Behin prozesu osoa amaitu ostean, honen inguruko hausnarketa bat egitea erabaki dugu. Alde batetik, prozesuan izandako zailtasunen inguruan hitz egiteko eta horiek aurrera eramatea nola lortu dugun jakitera iristeko. Bestetik, alde negatiboak eta zailtasunak kontuan izanda prozesuan izandako alde positiboak azpimarratzeko eta prozesuan zehar ikasitakoa plasmatzeko. Azkenik, hobetzeko alderdiak aipatzeko.
Hasteko, izandako zailtasunei erreferentzia eginez, hasieran, Van Gogh-en “Los Girasoles” koadroa gai bezala hautatzea erabaki genuen. Ideia horrekin jarraitu dugu prozesu osoan zehar, baina aldaketa batzuk egin ditugu bidean. Izan ere, irakasleen iritziak jarraituz Van Gogh-en bizitzarekin lotzea erabaki genuen. Gure lehenengo ideia “Los Girasoles” emozioekin lotzea zen eta Van Gogh-en bizitzaren ideia berri honekin lotura ikusi genuen, bere bizitzaren gorabeheren ondorioz.Hala ere, ideia honekin jarraitu genuen eta nahiko garbi izan dugu momentu guztietan zer egin nahi genuen eta horri esker nahiko ondo moldatu gara gure ideia aurrera eramateko.
Jarraituz, marko teorikoaren eta gidoiaren lehenengo zuzenketari dagokionez, nahiko gogorra izan zen komentario asko izan genituelako eta hasieran ez genekielako oso ondo nola burutu.Irakasleekin hitz egin ondoren argiago ikusi genuen, haiek azaldu zigutelako nola jarri behar genituen harremanetan irakasgai/ideia/ezagutza guztiak. Hala ere, gure ustez lan handia eta denbora asko eskatzen du. Horrez gain, oso zaila iruditu zaigu marko teorikoan bereziki harremanetan jartzea ezagutza guztiak, testuak kohesio eta koherentzia hartzeko.
Bestalde, antzerkia prestatzerako orduan hainbat zailtasun aurkitu genituen. Arazo horiek atrezzoarekin izan ziren. Izan ere, gure antzerkian argi beltza erabili nahi genuen eta eguzki-loreak egiteko tutuak erabili nahi genituen. Horretarako, kolore fluoreszente ezberdinetako tutuak behar genituen eta hemen zailtasunak izan genituen kolore batzuk ez zirelako ikusten argi beltzarekin. Teknika ezberdinak erabili ostean (arropa margotzeko margoa, spray-ak, eta abar) konturatu ginen kolore horiek ez zirela argi beltzarekin ondo ikusten eta ondorioz, arropa guztiak margotzea erabaki genuen. Modu horretan horiek argi beltzekin hobeto ikustea lortu genuen.
Egia esanda,arropa koloreztatzeko momentu horretan arazo handia eduki genuen, hasieran pentsatzen genuelako koloreak primeran ikusiko zirela eta hori ez zelako horrela izan. Kolore arrosa eta laranja, adibidez, kolore berdin batean bilakatzen ziren argi horretan. Hala ere, arazoari aurre egitea lortu genionez, esan daiteke argi beltzen inguruan asko ikasi dugula.
Arropa margotzerako orduan ere beste zailtasun bat izan genuen. Emozio bakoitzak kolore bat zuen eta kolore horrekin arropa bakoitza margotu behar genuen emozio hori adierazteko asmoarekin. Maitasunarekin, adibidez, guretzat “abstraktua” den zerbait izanda, ez genekien ondo nola plasmatu ikusleak ondo ulertu zezan. Baina azkenean ideia hori hartu eta aurrera eramatea lortu genuen.
Horrez gain, puxikak margotu behar genituen argi beltzarekin ikusteko eta batzuk margotzerakoan apurtu egin ziren. Momentu horretan, ez genekien apurketa horren zergatia baina beste batzuk margotu eta gero konturatu ginen puxikak apurtu zirela margo gehiegi eman genielako. Ondorioz, arazo hauek suertatu arren, konponbideak bilatu genituen eta aurrera jarraitzea lortu genuen. Hala ere, esan beharra daukagu argi beltzekin puxikak hobeto ikustea nahi genuela baina margo gehiegi ematean apurtu egiten zirenez, ez genuen izan beste aukerarik.
