Egia esan, Creative Commons ez da lizentzia "bat". Atributu edo ezaugarri desberdinak konbinatuz, lor daitezkeen lizentzia "multzo bat" da modu egokiago batean esanda. Aintzat hartzen diren lau atributuak hauexek dira (Iturria: Euskal Wikipedia)
Aitortu: edukien iturriak aipatzera derrigortzen du. (Laburdura: by)
EzKomertziala: edukiekin irabazi ekonomikorik ez lortzea derrigortzen du. (Laburdura: nc)
LanEratorririkGabe: edukiak elkarbanatzen uzten du baina inongo aldaketarik egin gabe. (Laburdura: nd)
PartekatuBerdin: lan eratorrien lizentzia jatorrizkoarenaren berdina izatea derrigortzen du. (Laburdura: sa)
Horrela, lau atributu hauek modu desberdinean konbinatuz sei Creative Commons lizentzia desberdin defini daitezke.
Aitortu cc by
Lizentzia honek baimena ematen du lan bat kopiatu, banatu eta jendaurrean hedatzeko baita honen lan eratorriak (helburu komertzialekin edo gabe) egiteko ere. Eskubide hauek eskuratzeko derrigorrezkoa da lanaren kredituak aitortzea, egileak edo baimendunak zehaztutako eran. Hauxe da murrizketa gutxien zehazten dituen CC lizentzia.
Aitortu - Partekatu berdin cc by-sa
Beste honi esker aurrekoaren eskubide berdinak eskuratzen dira baina baldintza estuagoak zehazten ditu: lanaren kredituak aitortzeaz gain, obra hau itxuraldatu edo bestelakotzen bada lan eratorri bat sortzeko, emaitza hori banatzerik izango da soilik baimen berberaz, antzeko baimen batez, edo harekin bateragarria den baimen batez. Lizentzia hau askotan kode irekiko softwarearen lizentziekin parekatzen da. Lan baten eratorritako guztiek jatorrizkoaren lizentziaren berbera izango dute, beraz, erabilera komertziala ere baimentzen da.
Aitortu - Lan Eratorririk Gabe cc by-nd
Lizentzia honen bitartez distribuzioa edo banaketa baimentzen da (kopiatu, banatu eta jendaurrean aurkeztu, irabazi-asmorekin nahiz gabe) baina ez da onartzen jatorrizko lana eraldatzea ezta lan eratorririk sortzea ere. Gainera lanaren aitortza egitea derrigorrezkoa da. Dena den, eratorritako lanen lizentziak desberdinak izan daitezke, horietan onura ekonomikoa ez dagoen bitartean.
Aitortu - Ez Komertziala cc by-nc
Kasu honetan lehenengoaren (cc by) eskubide eta betebehar berdinak zehazten dira baina murriztapen gehigarri bat eransten da: ezin da lan hau merkataritza xedetarako erabili.
Aitortu - Ez Komertziala - Partekatu Berdin cc by-nc-sa
Lizentzia honek lana partekatu eta jendaurrean hedatzeko eskubidea ematen du baita lan eratorriak sortzeko ere. Horretarako derrigorrezkoa da lanaren kredituak aitortzea. Gainera ezin da lan hau (ezta bere eratorriak ere) merkataritza xedeetarako erabili. Azkenik, lan hau aldatzen bada, edo lan eratorri bat sortzen bada, sortutako lana baimen honen berdin-berdina den beste batekin soilik banatu ahal izango da.
Aitortu - Ez Komertziala - Lan Eratorririk Gabecc by-nc-ndHauxe da murrizketa gehien zehazten dituen lizentzia mota. Lanaren distribuzioa onartzen da baina kredituak aitortzeaz gain ez da onartzen aldaketarik edo lan eratorririk jatorrizko lanaren gainean eta gainera, ezin da lan hau merkataritza xedeetarako erabili. Lizentzia hau Copyrightetik gertuen dagoena da eta askotan "dohaineko publizitatea" egiteko zehazten dela kontsideratzen da, izan ere, egileri aitortza eginez soilik bana daiteke lan hori.
Lizentzia hauei esker Copyright eta Copyleftaren artean egon zitezkeen kasu bereziak lotuta geratzen dira. Azpian daukazue primeran azalduta:
Wikipedian aurkitutako irudi honek oso txukun azaltzen ditu lizentzia mota ezberdinak euren murriztapen mailen arabera antolatuta.
Bide honek (azpitituluak euskaraz ditu) lizentzien beharraz eta hauen arteko harremanaz azalpen garbiak adierazten ditu.
Jabetza intelektuala, kanonak, egilea eskubideak, lizentziak, patenteak... gai korapilatsua dudarik gabe. Horren adibide garbia da, adibidez, azken egun hauetan gobernu espainolak bultzatu duen lege berri batek sortu duen iskanbila sarean. Badira Creative Commons lizentziek jabetza intelektualaren inguruan dagoen arazoa konpontzen ez dutela diotenak. Interesgarria, adibidez, David De Ugartek egiten duen analisia:
"Si no existe posibilidad de exclusión, si algo no puedo evitar que sea utilizado por otros, no existe propiedad."
Beraz, ezagutzaren gainean jabetzak zehazteak zentzurik ez daukala dio Davidek. Ez da bakarra Creative Commons lizentziak begi onez ikusten ez dituena. Badira iritzi gehiago lizentzia mota hauen aurka, Richard Stallman berarena barne.
Belaunaldi asko egin ditugu ezagutza objektu bat balitz bezala kontsideratzen, propietate partikular bat izango balitz bezala kontsideratzen, partekatzeko izpirituari langak ipintzen, bat-batean ohitura guzti horiek aldatzeko. Horregatik, copyright-copyleft dikotomiaren barruan malgutasun puntu bat ipintzea zerbait positiboa izan daiteke. Horixe izan daiteke lizentzia hauen ekarpenik interesgarriena.
Betidanik kontsideratu izan dira eskola eta unibertsitatea ezagutzaren tenpluak eta harrigarria bada ere, askotan normala kontsideratu izan da ezagutza hori giltzapean gordeta, ezagutzaren partekatzeari murrizten handiak ipintzen dituzten lizentziei lotuta. Creative Commons lizentzia hauei esker hainbat eskola erakundeen ateak irekitzen hasi dira, hezkuntza baliabide irekien sorkuntza poliki-poliki zabaltzen joan delarik. Hezkuntza irekiaren mugimendua indartzen doa pixkanaka eta zabalkunde horretan Creative Commons lizentziek leku garrantzitsu bat izan dute. Ziurrenik ezagutzaren partekatze prozesuan beste lizentzia mota batzuk egokiagoak izango dira baina gizarte mailan partekatzearen kultura zabaltzen doan bitartean, mentalitatea aldatzen doan bitartean garrantzitsua da eskola komunitateko kideontzat Creatice Commons lizentziak erabiltzeko aukera izatea.
Ikasle nahiz irakasleok gure lanak partekatu nahi ditugunean Creative Commons lizentziekin, komenigarria izan daiteke Tiscar Lara irakasleak ekoiztutako aurkezpen honetan (bere blogan idatzitako artikulu baten laburpena da) ematen dituen jarraibideak kontutan hartzea edota Rolando Coto irakasleak prestatutako arrazoiak aintzat hartzea.
Tiscar Lara: http://tiscar.com/publicar-un-blog-de-forma-libre-y-responsable/
Creative Commons: http://es.creativecommons.org/license/
Software askea Jakintza Ikastolan: http://softwareaskea.jakintza.net/hasiera
Creative Commons bideoa: http://www.acam.es/imagenes/secreativo.swf