ez daudenez gure administrazioen kontrolpean, gerta daiteke gehiegikeriak egotea esparru honetan, eta guk ezin ezer egin. Beraz, erabiltzaileok jarrera aktiboa izan behar dugu eta erne egon, eta gutxieneko betekizun etikoak betetzen ez dituztenei kasurik ez egin edo baztertu.