Entseguei erreferentzia eginez, denbora asko galtzen zen material guztia prestatzen baina nahiko ondo antolatu ginela uste dugu. Hasieran, ez genekienez fokuak, proiektorea eta abar nola funtzionatzen zuten, irakaslearen laguntza eskatzen genuen uneoro eta horrek gure entseguaren denbora murriztea suposatzen zuen. Gainera, nahiz eta gidoia idatzita egon, antzerkia aurrera joan ahala, konturatzen ginen (emozioen mugimenduetan adibidez) beste modu batean gauzatu ahal genituela mugimenduak hobeto ulertzeko eta horren ondorioz, gidoiaren hainbat zati aldatu behar izan ditugula esan dezakegu. Hori ere zailtasun bat izan da guretzat, denbora asko egon baikara gidoia prestatzen eta hori hainbat alditan aldatu behar izan dugulako. Hobetzeko alderdietan, gidoia antzeztu eta gero egitea proposatuko genuke, adibidez.
Izandako zailtasunekin jarraituz, antzerkian erabilitako musikarekin ere zailtasun handiak izan ditugu. Emozio bakoitzari, adibidez, musika bat esleitu behar genion ondo ulertzeko zezaten (ikusleek) eta askotan ez genuen emozio hori adierazten duen musika bat aurkitzen. Gainera, agerraldi askotan ez zegoen musikarik eta irakasleen ideiei esker agerraldi horietarako musika desberdinak aurkitu eta erabili genituen. Modu horretan, agerraldi horiei indar gehiago ematea lortu genuen.
Ildo beretik, azkeneko ekitaldian seriotasuna alde batera utzi eta momentu horretara arte erabili genuen musika klasikoa musika modernoan bihurtu genuen. Ondorioz, azkeneko agerraldiari umore pixka bat eman genion bizitzan barre egitea garrantzitsua dela uste baitugu. Nabarmendu beharra dago, azken abesti horren erabileraz ez geundela oso ziur ez genekielako zer nolako mezua eman zezakeen publikoari Van Gogh dantzatzen agertzen baita.
Edukitako zailtasunak alde batera utziz, alderdi positiboei eta kurtsoan zehar ikasitakoari ekingo diogu. Hasteko, irakasleen laguntza oso baliagarria izan dela esan dezakegu bai entseguak egin aurretik (txosten hau eraikitzeko) baita entseguetan ere. Haien laguntza ezinbestekoa izan da atrezzoa eraikitzeko, eszena ezberdinetan musika esleitzeko, mugimenduen adierazpena nola egin behar genuen azaltzeko, emozio bakoitza nola adierazten jakiteko, eta abar. Horrez gain, esan beharra daukagu oso lagungarria izateaz gain, gure ezagutzak garatzeko ezinbestekoak izan direla irakasleek egindako komentario horiek.
Gainera, beste ikuspuntu bat eman diogu antzerkiari gure bizitzan ezarrita dauden estereotipo batzuk apurtu ditugulako (maitasuna arrosa…).
Horrez gain, lan honen bidez, dramatizazioak Haur Hezkuntzan zer garrantzi duen ikusi dugu eta nola gauza sinpleekin gauza erakargarriak egin daitezken. Gainera, hasieran ez genuen gure burua gai ikusten horrelako antzerki bat aurrera eramateko eta egun pentsamendu hori alde batera uztea lortu dugula eta gure burua antzerki bat berriro egiteko gai ikusten dugula esan dezakegu.
Halaber, minor honetan zehar asko ikasi dugu eta esperientzia polita izan dela uste dugu. Izan ere, lan honen bidez teknika eta baliabide ezberdinak ikasi ditugu eta gure etorkizunean baliagarriak izango direla uste dugu. Gainera, baliabide batzuk ez dira eskoletan ezagutzen eta lan honen ondorioz, gure etorkizunean gelara eramatea oso interesgarria izango dela uste dugu.
