Internet bidezko interakzioak abantailak ditu irakaskuntzan

Argitalpenaren data: Apr 4, 2011 2:07:56 PM

Internetek haur eta gazteen artean sor ditzakeen arazoak aztertu dituzte EHUko uda ikastaroetan. Hori bai, enpresa bat sustatzeko edo informazioa bilatzeko oso baliagarria ere izan daiteke Internet. Mondragon Unibertsitateko irakasle Montse Ereño eta Miguel Fernandezek sarean dauden tresnen eta sare sozialen arriskuak zein abantailak azaldu dituzte.

Nagore BELASTEGI | GARA

Internetek arriskuak ditu gazte eta haurrentzat, baina aukerak ere eskaintzen ditu, batez ere irakaskuntzan. Hori nabarmendu nahi izan zuen Miguel Fernandez Mondragon Unibertsitateko irakasleak atzo EHUko udako ikastaroetan.

Interneten erabiltzaileen informazio asko dago. Informazio asko erabiltzaileek beraiek sartutakoa da, baina beste asko gainontzeko erabiltzaileek sartzen dute, batzuek intentzio txarrarekin. Horregatik kontu handiz ibili behar da nabigatzerakoan. Montse Ereño Mondragon Unibertsitateko irakasleak azaldu zuenez, haurrek dena kontatzen dute Interneten eta informazio hori sarean gelditzen da betiko.

Hala ere, web 2.0ak eskaintzen dituen tresnak erabiltzen ikasiz gero, oso baliagarriak izan daitezke. Fernandezek nabarmendu zuenez, lankidetza ahalbidetzen duelako eskaintzen ditu aukera handiak Internetek. Irakasleak esan zuenez, pertsona batek lan bikaina egin dezake bakarrik, baina pertsona talde bat gai berdinari buruz lanean aritzen bada, ideia gehiago bilduko dira eta aukera askoz ere gehiago sortuko dira.

Bere aburuz, batzuetan ekimenek norberaren kontra egin dezakete. Interneten gertatzen dena ezin da kontrolatu, baina eztabaidetan parte hartzeko aukera hor dago, baita web 2.0ak eskaintzen dituen aukerak baliatzekoa ere. Dell enpresaren adibidea jarri zuen. Kazetari estatubatuar batek ordenagailu markaren kontrako iritzi artikulu bat idatzi zuen bere blogean 2005ean. Oihartzun handia izan zuen Interneten eta Dellen salmentak asko jaitsi ziren. Honek sareak zuen garrantzia ulertu zuen; sare sozialetan bere eskaintzen berri emanez, berriro salmentak igotzea lortu du.

Internetek erabiltzaileei zer gustatzen zaien jakiteko balio du, eta enpresa batek hori aprobetxa dezake. Izan ere, jende gehienak konfiantza osoa du beste erabiltzaileek emandako iritzietan; markek publizitatean esaten dutena sinesten dutenak, aldiz, %18 besterik ez dira.

Irakaskuntzan ere erraztasunak ematen ditu, ikasleekin zuzeneko harremana mantentzea ahalbidetzen baitu. Informazio asko eskura daiteke sarean eta interakzioa dagoenez, informazioa zuzenean osa daiteke. Hala ere, gazteek Internet aisialdirako erabiltzen dute gehienbat, ez informazioa bilatzeko. Posta elektronikoa zaharkitua dagoela uste dute gazteek; hala, sare sozialen bidez komunikatzen dira. Blogak aspergarriak direla ere uste dute.

Arriskuak

Montse Ereñok azaldu zuenez, umeek eta gazteek ez dakite zein punturainoko garrantzia izan dezaketen Interneten jarritako datuek. Aldiz, arrisku ugari daude. Ciberbullying-a, sexting-a eta grooming-a dira haurren pribatutasuna urra dezaketen arazo larrienak. Ciberbullying-ak tratu txar birtuala inplikatzen du, mezuen bidez gezurrak edo irainak plazaratuz. Sexting-a (sex + texting) gaztetxoek beraien edo beste batzuen irudi edo testu erotikoak bidaltzen dituztenean ematen da. Ez dira konturatzen horiek edonoren eskura irits daitezkeela.

Grooming-a helduek haurrei Internet bidez egindako xantaia da. Helduak Internet bidez jartzen dira harremanetan haur eta gazteekin beraien konfiantza bereganatu eta datu pertsonalak lortzeko. Ondoren, xantaia egiten diete harreman sexualak izateko edo material pedofiloak eskuratzeko.

Ereñok sareko jokoak eta Internetekiko menpekotasuna ere izan zituen hizpide. Interneten rol joko asko daude, bizitza paralelo bat bizitzeko aukera ematen dutenak. Dirua jokatzeko aukera ere badago, adibidez kasino birtualetan; horrelako jokoetara zaletuz gero arazo ekonomiko larriak izan daitezkeela azaldu zuen. Internetek droga baten pareko adikzioa sor dezakeela ere azaldu zuen, batik bat sozializatzeko arazoak dituzten gazteen artean. Internetekiko menpekotasuna duten gehienek 12 eta 15 urte artekoak dira.