Gainera, emozioek gure lanean garrantzi handia daukate eta nola adierazi emozio bakoitza ikasi dugu. Argi daukagu Haur Hezkuntzan oso garrantzitsua dela emozioen adierazpena baina batzuetan hori nola adierazteko zailtasuna daukagu. Minor honen bidez, gorputzarekin emozioak adierazten ikasi dugu, zeina etorkizun hurbil batean irakasle gisa Haur Hezkuntzako gela batean erabili dezakegun.
Horrez gain, talde handietan lan egiten eta bakoitzaren pentsamenduak eta ideiak errespetatzen ikasi dugu. Horrez gain, taldekideen artean enpatia garatzen eta beti hobetzeko alderdietan zentratu gara; hau da, beti aurrera begiratu dugu azkenengo emaitza ona izateko asmoz.
Aurrekoan esandakoa kontuan hartuz, oso esperientzia polita izan dela uste dugu eta minorra aukeratzerako orduan aukeraketa onena egin genuela uste dugu. Alde batetik, irakasleekin izandako kontaktua aurreko 3 urteetan ez dugulako beste irakasle guztiekin izan eta bestetik, teknika eta ezagutza berri asko barneratzeko aukera izan dugulako eta irakasgai guztiak harremanetan ipintzea eta emaitza on bat izatea lortu dugula pentsatzen dugulako.
Ikasgai guztiei erreparatuz, egin beharreko Site-a daukagu. Site honen alde positiboak, kanpotik begira oso polita eta estetikoa geratu dela esan beharra dago, baina benetan hori guztia egiteko ezinezkoa egiten zaigu erabili ditugun ordu kopuruak zenbatzea. Orokorrean asko gustatu zaigu ikasgai guztiak aurkezteko modu hau, nahiz eta lan handia izan den eta prozesu guztian zehar hainbat aldaketa egin ditugun, oso teknika polita da lan estetiko eta deigarri bat martxan jartzeko. Alde negatiboak ikusita, lan zama handia izan da geneuzkan beste hainbat lanekin batera egiteko baina azkenean lortu dugu dena bertan txukun sartuta egotea. Irakasleek ere hau zuzentzen denbora asko eman behar izango dute eta hori ere kontuan hartzekoa da. Gure esfortzua haien esfortzua izanik. Gainera horrelako webgune bat egiten den lehen urtea da eta horrek ere ikasteko aukerak ematen digu, gu zein irakasleek ikasteko. Atal honekin bukatzeko, unibertsitateko bigarren urtean Wix-en bidezko webgune bat ere sortu genuen eta egia da aplikazio horrek gure ustez aukera gehiago ematen dituela estetikari dagokionez. Site orokorrean nahiko mugatuta dago eta askotan malabareak egin behar izan ditugu gauzak bertan txertatu ahal izateko.
Emaitzari begira, esan beharra daukagu oso pozik gaudela egindakoarekin. Nahiz eta antzerkian inprobisatu behar izan genuen momentu batzuetan, uste dugu aurrera jarraitu genuela eta emaitza ona izan zela. Beraz, oso pozik gaude egindakoarekin.
Azkenik, hobetzeko edo aldatzeko alderdiei erreparatuz, lehen aipatu bezala, gidoiaren “prozesuari” garrantzi handia emango diogu. Hasieran, gidoia idazterako orduan, ez genion honi garrantzi handirik eman eta ez genekienez nola burutzen zen horrelako bat gure ideiak plazaratu genituen, zeinak gure antzerkirako baliagarriak ez ziren. Horrekin esan nahi duguna da argiago ikusiko genukeela lehenik eta behin antzerkia eginda eta gero gidoia idatzita. Gidoia hainbat aldiz aldatu behar izan dugu entseguetan hainbat gauza aldatu ditugu eta.
Bestalde, entsegu gehiago izatea aproposa ikusten dugu. Izan ere, bertan ikusten da zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Gainera, hainbat eraldaketa egin behar dira eta denbora behar da aldaketa horiek egiteko eta gero aurrera eramateko.
Horrez gain, praktikaldia ikasturtearen erdian egonda, oso zaila suertatzen zaigu praktikalditik bueltan gure burua berriro minorrean guztiz sartzea.
Aurretik esandako guztia kontuan hartuta oso pozik gaude azkeneko emaitzarekin eta hau lortzeko egin dugun lan guztiarekin.